Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak 800 aholkularitza eskabide baino gehiago jaso zituen 2017an

Argitalpen-data: 

Kanal anitzeko arreta zerbitzuaren bidez jasotako kontsulten % 59 EAEko herritarrek egin zituzten

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

  • Kanal anitzeko arreta zerbitzuaren bidez jasotako kontsulten % 59 EAEko herritarrek egin zituzten
  • Interneten datuak ezerezteko eta datuei aurka egiteko informazio eskabideak izan ziren
  • Kontsulten % 36 euskal administrazio publikoenak izan ziren, prestakuntza eskatuz.

Gasteiz. 2018/07/10. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) zortziehun aholkularitza eskabide baino gehiago jaso zituen 2017an, telefono bidezko, zuzeneko arreta eta arreta telematiko bidezko kanalen bitartez. Hala dago jasota 2017ko Memorian, DBEBren zuzendari Margarita Uriak, idazkari orokor Manuel Valínek eta Lege-aholkularitza eta Informatika zerbitzuetako buru diren Ana Aperribaik eta Pedro Gonzálezek Lehendakaritzako idazkari nagusi Jesús Peñari aurkeztu berri dioten eta orain Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari helaraziko dioten alean.

Kontsulten % 59 Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek eginak dira, gero eta arduratuago baitaude norbere datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubideari dagokionez. Halakoetan Bulegoaren zeregina izan da datuak ezerezteko (ahaztua izateko eskubidea) eta datuei aurka egiteko eskubideak behar bezala baliatzeko argibideak ematea eta laguntzea, batez ere Interneten eta sare sozialen ingurunean, kontsulta gehienak eremu horretakoak izan baitira.

Bigarren tokian daude euskal administrazio publikoek egin dituzten kontsultak, hau da, kontsulten % 36. Gehienek zer ikusia izan dute Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak —2018ko maiatzaren 25etik aurrera nahitaez betebeharrekoa Europar Batasuneko herrialde guztietan— ekarri duen ikuspegi berriarekin. Gehien antzeman den kezka izan da datu tratamenduen arduradunen eta eragileen prestakuntza beharrei buruzkoa. Erregelamendu Orokorraren eredu berria kontu-ematearen eta proaktibitatearen sisteman oinarrituta dago, eta, horren arabera, arduradunek hartu behar dituzte datu-baseen helburuen eta tratamenduen bitartekoen gaineko erabakiak; baina, Erregelamenduak ez duenez zehazten nola hartu erabakiak, zalantza handiak daude. Hori dela eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak dozenaka prestakuntza ikastaro eman ditu, eta hainbat gida lagungarri editatu ditu administrazioak legedi berrira errazago egokitu daitezen.

Azkenik, zortziehunetik gorako kontsulta multzoaren % 5 pribatutasunaren arloko profesionalek eta enpresek egin dituzte.

Irizpenak, are konplexuagoak

Kontsulta konplexuei erantzuteko, DBEBk irizpenak egiten ditu, eta Bulegoaren web-orrian argitaratzen ditu, antzeko argibideak behar dituzten gainontzeko erabiltzaileek ere baliatzeko moduko doktrina garatuz. 2017ko irizpen gehienak udalek eta foru aldundiek egindako kontsultei erantzuteko izan ziren (% 58). Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrarentzat izan ziren irizpenen % 19, eta entitate eta erakunde publikoentzat irizpenen % 7. Gainontzeko % 16 egin ziren bestelako erakunde batzuk eta pertsona fisikoek aurkeztutako zalantzak argitzeko. Azpimarratu behar dugu adingabeen irudien tratamenduei buruz eta udal instalazioetan sartzeko datu biometrikoak erabiltzeari buruz egindako kontsultak.

Datu biometrikoak direla eta, nabarmentzekoa da Erregelamendu Orokorrak ekarri duen berrikuntza bat dela aurrerantzean “datu kategoria berezitzat” joko direla, eta, beraz, halako datuak ezin izango direla tratatu, araudian jasota dauden salbuespenetako bat gertatzen ez bada, adibidez, interesdunak berak berariaz baimena ematea edo tratamendua beharrezkoa izatea funtsezko interes publiko bat dagoelako.

Gainera, Erregelamendu Orokorrak adingabeen babesa ere indartzen du, eta agintzen du hizkera argi eta garbian eman behar zaiela informazioa, ulergarria izateko. Eta, horrez gain, dio adostasuna adierazteko gutxieneko adina 16 urte direla, nahiz eta estatu bakoitzak beste adin bat ezar dezakeen, beti ere 13 urtetik beherakoa ez bada.

Arau-hauste prozedurei dagokienez, 2017an 22 prozedura berri ireki ziren eta guztira 21 ebatzi. Sei arau-hauste oso larri, bost larri eta zazpi arin ezarri ziren, eta hiru artxibatu egin ziren. Arau-hausteen arrazoi nagusia sekretu gorde beharraren printzipioa urratzea izan zen.

Azkenik, DBEBren 2017ko Memorian jaso dira xedapen orokorrei eta lege-xedapenei buruzko proiektuen gaineko legezkotasun txostenak eta datuak ezerezteko, atzitzeko eta zuzentzeko eskubideen babesari buruzko irizpen garrantzitsuenak.


DBEBren Memoria – 2017