Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Ohiko galderak (FAQ)

Zer da datu pertsonala?

Pertsona fisiko identifikatu edo identifikagarriei buruzko edozein informazio (zenbakizkoa, alfabetikoa, grafikoa, fotografikoa, akustikoa edo beste edozein motatakoa)

Zer da datu disoziatua?

Ukitua edo interesatua nor den jakiteko aukerarik eskaintzen ez duena.

Zer dira bereziki babestutako datuak?

Halako datuei datu sentsibleak ere esaten zaie, pertsonen esparru intimokoak direlako. DBLOren 7. artikuluan daude zerrendatuta:

-Pertsona fisikoen ideologia, sindikatu afiliazioa, erlijioa eta sinismenak agerian uzten dituzten datuak dira. Halako datuak tratatzeko, ukituaren adostasuna beharko da, berariazkoa eta idatzizkoa.

-Arrazari, osasunari eta bizitza sexualari buruzko datuak. Datu sentsibleak lege batek, interes orokorreko arrazoiak direla medio, agintzen badu baino ez dira bilduko, edo ukituak berariaz adierazten badu ados dagoela. Edozelan ere, osasun datuak tratatu ahal izango dira datu horiek tratatzea beharrezkoa denean prebentziorako edo medikuaren diagnostikorako, osasun-laguntza emateko edo tratamendu medikoentzat edo osasun-zerbitzuak kudeatzeko, baldin eta datu horiek tratatzen baditu lanbide-isiltasuna duen osasun-arloko profesional batek, edo lanbide-isiltasunaren pareko betebeharra duen beste pertsonaren batek.

-Zigor-arloko edo administrazio-arloko arau-hausteei buruzkoak.

Bereziki babestutako datuek araubide berezia dute DBLOn: noiz den zilegi datuak tratatzea eta zein neurri hartu behar diren halako datuen tratamenduen segurtasuna bermatzeko.

Zer da datu pertsonalen tratamendua?

Era guztietako eragiketa eta prozedura teknikoak dira, komunikazio, kontsulta, interkonexio eta transferentzietatik ateratako datuak biltzea, grabatzea, gordetzea, prestatzea, eraldatzea, blokeatzea, ezereztea eta lagatzea ahalbidetzen dutenak.

Datu pertsonalen tratamenduak interesdunaren adostasun garbia beharko du, legeak besterik xedatu ezean. Adostasunak askea, garbia, berariazko eta informatua izan behar du.

Halako datuak tratatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da datu horiek egokiak, garrantzitsuak eta neurrikoak izatea, datu bilketaren eremuarekiko eta datu bilketaren helburuarekiko.

Zer da datu fitxategia?

Datu pertsonalen multzo antolatu oro, datu horietara irizpide jakin batzuekin iristeko bidea eskaintzen duena, edozein dela ere datu multzo hori sortzeko, biltegiratzeko, antolatzeko edo horretara iristeko modua.

Nor da fitxategiaren arduraduna?

Pertsona fisiko edo juridiko bat da, izaera publiko zein pribatukoa, edo administrazioko organoa, bere kabuz edo besteren batekin batera tratamenduaren helburu, eduki eta erabilerari buruz erabakiko duena, nahiz eta materialki egin beharrekoa berak egin ez.

Nor da tratamendu-eragilea?

Pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatua da, edo administrazio-organo bat, bakarka edo beste batzuekin batera datu pertsonalak erabiltzen dituena, tratamenduaren arduradunaren edo fitxategiaren arduradunaren kontura, lotura juridiko bat dagoelako tartean; eta lotura horrek zerbitzua eskaintzeko jardute-eremua zein izango den mugatzen du.

Zer dira segurtasun neurriak?

Fitxategiaren arduraduna eta, hala badagokio, tratamendu-eragilea behartuta daudela datu pertsonalak babestuta daudela ziurtatzera eta datu horiek ez direla aldatuko eta galduko, eta baimendu gabeko tratamendurik edo atzipenik ez dela egingo bermatzen dituzten neurri teknikoak eta antolaketakoak hartzera, teknologiaren egoera, bildutako datuen ezaugarriak eta datu horiek dauzkaten arriskuak kontuan hartuta, eta berdin diola arriskuak gizakiaren jardueretatik edo ingurune fisiko eta naturaletik etorri.

Datu babesari buruzko araudiak nor babesten du?

DBLOren ezarpen eremuak bakar-bakarrik datu pertsonalen tratamenduak harrapatzen ditu, hau da, pertsona fisiko identifikatuen edo identifikagarrien gaineko informazioa. Beraz, pertsona fisikoak baino ez dira datu pertsonalak babesteko eskubidearen titularrak.

Hildako pertsonen datuak ez daude datu babesari buruzko araudiaren babespean.

Datu babesari buruzko araudia erabil daiteke pertsona juridikoei buruzko datu tratamenduetan?

Araudiak ez ditu babesten pertsona juridikoak, ez eta pertsona juridiko horientzat lan egiten duten pertsona fisikoen datuak jasotzen dituzten fitxategiak ere; hau da, pertsona fisiko horien izen abizenak, betetzen duten lanpostua, posta helbidea edo posta elektronikoa, eta laneko telefono-zenbakia eta faxa badira.

DBLOk banakako enpresarioak ere babesten ditu?

Banakako enpresarioei buruzko datuak DBLOren ezarpen eremutik kanpo daude, baldin eta horiei egiten zaien erreferentzia merkatari, industria arloko enpresari edo itsas merkatari izateagatik bada; hau da, banakako enpresarien datuak ez daude bere ezarpen eremuan, datuak enpresa esparrukoak badira.

INFORMAZIO ESKUBIDEA

Herritarrak, bere datuak eman aurretik, berariaz, zehatz eta argi jaso beharko du honako informazioa:

- Datu pertsonalen fitxategi edo tratamendu bat dagoela, datuak zertarako bilduko diren eta informazioaren hartzaileak.

- Egiten zaizkion galderak derrigorrez ala borondatez erantzutekoak diren.

- Datuak ematearen edo ukatzearen ondorioak.

- Datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideak erabiltzeko aukera duela.

- Tratamenduaren arduradunaren edo, hala badagokio, bere ordezkariaren identitatea eta helbidea.

ATZIPEN ESKUBIDEA

Datuen titularrek fitxategien titularrengana jo dezakete, jakin badakite edo uste badute beraien datuak dituztela, eta galde diezaiekete zein datu dituzten eta nola lortu dituzten. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ez du herritarren daturik.

Atzipen eskubideari buruzko informazio gehiago eta eskabide ereduak

ZUZENTZEKO ESKUBIDEA

Datuen titularrak fitxategiaren arduradunarengana jo dezake, eta berari buruz dituen datuak zuzentzeko edo osatzeko eskatu. Horretarako, zuzendu edo eguneratu nahi duen datua egiaztatzeko dokumentazioa ere aurkeztu beharko du.

Zuzentzeko eskubideari buruzko informazio gehiago eta eskabide ereduak

EZEREZTEKO ESKUBIDEA

Datuen titularrak fitxategiaren arduradunarengana jo dezake eta eskatu bere datu pertsonalak ezerezteko, datuak ez badira egokiak edo gehiegizkoak badira jaso zirenean zegoen helburua kontuan hartuta, edo adostasuna bertan behera uzteko ere bai, adostasuna adierazi behar izan bazen.

Datuak ezerezteak ez du esan nahi datuak modu automatikoan ezabatuko direnik. Eta zenbaitetan, gerta daiteke tratatzen diren datuak blokeatu beharra.

Ezerezteko eskubideari buruzko informazio gehiago eta eskabide ereduak

DATUEI AURKA EGITEKO ESKUBIDEA

Tartean denak edo ukituak bere datu pertsonalak tratatu ez daitezen duen eskubidea da, edo tratatzeari uzteko eskatzeko eskubidea, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutako kasuetan.

Aurka eskubideari buruzko informazio gehiago eta eskabide ereduak

AHAZTUA IZATEKO ESKUBIDEA

Herritar orok du eskubidea desagertu dadin berari buruzko informazioa eta bere izenari atxikita agertzen dena Internet bidez egindako bilaketa baten ondorioz lortutako emaitzen zerrendan.

Eskubide hau kasuz kasu aztertu behar da, eta informaziorako sarbide zuzena ezerezteko, kontuan hartu behar dira datuen izaera eta sentsibilitatea, eta informazioa atzitzeko dagoen interes publikoa. Ukituak bizitza publikoan duen garrantziaren araberakoa izan ohi da informazioarekiko interesa.

Bilatzaile batean nire izena idatzi dut eta niri buruzko informazioa agertu da. Zer egin dezaket desager dadin?

Idatziz eska diezaiekezu zuzenean bilatzaileei informazioa ezerezteko. Bilatzaileek 10 egun naturaleko epea dute ezerezte eskabidea onartzeko ala ukatzeko, idatziz. Hala egin ezean, kontrol agintaritzaren babesa eska dezakezu, hau da, Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren babesa, tartean erakunde pribatuak daudelako.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak web orri bat dauka eta bertan duzu kontsultak egiteko aukera eta datuak ezerezteko eskubidea baliatzeko ereduak ere bai.

Edozelan ere, zure datu pertsonalak ageri diren web orrietara ere jo dezakezu eta eskatu datu pertsonalak ezerezteko. Gainera, web orri horiei ere eskatu ahal diezu haiek eskatzeko bilatzaileei informazioa desindexatzeko.

Euskal administrazio publikoen fitxategiak badira, ordea, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eska diezaiokezu babesteko.

DATUAK BABESTEKO ERREGISTROA KONTSULTATZEKO ESKUBIDEA

Administrazio edo entitate publikoek edo entitate pribatuek datuak babesteko erregistroetan deklaratutako fitxategiak kontsultatu ahal izateko eskubidea da honakoa, eta horri esker jakin dezakegu ea datu pertsonalen tratamendurik dagoen, tratamenduaren helburua eta tratamenduaren arduraduna.

Kontsulta Euskadiko Datuak Babesteko Erregistroan

Kontsulta AEPDren Datuak Babesteko Erregistroan (Gaztelaniaz)

Balorazioak aurkaratzea

Herritarrek balorazioak aurkaratzeko eskubidea izango dute, baldin eta balorazioen oinarrian nortasunaren zenbait ezaugarri ebaluatzeko asmoarekin egindako datu tratamendu bat badago.

Telefono zerrendetan ez egoteko eskubidea

Telefono gidetan (paperean nahiz euskarri elektronikoan) agertzen diren oinarrizko datu telefonikoak herritarren eskura dauden datu-iturriak dira, eta, beraz, interesdunak adostasunik adierazi ez badu ere, halako datuak biltzea zilegi da. Telefono zerbitzuetan abonatuta daudenen gidetan —paperean inprimatutako zerrendak edo bestelako euskarrietan daudenak (orrialde zuriak, CD-ROM, eta abar)— izenak, abizenak eta helbidea agertzen dira; eta norberak kontrakoa esan ezean, edonork ikusi eta erabili ditzake datu horiek.

Ez badugu nahi gure datuak edonork ikustea, herritarrok eskubidea dugu eskatzeko gure datu guztiak edo batzuk abonatuen telefono gidetatik kentzeko doan.

Telefono gidetatik datuak kentzeko eskabide eredua (Datuak Babesteko Espainiako Agentzia)

Nahi ez den publizitaterik ez jasotzeko eskubidea

Helbideak jaso, agiriak banatu, publizitatea egin, urrutiko salmenta, merkatu-prospekzioa eta antzeko beste jarduera batzuk egiten dituzten enpresek izenak eta helbideak edo bestelako datu pertsonalak erabili ahal izango dituzte, baldin eta datuak jendearen eskurako iturrietatik hartu badituzte edo interesdunek eman badizkie datuak edo interesdunen adostasunarekin lortu badituzte. Datuak jendearen eskurako iturrietatik hartu badituzte, bidaltzen zaion komunikazio bakoitzean, derrigorra da adieraztea interesdunari datuak nondik datozen, tratamenduaren arduraduna nor den eta zein eskubide dituen.

Ez badugu nahi gure datuak horretarako zabaltzea, herritarrok eskubidea dugu doan eskatzeko gure datu guztiak edo batzuk tratamendu horietatik kanpo uzteko.

Informazio gehiago: Datuak Babesteko Espainiako Agentzia (Gaztelaniaz)

ESKA DEZAKET KALTE-ORDAINIK DBEB-N??

Datuak babesteko agintaritzek ez dute kalte-ordainik ematen. DBLOk aitortzen du kaltetuek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dutela, ondasunetan edo eskubideetan kalterik izanez gero; eta kalte-ordaina kaltea eragin duen administrazioari eskatu behar zaiola edo Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari. Baina, titulartasun publikoko fitxategia bada, kalte-ordaina jurisdikzio arruntari eskatu behar zaiola dio.

Datu babesaren arloko araudiak zehapen-araubidea ere aurreikusi du, eta tratamenduaren arduradunek edo eragileek egindako arau-hausteen araberakoa izango da. Zehapenak tipifikatuta daude eta isunak dira.

Zer da datuak lagatzea?

Datuak lagatzea edo komunikatzea zera da: interesduna ez den beste pertsona bati datuak erakustea. DBLOren 11. eta 21. artikuluetan dago jasota datu lagatzeei buruzko araubidea, eta araubideak dio titularraren adostasuna dela datuak laga ahal izateko arau orokorra, nahiz eta kasu batzuetan arau orokorrak ez duen balio.

Noiz dira zilegi administrazio publikoen arteko datu lagatzeak, interesdunaren adostasunik gabe?

Administrazio publikoek bata besteari laga edo jakinarazi ahalko dizkiote bakoitzak dituen datu pertsonalak, baldin eta legeren batek agintzen badu, eskumen bera burutzeko edo gai berekoak direlako lagatzen badizkiote elkarri, helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako tratamenduak burutzeko badira edo administrazio publiko batek eskuratu edo landu dituenean datu pertsonalak, beste bati emateko asmoz.

Ba al dago administrazio espedienteetan dauden datu pertsonalak ematerik korporazioko kideei?

Bai, datuak komunikatzea garrantzitsua bada korporazioko kideek behar bezala gauzatzeko fiskalizazio eta kontrol eginkizuna, eta legez esleituta dituzten gainontzekoak. Zinegotziei bakar-bakarrik komunikatu ahal izango zaizkie, esleituta dituzten helburu jakinetarako egokiak, beharrezkoak eta neurrikoak diren datu pertsonalak.

Bestela, artxiboetara eta erregistroetara sartzeko lege-erregimena ezarri beharko da.

Udaleko osoko bilkuretako aktak udal iragarki-ohol publikoan edo udal web orrian argitara daitezke?

Osoko bilkuretako aktak argitaratzea ondo ezkonduko da oinarrizko eskubidearekin, baldin eta bileren edukia laburtuta argitaratzen bada. Horrek esan nahi du komeni dela bertatik kentzea herritarrei informazio orokorra emateko premiazkoak ez diren datu pertsonalak, hau da, kendu egin behar direla helburu horretarako egokiak, garrantzitsuak eta neurrikoak ez diren datu pertsonal guztiak, eta aktetan ezin izango da agertu inolaz ere datu pertsonal sentsiblerik.

Osoko bilkurak grabatzerik badago?

Osoko bilkurak publikoak dira eta udalak edo bertan dagoen edonork graba ditzake.

Irudia datu pertsonala denez, irudiak tratatzeko DBLO betebehar da, eta, beraz, informatzeko bete beharra ere bai, informazio txartelak jarrita.

Udalean izapidetzen ari diren administrazio espedienteak ikusterik badago?

Halakoetan baliatzen dena ez da DBLOren atzipen eskubidea, eta tartean dagoena da DBLOren 3 i) artikuluko datu lagatze edo komunikazio eskabide bat, eta hori beste kontu bat da; izan ere, DBLOren 3i) artikuluaren definizioak dioenez, hori egitea datu pertsonalak lagatzea da: "interesduna ez den beste pertsona bati datuak erakustea. Halakoetan, interesdunen adostasunik gabe datu pertsonalak lagatzeko, lege baten gaikuntza beharko da.

ERROLDA

Zein kasutan da zilegi erroldako datuak lagatzea titularraren adostasunik gabe?

Erroldako datuak adostasunik gabe lagatzeko, batetik, lagatzailea eta lagapen hartzailea administrazio publikoak izan behar dira, eta, bestetik, eskabidearen arrazoia izan behar da berezko eskumen bat baliatzeko dela eta helbidearen datuak horretarako garrantzitsua izan behar du.

Udal batek laga ahal dizkio ikastetxe pribatu bati Biztanleen Udal Erroldako adingabeen datuak matrikulazio kanpainak egiteko udalerrian?

Ezin dira datu horiek laga, ez datorrelako bat datu babesaren araudiarekin. Baina, zilegi da ikastetxeei helbideak lagatzea, informazioa bidaltzeko, haurren eta gurasoen edo haurren zaintza esleituta duten pertsonen izen-abizenak eman gabe.

Nork adieraz dezake adingabeen datuak tratatzeko adostasuna ?

Hamalau urtetik gorakoen datuak tratatu ahal izango dira, adostasuna adierazten badute. Baina, zenbait kasutan ezin izango dute adostasunik adierazi, legeak agintzen duelako guraso-agintea dutenek edo tutoretza dutenek lagunduta adierazi behar dutela. Hamalau urtetik beherakoen kasuan, gurasoen edo tutoreen oniritzia behar izango da.

Eta osasun datuak badira?

16 urte adin egokitzat jotzen da ezgaituta ez dauden adingabeek adostasuna adierazteko osasun arloko edozein jardueratarako, jarduerok arrisku larririk ez badakarte behintzat, halakoetan gurasoak edo tutoreak informatu beharko direlako; edo legeren batek legezko ordezkariaren adostasuna behar dela xedatzen badu.

Gurasoek seme-alaba adingabearen historia klinikoa atzitzerik badute?

Adingabeak 16 urte baino gutxiago baditu, legezko ordezkariei dagokie historia klinikoa atzitzea. Adingabeak 16 urte baino gehiago baditu, ordea, bere adostasuna beharko da.

Legezko ordezkariei adingabeen historia klinikoa atzitzeko eskubidea baliatzen utzi behar bazaie ere, beti gailendu beharko da adingabearen interes nagusia.

Ikasle adingabeen kalifikazio akademikoak argitaratzerik badago?

Ikasleen notak datu pertsonalak dira. Beraz, halako datuak argitaratzeko ikasleen adostasuna beharko da, edo datuak argitaratzeko lege baten gaikuntza.

14 urte baino gutxiago badituzte, guraso-agintea edo tutoretza dutenek adierazi beharko dute adostasuna. 14 urte baino gehiago badituzte, ordea, adingabeek adierazi ahalko dute adostasuna.

Ikastetxe bateko web orrian eskolako jarduerei edo eskolaz kanpoko jarduerei buruzko argazkiak argitaratzerik badago?

Irudien bidez bertan agertzen diren pertsonak identifikatu badaitezke, orduan irudiak datu pertsonaltzat joko dira; eta, ondorioz, argazkiak ateratzea datu pertsonalen tratamendutzat joko da. Beraz, ikastetxeak aldez aurretik interesdunaren adostasuna eskatu beharko du eta interesdunari azaldu beharko dio zein eskubide dituen, zein den eta zein helbide duen arduradunak eta zertarako erabiliko dituzten datuak. 14 urte baino gutxiago badituzte, guraso-agintea edo tutoretza dutenek adierazi beharko dute adostasuna.

Edozelan ere, adingabeak direnez, argazkia zein motatakoa den ikertu beharko da: ea argazkia argitaratzea garrantzitsua den eta zertarako argitaratu behar den. Eta ez da gomendatzen haurra eskola edo jarduera jakin baten testuinguruan kokatzen duten irudiak argitaratzea.

Adingabeak babesteko eskumena duen administrazio batek bildu dezake hezkuntza edo osasun administrazioko informaziorik?

Badago lege gaikuntza nahikoa adingabeak babesteko eskumena duen administrazio batek hezkuntza edo osasun arloko alderdiei buruzko informazioa eskuratzeko, nahiz eta datuen titularrak adostasunik adierazi ez. Edozelan ere, datu lagatzeetan datuen kalitatearen printzipioa bete beharko da beti.

Hezkuntza Ikuskaritzak edo Hezkuntza Ordezkaritzak eskatuz gero, udalak nahitaez eman beharko dizkio derrigorrezko eskolatze aldian dagoen haur jakin bati buruzko egoera pertsonalari eta familia egoerari buruzko udal erregistroetako datuak, baldin eta ezinezkoa bada egiaztatzea dena delako adin txikikoa ikastetxe batean matrikulatuta dagoela?

Hezkuntza administrazioari, derrigorrezko eskolatzea kontrolatzeko, udal erroldako datuak lagatzea bat dator datu pertsonalak babesteari buruzko araudiarekin.

Ikus dezaket nire historia klinikoa?

Pertsona orok du bere historia klinikoko dokumentazioa eskuratzeko eskubidea eta bertan ageri diren datuen kopia bat eskatzeko ere bai.

Baina, pazienteak bere historia klinikoa atzitzeko duen eskubidea ezin izango du erabili, baldin eta historialean pazientearen interes terapeutikorako jasota dauden datuek hirugarren pertsonen konfidentzialtasunerako eskubideak kaltetzen badute, eta baldin eta profesionalek historialean parte hartzeko duten eskubidearen kalterako bada; izan ere, profesionalek atzipen eskubidearen aurka egin baitezakete haien ohar subjektiboen erreserba erabiliz.

Hildako pertsona baten historia klinikoa atzitzerik badago?

Pazientearen Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubideak eta Betebeharrak erregulatzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legearen 18.4 artikuluak baimena ematen du hildako pazientearekin ahaidetasun edo izatezko harremana duten pertsonei hildakoen historia klinikoak atzitzeko, hildakoak ez badu berariaz debekatu bere historia lagatzea. Horrez gain, legeak dio osasunean arriskuren bat izan dezakeela-eta, beste hirugarren batek ere historia klinikoa atzitu nahi badu, beharrezko datuak baino ezingo dituela atzitu.

Nire historia klinikoa nork ikusi duen jakiterik badut?

Historia klinikoa atzitzeko eskabidea bakoitzaren osasun zentroko pazientea atenditzeko zerbitzuan eska daiteke edo zuzenean Osakidetzan, legez ez dago historia ikusi dutenen izen eta abizenik emateko obligaziorik, baina, hala ere, esango behar digute nondik sartu diren, zein zerbitzutatik, zein egunetan eta zein ordutan. Beraz, horrela jakin dezakegu ea modu bidegabean sartu diren ala ez gure historian.

Ikusiz gero, norberaren historian sartu direla modu bidegabean, salaketa aurkez daiteke Agentzian, Agentziak iker dezan gertatutakoa.

Bideo zaintza kamerek Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren baimena behar dute?

Ez, agentziek ez dute ematen baimena.

Polizia kamerak instalatzeko, ordea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baimena behar da.

Kamerak instalatzeko, DBEBn deklaratu beharko da?

Bai, baldin eta kamerak irudiak hartzen baditu, halakoetan fitxategia dagoela ulertzen delako.

Kamerak denbora errealean egindako emisioak badira, ez da DBEBn deklaratu behar. Baina bete egin behar dute datuak babesteko araudia, eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren kontrolpean egongo dira.

Bideo zaintzako kamerak daudela adierazi behar da publikoki?

Bai, nahiz eta kamerek irudirik ez grabatu. Bete egin behar da txartel informatzailea jartzeko betebeharra.

Non jarri behar da txartel informatzailea?

Txartel informatzailea zaindutako gunera heldu aurreko tokiren batean egon beharko da, ondo ikusteko leku batean.

Kamerek grabatu ahal dute bide publikoa?

Ez. Polizaren kamerek bakarrik graba dezakete bide publikoa, segurtasun publikoagatik.

Bizilagunen erkidego batek erabaki dezake kamerak instalatzea?

Bai, Jabetza Horizontalari buruzko Legeak eskatzen duen akordioa hartzen bada eta bide publikoa grabatzen ez bada. Bizilagunen erkidegoa "fitxategiaren arduraduna" izango da, berak erabakitzen duelako erkidegoaren fitxategiaren helburua, edukia eta erabilera. Beraz, AEPDren Datuak Babesteko Erregistroan deklaratu behar du bideo zaintzako fitxategia.

Bideo kamerak nahitaez instalatu behar ditu Barne Ministerioak baimendutako enpresa batek?

Ez, kamerak Poliziaren alarmen zentralarekin konektatu behar ez badira behintzat.

Jabeen erkidegoko bateko presidenteak ikus ditzate gainontzeko bizikideen datuak?

Bai, baldin eta Jabetza Horizontalari buruzko Legeak ezarritako betebeharrak betetzeko bada.

Jabeen erkidegoetako bizilagunek jakin dezakete zein diren zorrak dituzten jabeak?

Bai, Jabetza Horizontalari buruzko Legeak honako dioelako: " Deialdian adieraziko da, orobat, nor diren erkidegoarekin muga-eguneratutako zor guztiak ordaindu ez dituzten jabeak; bertan ohartaraziko da horiek guztiek boto-eskubiderik ez dutela izango, 15.2 artikuluko kasuak gertatzen badira". Beraz, bizilagunek jakin dezakete zein diren zordunak, nahiz eta haiek adostasunik ez adierazi.

Argitara daiteke zorrak dituzten bizilagunen zerrenda atarian?

Zordunen zerrenda hirugarrenek ikusteko moduan jartzea ez dator bat datu babesaren arloko araudiarekin, ez bada Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 9 artikuluko h) letrako bigarren paragrafoak xedatutakoa gertatzen: "Jabeari ezin bazaio zitaziorik edo jakinarazpenik egin aurreko lerrokadak ezarritako tokian, hori egindakotzat joko da, baldin eta kasuan kasuko komunikazioa jartzen bada erkidegoko iragarki-oholean edo guztion erabilerarako helburu horrekin jarritako toki nabari batean; komunikazioan, eginbideak adierazi beharko du zein datatan eta zein arrazoiren ondorioz egiten den jakinarazpena modu horretan, eta komunikazio hori erkidegoan idazkari eginkizuna betetzen duenak sinatuko du, betiere, lehendakariaren ikus-onespenarekin....".

Jabeen erkidegoetako bizilagunek gainontzeko bizilagunen datuak jakiterik badute?

Zilegi da gainontzeko bizilagunen datuak eskatzea eta lagatzea, baldin eta datuak jakin behar badira Jabetza Horizontalari buruzko Legeak xedatutako helburu baterako.

Nire etxeko eskailera-buruan bideo kamerarik jartzerik badut?

Toki komunetan bideo kamerak jartzeko, jabeen erkidegoaren baimena beharko da, eta, beraz, jabeen batzarrak onartu beharko du.

Jabeen erkidegoetako fitxategiak inskribatu egin behar dira?

Jabeen erkidegoek etxebizitza bakoitzaren jabeen datu pertsonalak dituzte erkidegoko gaiak kudeatzeko. Beraz, nahitaez inskribatu behar dituzte fitxategiak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Erregistroan.

Zordunen fitxategi batean sartu naute. Zer egin dezaket?

Diruzko betebeharrak betetzearen edo ez betetzearen inguruko fitxategietan datu pertsonalak jasotzeko baldintza hauek bete beharko dira: aldez aurretik benetako zor bat egon beharko da, mugaeguna beteta duena, exijitzeko modukoa eta ordaindu ez dena; ez dira sei urte igarota egon behar zorra ordaindu beharra egon zenetik, edo obligazioaren muga-egunetik; eta, azkenik, hartzekodunak zordunari jadanik eskatu izana zorra ordaintzeko.

Norbait zordunen fitxategi batean sartu badute, baina baldintza horiek bete gabe, norbait horrek datuak ezerezteko eskubidea balia dezake, dena delako entitateko fitxategi-arduradunari zuzendutako idazki bidez. Baina, 10 egun balioduneko epean ez badu erantzunik jaso edo erantzunarekin ados egon ezean, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jotzeko aukera dago erreklamazioa aurkezteko. Nahitaezkoa da egiaztatzea dena delako entitateari datuak ezerezteko eskabidea egin zaiola.