Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

 

Nire eskubideak

Nire eskubideak

Datu babesari buruzko araudiak hainbat eskubide baliatzea ahalbideratzen die herritarrei: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideak ziren. Baina, Europan Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra onartuz geroztik, beste eskubide berri bi hauek gehitu zakizkie: tratamendua mugatzeko eskubidea eta datuak transferitzeko eskubidea.

Eskubideak baliatzeko xedapen orokorrak.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 12. artikuluak(leiho berri batean irekitzen da) xedatzen duenaren arabera, eskubideok honako ezaugarriak dituzte:

  • Eskubide hauek eskubide pertsonalak dira, eta, beraz, interesdunek eurek baliatu behar dituzte zuzenean edo haien ordezkariek.
  • Tratamenduaren arduradunak nahitaez azaldu beharko du zein diren eskubideak baliatzeko bitartekoak, eta erraz eskuratzeko eta erabiltzeko modukoak izan beharko dira.
  • Informazioa idatziz emango da edo beste baliabide batzuen bidez, baliabide elektronikoak barne. Informazioa argi ikusteko moduan eta erraz ulertzeko eta irakurtzeko eran eman beharko da.
  • Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkezten dutenean, informazioa ere bitarteko elektronikoen bidez emango da, ahal dela, salbu eta interesdunak eskatzen badu beste moduren batez jasotzeko.
  • Eskabidea ebazteko epea hilabete batekoa izango da, jasotzen den egunetik hasita. Epe hori beste bi hilabetez luzatu ahal izango da, beharrezkoa bada eskabideen konplexutasunagatik eta kopuruagatik. Epea luzatuz gero, luzapenaren berri jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunak interesdunari, hilabeteko epean eskabidea jasotzen denetik, eta luzapenaren arrazoiak azalduko dizkio.
  • Eskubidea doakoa da.
  • Eskabideak argi eta garbi funsgabeak edo neurrigabeak direnean (adibidez, behin eta berriz egien direnean), tratamenduaren arduradunak honela jokatu ahal izango du:
    • Kanon bat kobratu ahal izango du, kostu administratiboak estaltzeko.
    • Eskabideari uko egitea.

Tratamenduaren arduradunak bere gain hartuko du eskabidea argi eta garbi funsgabea edo neurrigabea dela frogatzeko karga.

    • Tratamenduaren arduradunak arrazoizko zalantzak baditu eskabidea bideratzen duen pertsona fisikoaren identitateaz, interesdunaren identitatea egiaztatzeko behar den informazio gehigarria eskatu ahalko du.
    • Arduradunak ez badio bide ematen eskabideari, horri buruzko arrazoien jakitun jarriko du, bai eta kontrol-agintaritza batean erreklamazioa aurkezteko aukera duela jakinaraziko ere.
    • Gerta daiteke tratamendu-eragileak izapidetzea eskabidea, baina tratamenduaren arduradunaren kontura, hala badago jasota bien arteko kontratuan edo egintza juridikoan.
    • Kasu guztietan, tratamenduaren arduradunak eskatzaileari jakinarazi beharko dio eskubidea duela Datuak Babesteko Euskal Bulegoari edo dagokion kontrol agintaritzari babesa(leiho berri batean irekitzen da) eskatzeko.

 

Eskubideak baliatzeko EREDUAK eta erreklamazio ereduak


Atzipen eskubidea

  • Atzipen eskubidea egikarituz, tratamenduekiko interesdunak direnek jakin dezakete ea tratamendu-arduradunen bat ari den haien datu pertsonalak tratatzen, zein datu ari diren tratatzen, zertarako (helburua), datuen jatorria eta ea datuak hirugarren bati komunikatu zaizkion ala komunikatuko zaizkion.
  • Administrazio publikoen edo administrazio organoen kasuan ere ezar daiteke eskubide hau, eta ez du zer ikusirik informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin (Gardentasuna) edo interesdunek administrazio espedienteak atzitzeko eskubidearekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).
  • Informazio gehiago

Zuzentzeko eskubidea

  • Eskubide hau tratamenduaren arduradunaren aurrean egikaritu daiteke, eta esan nahi du datuen titularrak eska dezakeela bere datu pertsonalak aldatzeko, ez direlako zehatzak eta ez daudelako osorik. Zuzentzeko eskabidean zehatz adierazi beharko du zein datu nahi duen zuzentzea. Eskatzaileak eskatzen duena frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du eskabideari atxikita.
  • Informazio gehiago

Ezerezteko eskubidea

  • Ezerezteko eskubidearen xedea da datu pertsonalak ezabatzea —atzerapen bidegaberik gabe— honako kasuetan: datu bilketaren oinarrian zegoen helburua jadanik desagertu delako, kontserbazio-epea bukatu delako edo legezkoa ez den datu tratamendu bat dagoelako.
  • “Ahaztua izateko eskubidea” delakoa ezabatzeko eskubidearekin lotzen da. Azken finean, “ahaztua izateko eskubidea” da Interneteko bilatzaileei datuak ezabatzeko eta datuei aurka egiteko eskubideak ezartzea , informaziorik ez dadin zabaldu, informazioa zaharkituta badago edo garrantzirik edo interes publikorik ez duelako. Eskabidea onesten bada, informazioa ez da agertuko bilaketa motorretan, baina “editoreak” (jatorrizko iturria) ez badu neurririk hartzen, berdin-berdin agertuko da jatorrizko iturrian argitaratuta.
  • Informazio gehiago

Tratamendua mugatzeko eskubidea

  • Eskubide berri honen arabera interesdunak eskatu ahal izango dio tratamenduaren arduradunari datuak gordetzeko eta ez ezabatzeko, interesdunak datu horiek behar dituelako erreklamazioak formulatzeko edo aldezteko (ez-legezko tratamenduak egin dituztelako, datuak ez direlako zehatzak, tratamenduari aurka egiteko edo beste arrazoiren batengatik).
  • Informazio gehiago

Datuak transferitzeko eskubidea

  • Eskubide berri horrek esan nahi du praktikan interesdunek eska dezaketela berreskuratzea haien datu pertsonalak erabilera orokorra eta irakurketa mekanikoa duen formatu egituratu batean, baldin eta arduradun bat ari bada horiek modu automatizatuan erabiltzen, berak nahi duen beste arduradun bati transferitzeko.
  • Informazio gehiago

Aurka egiteko eskubidea

  • Bere egoera partikularra dela eta, interesdunak eskubidea izango du, edozein unetan, berari buruzko datu pertsonalen tratamenduaren aurka egiteko, tratamenduaren oinarrian “interes publikoa”, “botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea” edo arduradunaren edo hirugarren baten “interes legitimoa” daudenean.
  • Informazio gehiago

Erabaki automatizatu indibidualizatuak

  • Interesdunek eskubidea izango dute haien datu pertsonalen tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta beraiengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten objektu ez izateko, profilak egitea barne.
  • Informazio gehiago

Eskubide hauek eskubide pertsonalak dira, eta, beraz, interesdunek eurek baliatu behar dituzte zuzenean eta ezin zaie hirugarrenei eskualdatu; edo bestela, ordezkarien bidez.

Tratamendu-arduradunaren betebeharra da interesdunaren eskubideei erantzutea. Baina, tratamendu-eragileak ere izapidetu ahal izango ditu interesdunaren eskabideak, baldin eta hala badago jasota arduradunaren eta eragilearen arteko kontratuan.