Nor gara?

 
Ongi etorri Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web gunera. Bulegoak gazteei eskainitako gunea da hau, zure informazio pertsonala babesten laguntzeko.
 

Zure datu pertsonalak

chica con portatil

Seguruenik egunero ematen dituzu datu pertsonalak: izena, helbidea, jaiotze-data... Informazio pertsonalak balio handia du, eta, horrexegatik, balio handiko gauzak zaintzen diren bezala zaindu behar dira.

Zure datuak babesten badituzu, horrek asko lagunduko du informazioa jaso behar ez duenak jaso ez dezan. Gainera, zabor-posta (spam) edo nahi ez den bestelako edozein marketing mota jasotzeko aukera ere txikiagoa izango da. Era berean, jakin behar duzu zuri buruzko informazioa zuzena dela, bestela, arazoak etor daitezke.

Adibidez, lanpostu bat eskuratzeko aukera gal dezakezu, prestazio eskaera bat atzera bota diezazukete, kreditu bat ukatu ahal dizute eta joan nahi duzun ikastetxeak edo unibertsitateak ez onartzea ere gerta daiteke. Kasurik larrienean gerta daiteke baten batek zure identitatea lapurtzea (hau da, zure informazio pertsonala lapurtu eta zure izenean aritzea eta zure bankuko kontutik diru ateratzea edo zure izenean zenbait produktu kontratatzea) edo zeu atxilotzea, nahiz eta deliturik ez egin.

Datuak Babesteko Legea

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak interesdunari aitortzen dio berari buruz zein informazio pertsonal jaso duten jakiteko eskubidea, eta informazio hori behar bezala tratatzen dutela bermatzeko zenbait xedapen ezartzen ditu.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren arduretako bat da, besteak beste, Datuak Babesteko Legea betearaztea eta gainbegiratzea. Beraz, datu babesari buruzko erreklamaziorik egonez gero, Bulegoa arduratuko da interesdunaren onerako ikertzen eta egin beharrekoak egiten.

Gure web gunea

  • Berriak: ikusi berrien atala eta irakurri gure arreta piztu duten azken berrietako batzuk bertan.
  • Sare sozialak: profil bat sortu, argazki bat argitaratu edo mundu zabalari esan aurretik zer egiten ari zaren, ondo pentsatu nola egiaztatuko duzun zure segurtasuna sarean.
  • Zure datuak sarean: ikasi nola kontrola dezakezun zure informazio pertsonala eta nola eskuratu organizazioek zuri buruz duten informazioa.
  • Identitatea lapurtzea: orrialde hauek lagunduko dizute zure informazio pertsonala nola babestu eta identitate-iruzurra nola saihestu.
  • Nahi ez diren jakinarazpenak: sartu hemen ikusteko nola lor dezakezun gutxitzea eskatu gabe jasotzen duzun marketing kopurua.

Web gune hau diseinatu dugu zuk jakin dezazun zein informazio eskubide duzun. Era berean, espero dugu gune honen ataletan jasotako azalpenak lagungarriak izatea hobeto ulertzeko Datuak Babesteko Legeak eguneroko ohiko alderdiekin zer ikusi handia duela.

Informazio guztia ikusi eta gero, esan iezaguzu zer irizten diozun web gune honi. Pentsatzen baduzu gairen bat landu behar dugula bereziki edo web guneari buruzko informazio lagungarria eman nahi badiguzu, bidali zure ideiak helbide elektroniko honetara: avpd@avpd.eus