Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

DBEBk 9.000 euro emango ditu Datu Pertsonalak Babesteko Sarien VI. Edizioan

Argitalpen-data: 

Komunikazio arloko Saria pertsona fisikoentzat ere zabaldu da, ikus-entzunezkoen modalitatean, grafikoan edo literaioan egindako sormen lanengatik

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

  • Komunikazio arloko Saria pertsona fisikoentzat ere zabaldu da, ikus-entzunezkoen modalitatean, grafikoan edo literaioan egindako sormen lanengatik.

 

  • Eskabideak aurkezteko epea 2018ko abenduan bukatuko da.

 

Gasteiz. 2018/11/15. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) 9.000 euro emango ditu Datu Pertsonalak Babesteko Sarien VI. Edizioan. Orain arte sarien izaera ohorezkoa eta sinbolikoa izan da. Baina, ohorezko aitortzari zenbateko ekonomiko bat gehituko zaio orain, praktika eta metodo berrien diseinua bultzatzen laguntzeko datu pertsonalen tratamenduen arloan, tratamenduok ahalik eta ondoen egokitzeko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra indarrean sartu denez geroztik etorri diren betebeharretara. Edizio honetan, Komunikazioaren arloko Sariak esparrua zabaldu du prebentzio mezuak sortzen dituzten eta ardurak dituzten pertsonak ere aurkeztu ahal izateko, ikus-entzunezkoen modalitatean, grafikoan nahiz literaioan. Lanak aurkezteko eta jasotzeko azken eguna 2018ko abenduaren 1a izango da. Oinarriak eta lanak aurkezteko epea www.avpd.eus web-orrian daude: 184. zk.ko EHAA (2018-09-24) (leiho berri batean irekitzen da).

Aurtengoa izango da sarien seigarren edizioa. Sarien xedea da pribatutasuna babesteko arloko lanik garrantzitsuenak aitortzea, eta saritzea jarduera esparru horretan egindako lanagatik bereziki nabarmentzen diren pertsona fisiko eta juridikoak, erakunde publikoak eta pribatuak, eta euskal administrazio eta erakunde publikoak. Aurtengo edizioan modalitate hauek deituko dira:

  • Saria Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari
  • Saria Datu Babesaren Ikerkuntza Arloan
  • Saria Datu Babesaren Komunikazio eta Sormenaren Arloan
  • Saria Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenei

 

Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalari deritzon Sariaren xedea da goraipatzea euren lanbidean datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen eta babesten nabarmendu diren pertsonek egindako lana. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko gobernu organoetako kideek proposatuko dituzte hautagaiak, eta ezin izango dute sari hau jaso, aurreko deialdiren batean sari hau bera jaso dutenek.

 

Datu Babesaren Ikerkuntza Arloko Sariak eta Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Sariak 2.500 euroko zenbatekoa jasoko dute bakoitzak; eta bakoitzari dagokion akzesitak, halakorik erabakitzen badu epai-mahaiak, 1.000 euro jasoko ditu. Saritutako pertsonek edo entitateek izaera juridiko publikoa badute, dotazio ekonomiko horiek ez dira gauzatuko.

Datu Babesaren Komunikazio eta Kreatibitatearen Arloko Sariak 2.000 euroko dotazio ekonomikoa izango du, eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak beretzat hartuko du saritutako sormen lanaren erabilera publikoa egiteko eskubidea, nahiz eta egileek jabetza intelektualetik eratorritako eskubideak gorde. Helburua da saritzea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen laguntzen duten profesionalen eta gizarte komunikabideen lanak.

«Web sozialeko» bitarteko elektronikoak ere saritu ahal izango dira, baldin eta gai nagusia eta argitaratutako edukiak, edozein ikuspuntutik begiratuta eta aztertuta, datu pertsonalak babesteari buruzkoak badira, eta oinarrizko eskubide hau zabaltzea eta hedatzea badute xede. Era berean, aurkezteko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gizarte komunikabideek argitaratutako edo hedatutako programek edo atal espezializatuek eta artikuluen edo berrien segidek, bai eta erreportajeek, monografikoek edo eduki bereziek ere.

Eta datu pertsonalen babesaren esparruan espezializatutako blog egileek, wikiek, eztabaida talde profesionalek edo bestelako baliabide elektroniko sozialek ere lehiatu ahalko dute sari honetan, baldin eta edukia euskaraz edo gaztelaniaz adierazita badago.

Edizio honetako berrikuntza da prebentzio mezuak sortzen dituzten eta datu babesari buruzko ardurak dituzten pertsonek ere parte hartu ahal izango dutela, honako modalitateetan:

  • Ikus-entzunezko sorkuntza: animazioak, spotak, bideoartea edo bestelako sorkuntza lanak, lau minutu baino gutxiagoko iraupenarekin.
  • Sorkuntza grafikoa: ilustrazioak, infografiak, kartelak eta marrazkiak, banakoak nahiz serieak.
  • Sorkuntza literarioa: esloganak, claimak, mezu seriatuak edo antzeko edukia edo luzera duten bestelako sorkuntza lanak.

 

EBAZPENA, 2018ko irailaren 6koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita datuak babesteko sarien VI. edizioa egiteko.