Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Dokumentazioa
 

Udalaren osoko bilkuraren bileretan egon direnek bileren audio-grabazioetara irispidea izatea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN20-009
  • Dokumentu kodea: D20-019
  • Sinadura data:  2020/09/23

Laburpena

Datuak Babesteko Euskal Bulegoari galdetzen zaio ea udalak osoko bilkuraren bilera batean egon direnei nahitaez eman behar dien bilera horren audio-grabazio osoa, hala eskatuz gero, eta horrez gain, ea onartuta dauden osoko bilkuren aktak besterik gabe argitaratuz udalak gardentasuna betetzen duen. Datuak babesteko oinarrizko eskubidearen ikuspuntutik, datuetara irispidea izateko eskubidea Erregelamendu Orokorraren 15. artikuluan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoaren 13. artikuluan arautzen da, eta irispidea izateko eskubide hori titularraren datu pertsonalen gainean soil-soilik egikaritu behar da.Bileretan egon direnek beren datu pertsonaletara, udalaren osoko bilkuraren bileren audio-atzipen edo -grabaketaren bidez tratatu diren horietara irispidea izateko eskubidea egikaritu ahalko dute, baina ez dute irispiderik izango hirugarrenen datu pertsonaletara. Baina kontsultan, benetan, planteatzen da informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta apirilaren 7ko 2/2016 Legean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoan arautzen den hori. Eskubide hori datuak babesteko araudian arautzen denaz bestelakoa da, eta horri dagokionez 19/2013 Legearen 14. artikuluko mugak errespetatu behar dira, eta datuak babesteko oinarrizko eskubidea ere bai, Lege horren 15. artikuluaren arabera. Eta eskubide hori bermatzeaz arduratzen den organoa ez da Bulego hau, baizik eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea. Gainera, irizpenak dioenez, udalaren osoko bilkuraren bileren audioa osorik atzitzea edo grabatzea eta gerora komunikatzea, lagatzea edo zabaltzea, legez babestu ahal da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 70.1 artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 30. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Osoko bilkurak grabatzeko eta grabazioen zabalkunderako ez da beharrezkoa adostasuna. Horrenbestez, Bulegoaren ustez, salbuespenak bakarrik balio beharko luke osoko bilkuretako edo unean uneko batzordeko kideentzat, eta ez bertan parte hartzen duten edo gonbidatuta dauden beste pertsonentzat. Horrez gain, grabazio bidez ahotsa hartuz egiten den datu tratamenduak bete egin beharko du Erregelamendu Orokorraren 5.1a) artikuluak xedatutako gardentasunaren printzipioa. Beraz, nahitaez eman behar zaie tratamenduaren gaineko informazioa bertaratzen direnei.