Konpartitu

Erakundeari eta antolamenduari buruzko informazioa: nola dagoen osatuta eta bertako pertsonala

Agintaritzaren egitura

Hona hemen DBEAren organoak:

  • Kide bakarreko organoa: Presidentea.
  • Kide anitzeko organoa: Kontseilu Aholku-emailea, legean zehaztuta dagoen moduan.

Hierarkikoki presidentearen mende dauden administrazio-unitateak honako hauek dira:

  • Idazkaritza Nagusiaren Unitatea
  • Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea
  • Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea

Idazkaritza Nagusiaren Unitatea:

 Idazkaritza Nagusiaren Unitateak hainbat eginkizun dauzkan administrazio-unitatea da; hona hemen eginkizun horietako batzuk:

  • Giza baliabideak kudeatzea, eta giza baliabide horien buruzagi izatea.
  • Agintaritzaren baliabide materialak kudeatzea.
  • Agintaritzari atxikitako langileak hautatzeko eta haien lanbide-sustapena egiteko prozedurak bideratzea.
  • Administrazio-kontratuen prozesuak bideratzea.
  • Agintaritzaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea eta aurrekontu horren ekonomia- eta administrazio-kudeaketa egitea.
  • Agintaritzaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen inbentarioa eramatea.
  • Agintaritzaren agiri-funtsak kudeatzea.
  • Datuen babesari buruz hitzaldiak, mintegiak, jardunaldiak eta bestelako jarduerak antolatzea.
  • Herritarrei azaltzea legeak euren datu pertsonalen tratamenduari buruz onartzen dizkien eskubideak.
  • Kontseilu Aholku-emailean idazkaritza-lana egitea, antolaketako eta funtzionamenduko arauen arabera.
  • Agintaritzako beste organo batzuei esleitu ez zaizkien gai orokorrak kudeatzea.

  

Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea:

 Agintaritzaren administrazio-unitateen artean Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitateari dagozkio honako zeregin hauek: batetik, ikuskaritza-lanak egitea; bestetik, eskubideak babestearren herritarrek egiten dituzten erreklamazioen prozedurak bultzatzea eta instruitzea:

  • Administrazio publikoen, instituzioen, entitateen eta korporazioen aurka hasitako zehapen-prozedurak, eskubideak babestekoak eta arau-hausteei buruzkoak instruitzea, Agintaritzak onartuta dauzkan kontrol-eginkizunen barruan.
  • Ikuskapenak egitea, espediente batzuen instrukzioarekin lotuta.
  • 16/2023 Legea garatzeko eman daitezkeen xedapenen proiektuei buruz txostenak egitea.
  • Datu pertsonalak babestearekin zerikusia duten xedapen-proiektu guztiei buruz txostenak egitea, baldin eta hala egiteko eskatu bazaio.
  • 16/2023 Legean aipatzen diren administrazio publikoek, instituzioek, entitateek eta korporazioek nahiz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek datuen babesari buruzko legeria lantzeko, interpretatzeko eta aplikatzeko egindako galderei buruz txostenak egitea eta eman beharreko erantzunak prestatzea.
  • Nahitaezko erantzuna behar duten estatistikak zehazten dituzten xedapen arauemaileei buruz txostenak egitea.
  • Jarraibideen proiektuak eta gomendioak prestatzea, Agintaritzako presidenteak hala eskatuz gero.
  • Agintaritzari aholku ematea arlo juridikoan eta, arlo horretan, txostenak eta proposamenak prestatzea, Agintaritzako presidenteak hala eskatuz gero.

Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea:

 Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatearen eginkizunen artean honako hauek daude:

  • Teknologiek datuen babesean eta prospekzio teknologikoko azterlanen sustapenean duten eragina ebaluatzea eta aztertzea.
  • Segurtasun-arrakalen erregistroa kudeatzea, arrakala horien bilakaeraren eta ebazpenaren jarraipena egitea eta eraginaren ebaluazioak gainbegiratzea.
  • Datuak babesteko ordezkarien sentsibilizazioa sustatzea eta tratamenduaren arduradunek komunikatutako datuak babesteko ordezkarien erregistroaren publizitatea egitea.
  • Prebentziozko auditoriako programak planifikatzea eta kudeatzea.
  • Ikuskaritzako eta Aholkularitza Juridikoko Unitateari laguntza eta babesa ematea aurretiazko ikerketa-jarduketetan.
  • Idazkaritza Nagusiaren Unitateari laguntza ematea DBEAren zerbitzurako informazio-sistemak kudeatzen.

 

Indarrean dagoen araudiaren arabera nahitaezkoak diren beste figura batzuk

 DBEAko datuak babesteko ordezkaria:

Arauak:

  • Ebazpena, 2005eko azaroaren 28koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko dena.
  • Ebazpena, 2013ko ekainaren 17koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena aldatzen duena.
  • Ebazpena, 2023ko martxoaren 29ko a, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena bigarren aldiz aldatzekoa.

Presidentea

Presidentea

Gaur egun Unai Aberasturi Gorriño jauna da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako 2023ko uztailaren 4ko 101/2023 Dekretuaren bidez izendatua (2023ko uztailaren 4eko (EHAA, 129. zk.).

Presidenteak DBEA zuzentzen du eta Agintaritzaren ordezkaria da. Bere barne-eremuan, administrazio-unitate guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzen ditu eta berari dagokio, era berean, DBEAren eginkizunak gauzatzeko behar diren ebazpenak, instrukzioak eta gomendioak ematea.

Askatasun eta objektibotasun osoz betetzen ditu bere eginkizunak; bere jardunean ez dago inongo instrukzioren menpe. Dena dela, bere jardunari buruz Kontseilu Aholku-emaileak egiten dizkion proposamenak aintzat hartu beharko ditu.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez izendatzen du lau urterako eta epe hori baino lehenago utziko du kargua, berak hala eskatzen badu edo, aldez aurretik espedientea instruitu  ondoren, Gobernu Kontseiluak kargutik kentzea erabakitzen badu; horretarako, ezinbestekoa izango da Kontseilu Aholku-emaileari entzutea. Kargutik kentzea erabaki ahal izateko, nahitaezkoa izango da bere obligazioen ez betetze larriren bat egitea,  bere lana betetzeko bat-batean ezintasunen bat gertatzea, bateraezintasunen bat egotea edo doluzko delituagatik zigortua izatea.

Goi-karguduna da eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-kargudunen bateraezintasunen erregimenari lotuta dago.

Aurreko zuzendariak:

  • 2004-2012: Iñaki Vicuña de Nicolás
  • 2012-2016: Iñaki Pariente de Prada
  • 2016-2023: Margarita Uria Etxebarria

Kontseilu Aholku-Emailea

Gaur egun eta abenduaren 21eko 16/2023 Legea, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena erabat indarrean jarri arte, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaritzak kontseilu aholku-emaile bat du. Kontseilu horretako kideak honako hauek dira:

  • Eusko Legebiltzarraren ordezkari bat, Legebiltzarrak berak izendatuta.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari bat, Jaurlaritzaren Kontseiluak izendatuta.
  • Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde horiek batera izendaturik.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeen ordezkari bat, tokiko esparruan erakunde horien ordezkaritzarik zabalena duen elkarteak izendatuta.
  • Aditu bi, bata informatikan eta bestea oinarrizko eskubideetan. Biak Euskal Herriko Unibertsitateak izendatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioei galdetu ostean.

Gaur egun, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak honako hauek dira:

  • Eusko Legebiltzarraren ordezkaria, Eusko Legebiltzarraren Mahaiak izendatua 2013ko otsailaren 19ko bileran:
    • Montserrat Auzmendi del Solar andrea, Eusko Legebiltzarreko legelaria.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaria, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko martxoaren 19ko Erabaki bidez izendatua:
    • Nieves Martínez de Antoñana Blanco andrea, Lehendakaritzako Araubide Juridikoaren zuzendaria.
  • Lurralde historikoen ordezkaria, Foru Aldundien arteko erabaki bidez izendatua:
    • Javier Bikandi Irazabal jauna, Bizkaiko Foru Aldundiak izendatutako ordezkaria.
  • Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko toki-erakundeen ordezkaria, EUDELek izendatua:
    • Raúl García Ezquerro jauna, Biasteriko alkatea.
  • Informatikako aditua, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpenaren bidez izendatua:
    • Eduardo Jacob Taquet jauna, unibertsitateko Ingeniaritza Telematikoko katedraduna.
  • Oinarrizko Eskubideetan aditua, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpenaren bidez izendatua:
    • Iñaki Esparza Leibar jauna, Zuzenbide Prozesaleko katedraduna.

Egun, Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria Javier Bikandi Irazabal jauna da.

Agintaritzaren izaera eta araubide juridikoa

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridikoa propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa dituena. Herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, administrazio ahalak egikaritzen dituenean, honako arauen arabera jarduten du: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Esparru Publikoko Lege Erregimenari buruzkoa. Gainontzeko jarduerak burutzeko, honako arauetan xedatutakoa bete behar du: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa, eta bi lege horien garapeneko xedapenetan xedatutakoa; eta 1/2023 Legea, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa.

Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

Bulegoaren eginkizunak

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontroleko agintetzat hartuko da, eta bere egitekoan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak 2/2004 Legeko 17. artikuluan finkatzen dira. Eginkizunok dira:

  1. Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko eskubideari dagokienez.
  2. Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea.
  3. Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea, beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe.
  4. Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea.
  5. Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea pertsonei.
  6. Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan.
  7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan.
  8. Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak egitea, derrigor.
  9. Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia eskatzea fitxategien erantzuleei.
  10. Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman.
  11. Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzara bidali.
  12. Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea, estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea.
  13. Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan.
  14. Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten galderei erantzutea.
  15. Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro.

Ordainketa-araubidea