Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Reda eta Neto: Datu pertsonalak zaintzen

Reda eta Netoren abenturak: Datu pertsonalak zaintzen

Baliabidearen oinarriak

Datu pertsonalak zaintzen programaren xedea da haurren hezkuntza-premiei erantzutea, komunikazioaren eta informazioaren teknologiak erabiltzen irakatsiz, ahalik eta arriskurik txikienarekin haien bizitza pribatuarentzat.

Hezkuntza-baliabide honen beharra arrazoitzeko, ondo bi elementu hauek aurkezten ditugu labur-labur:

  • hezkuntza-premia hauen sorburu den testuinguru soziala eta
  • Lehen Hezkuntzako Euskal Curriculuma; izan ere, bizitza pribatuaren balio positiboa eta datu-babeserako eskubidea ikasi beharra eta esparru horietan hezi beharra bertan arautzen da.

Testuinguru soziala

Hasteko, esan behar da datu pertsonalen babesa gai zabalago baten atal bat baino ez dela, eta gai hori bizitza pribatuaren eta giza duintasunaren babesa da .

Bizitza pribaturako eskubidea. Eskubide horrek zerikusi handia du eta oso lotuta dago norbanakoek, haien kabuz eta inor edo ezer tartean sartu gabe, jarduteko duten eskubidearekin. Norberak norberari buruzko informazioa kontrolatzeko duen eskubidea ere bada. Eskubide honen arabera, pertsona bakoitzak berari buruzko datuak hedatzeko eskubidea du. Eskubideak, ordea, baditu muga batzuk, eta estatuaren edo hirugarrenen interes legitimoak babesteko ezarritakoak dira.

Datuak babesteko eskubideak pertsonen bizitza pribaturako eskubidea1 bermatzen du: Eta bereziki hala gertatzen da Ezagutzaren Gizartea deritzogun honetan; izan ere, beste era bateko harreman sozialak, lan harremanak, merkataritza harremanak eta abar sortu baitira, eta benetako nahiz asmatutako informazio pertsonalaren fluxuak kontrolatzea lan nekeza izateaz gain, Internetek eta bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak dakartzaten arrisku potentzialen menpe dago.

Datu pertsonalen kontrolik gabeko fluxuak honako arriskuak ekar diezazkieke pertsonei: pribatutasuna galtzea, norberaren irudia, ospe ona eta ohorea kaltetzea; jazarpena; kalte ekonomikoak, datuak lapurtu eta norberaren identitatea ordezkatu dutelako; eragozpenak eta trabak, norberak jaso nahi ez duen publizitatea jasotzen duelako; eta, azkenik, gehiegizko kontrola, zaintza tekniken bidez egiten diren datu-tratamenduak direla eta.

Ikusita zer nolako arriskuak jasan ditzakegun eta nolako kaltea egin dezaketen, nahitaezkoa da aztertzea ea herritarrak haien pribatutasunerako eskubideaz baliatzeko gai diren. Datu-babesaren esparruko pertzepzio sozialaren gaineko inkestek diotenez, herritarrek ez dute mehatxurik ikusten, aldaera ekonomikoa eta iruzurrarekin eta diru-lapurretarekin lotutako kalteak tartean sartzen ez diren bitartean. Gainera, datu-babesarekin lotutako eskubideak (datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideak) apenas erabiltzen dira, herritarrek ez dituztelako ezagutzen, besteak beste.

Ziurrenik hezkuntza-komunitatearen egoera, eta, bereziki, familiena hor goian deskribatu dugunaren antzekoa izango da. Esan nahi duguna da, beharbada, ez dutela behar beste hausnartu IKTen gehiegizko erabilerak pribatutasunari egin ahal dion kaltearen gainean, eta ez dakitela zein erantzukizun, eskubide eta neurri hartu behar diren kontuan, IKTak era osasungarrian erabiltzeko eta norbere buruarekiko eta besteekiko errespetuz jokatzeko. Beraz, eskola-komunitate osoa informatuta eta prestatuta egon ezean, oso zaila da gazteak heztea eta trebatzea.

Era berean, kontuan hartu behar dugu eskola-umeen eta gazteen kolektiboa dela sare sozialetan eta komunikazio sozialeko sistema elektronikoetan parte-hartzearen ondorioz etor daitezkeen arriskuen eta mehatxuen menpe dagoena batez ere, oso gazte hasten baitira horietan parte-hartzen. Gainera, azpimarratu behar da adin gabekoak egoera bereziki zaurgarrian daudela eta babes gehiago behar dutela.

Hain zuzen ere, Web 2.0 sistema agertu zenetik, eta batez ere, sare sozialak jaio zirenetik, adin gabekoen artean inolako helbururik gabe gauzak elkarrekin partekatzeko ohitura berria zabaldu da, eta komenigarria den ala ez kontuan hartu gabe egiten dute, berezko gauza bat balitz bezala. Horretaz gain, ezinbestean hartu behar da kontuan hain hedatuta dagoen iraupen laburreko ikus-entzunezko edukien kontsumoa. Hori frogatzen duten hainbat lan daude, eta horien arabera, YouTube da gehien agertzen den web-orrialdea.

Egoera eskas horretaz jabetu dira nazioko eta nazioarteko hainbat erakunde eta organizazio; eta, horregatik, gomendatzen dute ahalik eta modu sistematizatuenean lantzea eskolaren esparruan IKTak arriskurik gabe erabiltzeko hezkuntza.

2010. urtearen hasieran nabarmena da hezkuntza-premia horri erantzuna eman behar zaiola, eta Eskola 2.0 bezalako ekimenek behin betiko bultzada eman diote, eskolaren esparruan Internet sartu dutelako ikaskuntza tresna eta baliabide gisa. Une egokia da herritarren artean pribatutasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko kultura pizteko, eta IKTak hezkuntza-baliabide bezala erabiltzeko ohitura eta hezkuntza-eduki digitalen sorkuntza guztiz hedatzen ari direlako. Reda eta Netoren abenturak: datu pertsonalak zaintzen dituzte programa oso lagungarria izan daiteke eginkizun horretarako.

Datu pertsonalen babesa eta bizitza pribatuarekiko errespetua Lehen Hezkuntzako Euskal Curriculumean.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarduera-ildo estrategikoetako bat da herritarrak informatzea eta gaitzea haien eskubideen berri izan dezaten, eta jakin dezaten haien pribatutasuna nola babestu, batez ere arrisku egoerarik okerrenean dauden kolektiboen kasuan.

Horregatik guztiagatik egin zen ahalegina Oinarrizko Hezkuntzako Euskal Curriculumean2 txertatzeko errespetuaren ikuspuntua eta bizitza pribatuaren balio positiboa.

Zentzu horretan, ikasi behar den jarrera berri hau honela definitu daiteke: norberari eta besteei buruzko informazioa bizitza pribaturako eskubidearekiko errespetuz tratatzea, bai eta kontu handiz tratatzea ere Internetek eta bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak dauzkan arrisku potentzialak kontuan hartuta.

Portaera berri horren oinarrian zenbait balio eta jarrera daude. Era berean, balio eta jarrera horiek gaitasun-baliabideak dira, adibidez, norberaren pribatutasunaren berezko balioa, enpatia eta pertsonen egiazko eta benetako identitateek duen balioa; guztiak daude jolas gisa asmatzen diren gezurreko identitateei edo anonimatuari kontrajarrita.

Oinarrizko gaitasunen esparruan esan daiteke batez ere bik dutela zerikusirik handiena goian definitu dugun portaerarekin, eta hauek dira: a) informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala, eta, b) gaitasun soziala eta hiritarra.

Helburuak, edukiak eta ebaluazio-adierazleak honako curriculumeko arlo hauetan finkatu dira: Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntzaren arloan eta Teknologien eta informatikaren arloan.

  • Lehen Hezkuntza: Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza (11 urte).
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza; Etika eta gizabide hezkuntza; Teknologiak eta Informatika (12 urtetik 15era, biak barne).

Osagarri gisa bada ere, Lehen Hezkuntzako 5. mailan Natura, gizarte eta kultura ingurunearen ezagueraren arloan ere sartzen da datu-babesaren eta pribatutasunaren gaia.

Zentzu horretan, 3. blokeak, Osasuna eta garapen pertsonalari buruzkoak, zera dio: () arrisku jokabideak saihestu eta jokabide arduratsuak eta bizimodu osasuntsua izateko eta sendotzeko helburua duten ekimenak bultzatzeko ezagutzak (). Puntu horrek badu zerikusia gazteek eguneroko bizitzan IKTen esparruan egiten duten norberaren eta besteen datu-zabalkundearekin. Gainera, hori egiteak gero eta onarpen handiagoa du gizartean.

Bestalde, Objektuak, makinak eta teknologiak izenburua duen 7. blokeak zera dio: Teknologia-garapenak bizi-baldintzetan, lanean eta ingurumena eraldatzean duen eragina balioestea. IKTak bizitza pribatuan eta laneko esparruan sartu izanak herritarren pribatutasuna gutxitu izanarekin oso lotuta dago puntu hori.

Atal hau bukatzeko, eta laburpen gisa, ondoko aipamen ekarri dugu ikusteko zein garrantzitsua eta aproposa den hezkuntza-baliabide hau3:

Pribatutasunaren egungo egoerak ere kontuan hartuko dira; bereziki, teknologia elektronikoaren eta digitalaren garapenaren ondorioz sortutako egoerak. Herritartasun kontzeptuak bere barnean hartu behar ditu gainerakoen pribatutasuna eta horri atxikitako datuen trataera errespetatzea; bai eta norberaren pribatutasunaren eta hori ez urratzearen balioaz ohartzea ere.

Eremu pribatuaren eta publikoaren arteko oreka egokia dagozkien ekintza eremuekin batera izango da herritartasuna interpretatzeko gakoetako bat. Pribatutasunari dagokion eremu subjektiboa eta Giza Eskubideen unibertsaltasuna batzen ditu herritartasun horrek.

1 Hona hemen oinarrizko arauak: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua.
2 Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen duen urriaren 16ko 175/2007 Dekretua.
3 Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretua, lehen hezkuntzako Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntzaren irakasgaiaren sarrera.

Fotograma
Fotograma
Fotograma
Fotograma