Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Dokumentazioa
 

Osasun Sailari Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako ikasleen osasun-datuak komunikatzea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN20-013
  • Dokumentu kodea: D20-023
  • Sinadura data:  2020/11/16

Laburpena

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Osasun Sailak Hezkuntza Sailari eskatzen dio autonomia-erkidegoko ikastetxeetako ikasle guztien datu pertsonalak lagatzeko. Hala, erraztu nahi du COVID-19aren kasuak eta kontaktuak arakatzeko sareak ikasleen arteko loturak ezartzerakoan egin behar duen lana. Izan ere, COVID-19aren probetan positibo den ikasle bakoitzaren kontaktu estuak nor diren ezartzeko bidea ematen da. Erregelamendu Orokorrean datu pertsonalen tratamendua pandemiaren aurkako borrokan legitimatzen duten oinarriak jasotzen dira, eta oinarri horiek osasun-arloko legeriaren arabera aplikatu behar dira. Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euspen eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoan, COVID-19a premiaz deklaratu beharreko gaixotasuntzat jotzen da. Geroago, 23. artikuluan, eginbehar bat ezartzen da; alegia, osasun publikoko agintaritza eskudunari COVID-19aren jarraipenerako eta zaintza epidemiologikorako beharrezkoak diren datu guztiak ematea. Dena dela, eginbehar orokor hori, kontaktuen trazabilitateari dagokionez, 26. artikuluan zehazten da eta «kutsatuta egon daitezkeen pertsonen harremanetarako datuetara» mugatzen da. Era berean, Errege Lege Dekretuaren 27. artikuluan, Errege Lege Dekretuan xedatzen diren datuen tratamenduak babesten dira, «osasun publikoaren arloko funtsezko interes publiko berezi bati buruzko arrazoiak direla medio eta ukituen eta beste pertsona fisiko baten bizi-interesak babesteko». Kasu honetan, egindako informazio-eskari masibo hori, ikastetxeetako ikasle guztiak barnean hartzen dituena, 2020ko urriaren biko agirian, «2020-2021 ikasturtearen hasierarako jarduketa-protokolo osagarria eta ikastetxeetan COVID-19 kasuak agertzen direnerako jarraibideak» izenburuko horretan agertzen diren terminoez harago doa. Bada, protokolo horretan baieztatutako kasuak, kasu susmagarriak eta kontaktu estuak aztertzen dira. Horregatik guztiagatik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak irizpenaren ondorio gisa dio egin nahi den datu-komunikazioa ez datorrela bat Errege Lege Dekretu horrekin. Bere iritziz, ikastetxeetan COVID-19 kasuak agertzen direnerako protokolo osagarria, 2020ko urriaren 2koa, helburu horretarako tresna efikazagoa da, eta hobeto errespetatzen du pertsonek datu pertsonalen babeserako duten oinarrizko eskubidea.