Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Ohiko galderak (FAQ)

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa zuzenbide publikoko entea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoek (Eusko Jaurlaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundiak, Eusko Legebiltzarra, Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa...) sortutako edo kudeatutako datu pertsonalen tratamenduen gainean inongo loturarik gabe betetzen ditu bere eginkizunak.

DBEBk datu pertsonalen babesarekin zerikusia duten kontsultei erantzuten die, eta zabalkunde- eta prestakuntza-jardueretan parte hartzen du arlo hori eraentzen duen araudian onartutako eskubideak ezagutzera emateko, pribatutasunaren balioari buruzko kontzientzia publikoa areagotzeko eta Euskal Administrazio Publikoek beren eguneroko jardunean pribatutasun hori errespeta dezatela sustatzeko.

Herritarrek edo Administrazio Publikoek egindako kontsultei erantzuteko hainbat komunikazio-kanal jartzen ditu eskura, informazioa edo irizpide juridikoa ala teknologikoa eskatu nahi izanez gero. Gainera, euskal ente publikoek datuak babesteko legeria bete dezatela zaintzen du eta, hala badagokio, ahal zuzentzaileak baliatzen ditu.

DBEBn eskubideei buruzko erreklamazio bat jarri aurretik, interesdunak datuen tratamenduaren arduradunarengana jo behar du bere eskubideak egikaritzeko. Arduradunak ez badu erantzuten ezarritako epean, edo erantzunarekin ados ez badago, interesdunak eskubideak babesteko erreklamazioa jar dezake DBEBn.

Datu-babesari buruzko araudiak hainbat eskubide baliatzea ahalbideratzen die herritarrei, datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuei aurka egiteko eskubideak, alegia. Baina, Europan Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra onartuz geroztik, beste eskubide batzuk gehitu zakizkie: tratamendua mugatzeko eskubidea eta datuak transferitzeko eskubidea.

Egikaritu ahal diren eskubideei buruz eta hori DBEBn egiteko moduari buruzko informazioa (leiho berri batean irekitzen da).

Gurasoek irispidea izan ahal dute 18 urtetik beherako seme-alaben datu klinikoetara haien eskubideak egikaritzeko?

14 urtetik gorako adingabeek, ezgaituta ez badaude, informaziorako autodeterminazioak berekin dakartzan eskubideak egikaritzeko bidea izan behar dute.

Hala ere, guraso-ahala egikaritzen duten gurasoek edo adingabearen legezko ordezkariek –baita 14 urtetik gorako adingabearen ordezkariek ere–, hain zuzen ere legezko ordezkari izateagatik, adingabearen informaziorako irispidea izan dezakete eta horrek ez du esan nahi informazioaren konfidentzialtasuna urratzen denik.

Hala eta guztiz ere, lege batek hala ezartzen badu, edo gurasoen edo legezko ordezkarien eta adingabearen beraren artean interes-gatazka badago, baliteke gurasoek edo legezko ordezkariek adingabearen osasunari buruzko datu jakin batzuen gainean eskubideak modu mugatuan egikaritu behar izatea adingabearen interes gorenaren babesaren printzipioa aplikatzeko, kontuan hartuta kasu zehatzaren inguruabarrak.

Ikus dezaket nire historia klinikoa?

Pertsona orok du bere historia klinikoko dokumentazioa eskuratzeko eskubidea eta bertan ageri diren datuen kopia bat eskatzeko ere bai.

Hala ere, pazienteak bere historia klinikoa atzitzeko duen eskubidea ezin izango du erabili, baldin eta historia horretan pazientearen interes terapeutikorako jasota dauden datuek hirugarren pertsonen konfidentzialtasunerako eskubidea kaltetzen badute, eta baldin eta profesionalek historian parte hartzeko duten eskubidearen kalterako bada; izan ere, profesionalek atzipen eskubidearen aurka egin dezakete haien ohar subjektiboen erreserba erabiliz.

Hildako pertsona baten historia klinikoa atzitzerik badago?

Pazientearen Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubideak eta Betebeharrak erregulatzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legearen 18.4 artikuluak (leiho berri batean irekitzen da) (ES) baimena ematen die hildako pazientearekin ahaidetasun edo izatezko harremana duten pertsonei hildakoen historia klinikoak atzitzeko, hildakoak ez badu berariaz debekatu bere historia lagatzea. Horrez gain, legeak dioenez, osasunean arriskuren bat izan dezakeela-eta, beste hirugarren batek ere historia klinikoa atzitu nahi badu, beharrezko datuak baino ezingo ditu atzitu.

Seguru daude historia klinikoan agertzen diren pazienteen datuak?

Medikuntza pribatuan aritzen diren medikuek nahiz osasun-zentro publiko eta pribatuek nahitaez aplikatu behar dituzte segurtasun-maila egokia lortzeko neurri tekniko eta antolakuntzakoak, kontuan hartuta eskura dagoen puntako teknologia eta aplikazioaren kostua, bai eta tratamenduaren nolakotasuna, eremua, testuingurua eta helburuak ere, eta halaber pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako tratamenduak izan ditzakeen askotariko probabilitate eta larritasun-mailako arriskuak.

Nolanahi ere, inplementatzen diren segurtasun-neurriek bermatu behar dute daten konfidentzialtasuna, baita osotasuna eta eskuragarritasuna ere; gainera, gorabehera fisiko edo tekniko bat gertatuz gero datu pertsonalen eskuragarritasuna berrezar liteke. Ezarritako segurtasun-neurriak aldian-aldian ebaluatu behar dira.

Nire historia klinikoa edonork ikusi ahal du?

Tratamenduaren arduradunak (normalean medikuak, osasun-zentroak edo osasun-administrazioak) eta eragileak (kanpoko zerbitzuen emaileek, adibidez hirugarren entitate batzuekin kontratatutako odol-analisiak nahiz bestelako probak egiten dituztenek) beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, beren agintaritzapean jarduten duten pertsona guztiek, datu pertsonaletarako irispidea dutenean, datu horiek haien jarraibideen arabera tratatu ahal izan ditzaten.

Osasun-arloko profesional batek historia kliniko baterako irispidea izango du bere lana egiteko beharrezkoa delako. Ez da zilegi irispidea izatea beste kasu batzuetan: jakin-mina asetzeko, paziente bati buruzko informazioa ezagun bati edo auzoko bati emateko...

Osasunari buruzko datuak laga ahal zaizkio datuok bildu eta tratatu dituztenez bestelako entitate batzuei?

Bai, laga ahal dira, horretarako legitimaziorik badago. Adibide bat: osasun pribatuko erabiltzaile bat mediku batengana edo osasun-zentro batera joaten denean (aseguru-etxearen txartelarekin), medikuak beharrezkoa den gutxieneko informazioa ematen dio entitateari, emandako osasun-zerbitzugintza ordain dadin.

Enplegatzaileari informazioa eman ahal zaio bere enplegatuen osasun-datuei buruz, lan-arriskuen prebentzioko azterketara joaten direnean?

Ez. Enplegatzaileari ematen zaion informazioa da langilea lanerako GAI ala EZ GAI den, ala gai izan arren egokitzapenik behar duen; baina ezin diote informaziorik eman bere langileen proba medikoen emaitzei buruz.

Zein informazio jaso behar da baja-parteetan? Baja-parteak enplegatzaileari eskura jarri behar zaizkio?

Baja-parteak langilearen ezintasun-prozesua bideratzen ari den medikuak egiten ditu, eta partearen bi kopia ematen ditu: bat langilearentzat eta bestea lan egiten duen enpresan entregatzeko.

Bajaren parte medikoan langilearen datu pertsonalak agertuko dira eta, gainera, bajaren data, baja sortu duen kontingentzia, diagnostikoaren kodea, langilearen zereginaren kode nazionala, prozesuaren gutxi gorabeherako iraupena eta, hala badagokio, argibide bat, prozesua lehengo beste prozesu baten berrerortzea izanez gero eta, gainera, kasu horretan, prozesu berria sorrarazi duen prozesuaren bajaren data.

Halaber, hurrengo azterketa medikoa zein datatan egingo den agerraraziko du.

Paziente bati informazioa eman ahal diote telefono bidez bere osasun-egoerari buruz edo egin dizkioten proben emaitzari buruz?

Hasieran, hirugarren bati informazioa emateko arriskua egongo litzateke eta, beraz, segurtasun-arrazoiengatik ez litzateke halakorik egin behar.

Egin ahalko litzateke baldin eta informazio-eskatzailea identifikatzeko protokolorik balego. Horretarako eskatuko lirateke izen-abizenak, NAN zenbakia, deitzeko erabiltzen duen telefono-zenbakia –profesionalari bere garaian eman zion berbera–, posta elektronikoko helbidea, osasun-txartelaren zenbakia eta abar…

Ziur jakin beharko litzateke titularrak berak eskatzen duela informazioa.

Bideozaintzarako kamerarik egon daiteke ospitale batean edo osasun-zentro batean?

Bideozaintzarako kameren helburua da pertsonen eta instalazioen segurtasuna bermatzea; hortaz, instalatu ahal dira, baldin eta horren berri ematen bada, normalean informazio-kartel bat jarriz.

Informazioa eskatu ahal da: kamerek zein helburu duten, grabazioak zenbatean gordeko diren, eskubideak egikaritzeko aukerarik dagoen, eta instalazioaren arduraduna nor den. Normalean sarbideetan eta korridoreetan egon ohi dira, eta ez medikuaren kontsultaren barruan.

Ospitale batek jakinaraz dezake bertan ingresatu nautela eta non ingresatu nauten?

Ez. Adostasuna eskatu behar diote pazienteari edo haren senideei (pazienteak gaitasunik ez badu), informazio hori emateko. Egoera gatazkatsuak saihesteko oso garrantzitsua da informazio hori ezeren aurretik ematea eta pazienteari aditzera ematea alderdi praktikoan zein ondorio egon daitezkeen, informazioa emanez gero.

Medikuarengana joan izanaren frogagiria eska dezake senide bat osasun-zentrora laguntzen duen pertsona batek? Zein eduki izan behar du frogagiri horrek?

Langileen Estatutuak (leiho berri batean irekitzen da)eremu pribatuan eta 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (leiho berri batean irekitzen da)Administrazio Publikoen eremuan legitimitatea ematen dute pazientearen informazioa haren senideei edo harekin lotura duten pertsonei komunikatzeko, frogagiria eskatzen badute; hala, enplegatzailearen aurrean egiaztatu ahal da senidearen edo norberarekin izatezko harremana duen pertsonaren ebakuntzarengatik edo gaixotasunarengatik baimen ordaindua edukitzeko eskubidea, non eta pazienteak horri uko egiten ez dion.

Osasun-zentro batek egindako ziurtagiri edo frogagiriek minimizazioaren printzipioaren eskakizunak bete behar dituzte, eta lan-arloko baimena lortzeko eskubidea ematen duten inguruabarrak gertatzen direla egiaztatzeko ezinbestekoa den informazioa soilik jaso behar da beraietan.

Diagnostikorako osasun-zentro pribatuek Osasun Sailari nahitaez jakinarazi behar al dizkiote COVID-19ean positibo gisa diagnostikatutako pazienteen identifikazio-datuak?

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren (leiho berri batean irekitzen da), COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoaren arabera, COVIDaren probak egiteko baimena duten laborategi publiko eta pribatuek osasun-agintaritzei igorri behar dizkiete egindako proba guztien datuak (25. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)).

UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASTETXEAK

PUBLIKOTASUNA

Datuak babesteko araudiaren argitan egokia da unibertsitatez kanpoko ikastetxeek onartu diren ikasleen zerrendak argitaratzea?

Bai, ikastetxeak nahitaez jakinarazi behar du zein ikasle onartu diren; izan ere, ikasleak norgehiagokako prozeduraren bidez onartzen dira, eta prozedura horretan inguruabar jakin batzuk baloratzen eta puntuatzen dira.

Hala eta guztiz ere, datuak argitaratzean, informazioa bereizi gabe eman beharko da. Hain zuzen ere, onartutako ikasleen zerrenda ikastetxearen barruan dauden iragarki-ohol fisikoetan edo onarpena eskatu dutenak soilik sar daitezkeen web-orri batean argitaratuko da.

Onartutako ikasleen datuak argitaratzean baremoaren azken emaitza soilik agertuko da, ez da argitaratuko emaitza partzialik, hala bereziki babestu beharreko datu edo informazioak ematen badira edo familiaren ahalmen ekonomikoa agerian jartzen bada. Informazio «partzial» hori eskura izango dute onarpen-prozesuan parte hartu duten interesdunek, baldin eta erreklamazioa aurkezteko asmoa badute.

Zerrenda horiek beharrezkoak ez direnean, kendu egingo dira; dena dela, ikastetxean gordeko dira, erreklamaziorik aurkeztuko balitz ere.

Ikastetxeek iragarki-oholetan edo ikasgelen ateetan ikasleen zerrenda jarri ahal dute eskolen eta/edo jardueren arabera?

Bai, baldin eta ikasleei eta haien guraso edo tutoreei banaketa horren berri emateko bada, eta soil-soilik interesdun guztiek informazioa edukitzeko behar den arrazoizko denboran.

Ikastetxeak hezkuntza-arloko kudeaketarako plataformaren bat erabiltzen badu, komenigarria da ikasle, guraso edo tutore bakoitzak informazio hori eskuratzeko erabiltzaile-identifikazio bat eta dagokion pasahitza erabiltzea.

IRUDIEN GRABAZIOA, DATU BIOMETRIKOAK…

Ikasleen irudiak eskatu ahal dira espediente akademikorako haien adostasunik edo guraso edo tutoreen adostasunik gabe?

Bai, baldin eta irakaskuntza- eta orientazio-zereginetarako eskatzen badira, ikasle bakoitza bere espediente akademikoarekin identifikatzeko.

Praktiketan dauden irakasleek ikasleen datu pertsonalak erabili ahal dituzte unibertsitatean egiten dituzten lanetan?

Kasu honetan, ikasleen datuak disoziatu beharko dituzte; hala, ikasle horiek ezingo dira identifikatu eta, beraz, datuak ez dira erabiliko ikasleen hezkuntzarako, baizik eta irakaslearen prestakuntzarako.

Baliteke ikasleen datuak lehenago disoziatu gabe erabili ahal izatea baldin eta ikasleek edo haien guraso edo tutoreek adostasuna ematen badute, 14 urtetik beherako haurrak direnean.

Zein espediente akademiko eta zein datu eskuratu ahal dituzte irakasleek, ikastetxean matrikulatuta dauden ikasleen artetik?

Irakasleak eskola zein ikasleri ematen dien eta haien espediente akademikoa izan ahal du eskura. Ikastetxeko gainerako ikasleen espedienteetara irispidea izatea ez da bidezkoa.

Gainera, osasun-arloko informazioa ere eskura izango dute, baldin eta irakaskuntza-lana egiteko eta ikasleak behar bezala zaintzeko beharrezkoa bada. Halaber, eskura izan beharko du alergiei eta elikadura-intolerantziei buruzko informazioa ere, edo ikasleek behar izan ditzaketen sendagaiei buruzkoa ere, ikasleak behar bezala zaindu ahal izateko ikastetxean bertan nahiz ikastetxetik kanpo egiten dituzten jardueretan, halakoak irakaskuntza-programazioaren barruan badaude (txangoak, bidaiak…).

EBALUAZIOA

Unibertsitatean gertatzen denaz bestela, ikaslearen ebaluazioa argitaratzea ez dago beren-beregi araututa, baina argi dagoenez, lortutako notak kalifikatzea eta komunikatzea hezkuntza-eginkizunaren berezko jarduera bat da.

Gurasoek beren seme-alaba adinez nagusien kalifikazioak eskatu ahal dituzte?

Ikasleak adinez nagusiak badira (18 urte), haien gurasoek eskatu ahalko dute kalifikazioetara irispidea izateko haien seme-alaben hezkuntza-gastuez edo elikadurarako gastuez arduratzen direnean; beraz, kasu honetan gurasoen interes legitimoa dago beren seme-alaba adinez nagusien mantenuarengatik, haien ikasketen bilakaerari buruz; bada, seme-alaba horien eskubide eta askatasunak ez daude interes horren gainetik.

Nolako informazio akademikoa eman behar da gurasoak bananduta daudenean?

Orokorrean, bi gurasoek eskubidea dute beren seme-alaben hezkuntza-prozesuari buruz informazio berbera jasotzeko; horrek esan nahi du ikastetxeak informazio horren bi kopia igorri beharko dituela, salbu eta guraso-ahala gurasoetako bati kentzeko ebazpen judizial bat edo adingabearekin edo haren familiarekin komunikatzeko debekatzen duen neurri penal bat aurkezten bada.

Eskolako kalifikazioak argitaratu ahal dira?

Orokorrean, kalifikazioak ikasleei beraiei, gurasoei edo tutoreei eman behar zaizkie. 

Kalifikazioak hezkuntza-plataformen bitartez argitaratzen badira, kalifikazio horietara irispidea izan ahalko dute soilik plataformarako sarbidea izateko kredentzialak dituztenek, ikasleek, gurasoek edo tutoreek, eta irispidea ezingo du eduki beste inork ere.

Ikasleen datuak autonomia-erkidegoaren barruko eta kanpoko beste ikastetxe batzuei eman ahal zaizkie?

Bai; lekualdatzerik egonez gero, Hezkuntzako Lege Organikoak baimendu egiten du datuak ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxe berriari komunikatzea, hari edo haren guraso edo tutoreei adostasunik eskatu behar izan gabe.

Ikasleen trukerako edo autonomia-erkidegotik kanpoko beste ikastetxe batzuetan egin beharreko aldi baterako egonaldietarako ere bidezkoa izango litzateke ikaslearen datu pertsonalak komunikatzea, ikastetxe horrek bere irakaskuntza-lana eta lan horri dagokion administrazio-kudeaketa bete ahal izan ditzan. Dena dela, hezkuntza-jarduera behar bezala egiteko eta adingabea zaintzeko beharrezkoak diren datuak besterik ez dira transmititu beharko. Kasu horietan guraso-ahalaren titularren baimena ere beharko da, ikasleak truke-programetan edo aldi baterako egonaldietan parte hartu ahal izan dezan.

Hezkuntza-administrazioari, Segurtasun Indar eta Kidegoei eta gizarte-zerbitzuei eman ahal zaizkie ikaslearen datuak?

Hezkuntza-administrazioa: bai, ikastetxeek ikasleen datu pertsonalak komunikatuko dituzte beharrezkoak badira beren eskumenak betetzeko, adibidez tituluak emateko.

Gizarte-zerbitzuak: bai, baldin eta gizarte-zerbitzuek hala erantzuna eman ahal badiote adingabearen arrisku- edo babesgabetasun-egoerari. Kasu honetan, datu pertsonalak komunikatuko dira adingabearen interes gorenaren, Adingabeen Babes Juridikoaren Lege Organikoan (leiho berri batean irekitzen da) (ES) jasota dagoen horren babesean, eta interesdunen adostasuna ez da beharrezkoa izango.

ONLINE ESKOLAK ETA AZTERKETAK

Ikastetxeek online eskolak eman eta online azterketak egin ote ditzakete interesdunen adostasunik gabe?

Irakaskuntza arautuan, online eskolak ematean nahiz online azterketak egitean, datuen tratamendu bat egiten ari da, eta horretarako ez da ikasleen adostasuna behar, ezta haien guraso edo tutoreena ere; izan ere, legitimatuta dago interes publikoko xede bat egiteagatik, hau da, hezkuntza-eginkizuna betetzeagatik, zeina lege-mailako arau batean xedatuta baitago, Hezkuntzako Lege Organikoan (leiho berri batean irekitzen da), alegia (23. xedapen gehigarria). Irakasleen adostasuna ez da behar, haiek kontratu- edo estatutu-harreman bete behar baitute hezkuntza-eginkizuna egiteko.

Bitarteko teknologikoak (plataformak, aplikazioak…) eskura jartzen dituztenek, berriz, datu pertsonalak tratatzen dituzten neurrian, tratamenduaren eragile dira datuen arduradunen kontura; azken horiek dira ikastetxeak eta hezkuntza-administrazioak, ikastetxearen titularra zein den kontuan hartuta. Arduradunek eragileak hautatu eta kontratatu behar dituzte Erregelamendu Orokorrak eskatzen duenaren arabera (28. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)) eta, zeregin horretarako, datuak babesteko ordezkarien aholkua baliatu ahal dute. Datuak babesteko ordezkariak nahitaez izendatu behar dira hezkuntzarako eskubidea arautzen duen legerian (3/2018 Lege Organikoaren, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoaren 34.1.b artikulua (leiho berri batean irekitzen da)) ezartzen diren maila guztietan.

Halaber, irakasleek, hezkuntza-eginkizuna online betetzen dutenean, datuen tratamenduaren arduradun diren ikastetxeek edo hezkuntza-administrazioak euren esku jarri dituzten bitartekoak erabili beharko lituzkete.

Nolako zuhurtasunaz jokatu behar da online eskoletan eta online azterketetan?

Ikastetxeek edo hezkuntza-administrazioak ezarritako protokolo, jarraibide, gida edo orientabideei jarraitzeaz gain, eta ebaluazio-probak eta online eskolak kontrolatzeko eskura jarritako neurri egoki eta proportzionalak hartzea ezertan galarazi gabe, horiek guztiak egitean ahalik eta gutxien ukitu beharko da ikaslearen, familien eta irakasleen pribatutasuna; hartara, ahal dela, gizarte, ekonomia, erlijio edo ideologia arloetan haien ezaugarriak agerian jartzen duen informazio pertsonalik ez da atzituko.

Ahal den neurrian, eta bideragarria bada, eskolak emateko eta azterketak egiteko, ikasleen eta irakasleen etxebizitzetan neutroena den lekuan egin beharko dira, eta irudiak gehienez ere azterketak berrikusteko ezarritako denboran kontserbatu beharko dira, ez luzaroago.

Nolanahi ere, irudi eta audio umiliagarri eta iraingarriak grabatzea eta hedatzea datuak babesteko araudiaren urraketa da eta, gainera, bestelako erantzukizunak ere sor daitezke.

Online eskolen bitartez irakaskuntza-lana egiteko haren irudia/ahotsa erabiltzeari uko egin ahal dio irakasle batek?

Ahotsa eta irudia datu pertsonalak dira, zuzenean edo zeharka pertsona bat identifikatzeko aukera ematen baitute; beraz, irudi horiek atzitu, grabatu edo erreproduzitzea datuen tratamenduak dira, eta datuak babesteko araudiaren mendean daude oso-osorik. Aldiz, irudien bidez pertsona bat identifikatzea ezinezkoa bada (bizkarra soilik ikusten zaiolako edo bere irudia pixelatuta dagoelako), ez dago datu pertsonalik.

Baldin eta tratamenduaren helburua bada aurrez aurreko eskoletara joan ezin den ikasle batek saioetara irispidea izateko eskubidea bermatuta izatea eta hala saihestea bazterkeria-egoerak gertatzea eta ikasle hori hezkuntza-prozesutik kanpo geratzea, ikastetxeak hainbat legitimazio-oinarri dauzka; alde batetik, lege-eginbehar bat betetzea (Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), kasu honetan irakaskuntza-eginkizuna egikaritzea, zeina Hezkuntzako Lege Organikoaren (leiho berri batean irekitzen da) 91. artikuluan jasotzen baita; eta bestetik, irakaslearen funtzionario-harremana edo kontratu-harremana, zeinaren bitartez irakasleak ikastetxean irakaskuntza-eginkizunak betetzen baititu (Erregelamendu Orokorraren 6.1.b artikulua (leiho berri batean irekitzen da)).

Hala eta guztiz ere, minimizatzeko printzipioa betetze aldera (Erregelamendu Orokorraren 5.1.c artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), irudia/ahotsa grabatzea bidezkoa izango litzateke baldin eta Hezkuntza Administrazioaren iritziz nahitaezkoa bada hezkuntza-zerbitzua kalitate-bermearekin emateko, ikasleek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea benetan eta modu efektiboan bermatze aldera.

Kasu horretan, eta gardentasunaren eta informazioaren printzipioa betetzearren, ikastetxeak abisuen bitartez hainbat alderdi komunikatu ahalko lituzke: irudiak ikusten, atzitzen edo erreproduzitzen dira irakaskuntza-xedeetarako eta ez beste ezertarako ere; ikasleek ezingo dituzte grabatu, ezta erreproduzitu ere, eskolen jarraipena egiteko eman zaizkien irudiak edo agiriak; izan ere, hala eginez gero, baliteke administrazio-erantzukizunak, erantzukizun zibilak edo penalak ere izatea; irakasleek nahiz ikasleek euren ingurunea egokitu beharko dute, hirugarrenak kameraren bidez ikus ez daitezen; horrez gain, Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) jasotzen diren gainerako alderdiak azaldu ahalko lituzke, adibidez interesdunek beren datu pertsonalei buruz dauzkaten eskubideak (datuak irispidean izateko eskubidea, datuak zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egitekoa eta abar).

UNIBERTSITATEAK

IRAKASKUNTZA

Irakasleek ematen dituzten eskolak grabatu ahal dira helburu diferenteekin?

Aurrez aurreko eskolak nahiz ez-presentzialak hainbat helburutarako eman daitezke, adibidez eskolak denbora ez-errealean emateko material gisa erabiltzeko, ebaluazioa prestatzeko ikasketa-material gisa, beste irakasgai edo ikastaro batzuetarako material lagungarri gisa… horietan guztietan, irudia, soinua eta testua grabatzeagatik datuak babesteko araudiak eta jabetza intelektuala babesteko araudiak babestutako datu pertsonalen eta edukien tratamendua egiten ari da.

Datuak babesteko araudian datuen tratamendu guztiak eraendu behar dituzten printzipio batzuk jasotzen dira, eta helburua mugatzeari buruzko printzipioak berekin dakar grabazioak irakasgaiaren eremuan soilik erabili behar direla, eta irakasleei eta ikasleei informazioa eman behar zaiela egiten ari den datu-tratamenduari buruz.

Ikasle batek eskola bere kabuz grabatu nahi badu, eskolara joaten diren guztiek adostasuna eman beharko dute.

Zer informazio eman behar da eskolak grabatzen ari direnean eta nola?

Eskola aurrez aurre nahiz modu ez-presentzialean hasi aurretik, eta eskola grabatzeari ekin aurretik, ikasleei ohartarazi beharko zaie saioa (irudia, soinua eta txata) grabatuko dela; hala, ikasleek informazioa izango dute horri buruz, eta Erregelamendu Orokorraren 12. artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) (EU-ES) xedatuta dagoena beteko da.

Halaber, ohartarazi beharko da grabazioak ezingo direla erabili irakaskuntza ez den beste zeregin baterako; beste ezertarako erabili nahi izanez gero, ukitu guztien berariazko adostasuna eduki beharko da .

Eskola ez-presentzialak ematen badira, ikasleei honako hau ohartarazi beharko zaie: eskola horietan zerbait esaten badute, esandako hori irakaskuntza-jardueraren zatitzat joko da eta komenigarria litzateke beren elkarreraginerako eremua egokitzea, familiaren eta hirugarrenen intimitatea babesteko.

Grabatutako eskolak hedatu/argitaratu ahal dira?

Eskolen grabazioa deskargatzea, banatzea edo hedatzea eta, bereziki, sare sozialetan edo apunteak konpartitzeko zerbitzuetan partekatzea datuak babesteko eskubidearen aurka doa, baita norberaren irudirako eskubidearen eta jabetza intelektualaren eskubideen aurka ere. Erabilera horiek debekatuta daude, eta baliteke arau-hausleak diziplina-, administrazio- edo ondare-erantzukizuna izatea.

Irakasleek beste helburu akademiko batzuetarako sortutako materiala erabili ahalko dute baldin eta beren irudia eta ahotsa agertzen badira, baina ez ikasleen edo hirugarren pertsonen irudia eta ahotsa agertzen badira, non eta ikasleen eta hirugarrenen berariazko adostasunik ez daukan.

Grabatutako eskolak zenbat denboran gorde behar dira?

Orokorrean, grabazioak gehienez ikasturtean egongo dira erabilgarri, non eta ez diren ikasleen ebaluaziorako ebidentziak.

Irakasle batek material horiek beste jarduera akademiko batzuetarako berrerabili nahi baditu, aurretiaz ikasleen edo hirugarren pertsonen datu pertsonal guztiak ezabatu beharko ditu, non eta interesdunek berariaz adostasunik eman ez duten.

Nolanahi ere, grabazio horren kopia bat –behar bezala blokeatuta– gorde ahalko da, unibertsitateak legezko betebeharrak bete ditzan.

Aurka egiteko eskubidea egikaritu ahal da eskola batean –aurrez aurre nahiz online eskola batean– grabatutako irudi, ahots eta abarrei buruz?

Bai, aurka egiteko eskubidea egikaritu ahalko da justifikazio egoki bat badago, adibidez, irakaskuntza-lanarekin zerikusirik ez duten irudiak grabatu badira, online ikastaroen kasuan senideren bat atzeko planoan agertzen bada…

Komenigarria litzateke unibertsitate-irakaskuntzako zentroak aurretiaz eta behar beste denbora lehenago prozedura bat prestatzea eskubide hori egikaritu ahal izateko, eta hala badagokio, ordezko konponbideak ere bilatzea.

Datu biometrikoak erabili ahal dira ikasleak online jardueretara joaten direla eta beraietan parte hartzen dutela kontrolatzeko?

Hasieran, ikasleak jardueretara joaten direla eta beraietan parte hartzen dutela kontrolatzeko, nahikoa da ikasgela birtualaren identifikazio- eta sarbide-sistema arruntak erabiltzea, baldin eta sistema horietan datu biometrikorik erabiltzen ez bada.

 

Unibertsitateak ikasleei eskatzen badie online irakaskuntzaren jarraipenerako bere gailuak (ordenagailua, tableta, mugikorra...) erabiltzeko, horrek zer eragin izango du datu pertsonalak babesteko eskubidean? Eta gailu horietan programa edo aplikazio jakin bat instalatzera behartzen baditu?

Ikasleen urrutiko konexioak berekin dakar datu pertsonalen tratamendua. Unibertsitateak tratamendu horren baldintzen berri eman behar du.

Eskolen jarraipenerako gailu konpartituak erabiltzen badira, hirugarrenen intimitatea gordetzeko profilak sortzea gomendatzen da, hala gordeko baita gailu horiek erabiltzen dituzten gainerako pertsonen pribatutasuna.

Ikasleei eskatu ahalko zaie aplikazioak beren ordenagailuetan instalatzeko baldin eta unibertsitateak aplikazio horien lizentzia badauka eta aplikazioek datu pertsonalen babesa bermatzen badute.

COVID-19

Zer izan behar da kontuan ikastetxeetan ikasleen tenperatura neurtzeko, COVID-19a heda ez dadin

Ikastetxeek ikasleen gorputzeko tenperatura neurtzea datu pertsonalen tratamendua da; beraz, datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudiaren xedapen eta printzipioak bete beharko dira, besteak beste legezkotasunaren printzipioa.

Datuak babesteko araudian berariazko manu batzuk jasotzen dira, COVID-19ak sortutakoaren antzeko egoeretan aplikatu ahal direnak, eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea babesten duten printzipio eta bermeak mantentzeko bidea ematen dutenak. 

Hezkuntzaren arloan, mota horretako datu-tratamenduen zilegitasunak honako oinarri hauek izan ditzake: interes publikoko xede bat betetzea, osasun publikoaren esparrua, ikasleen eta hirugarren batzuen bizi-interesak; eta, ikastetxeko irakasleei eta gainerako langileei dagokienez, enplegatzaileek duten lege-eginbeharra betetzea, hau da, ikastetxeetan lan egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzea.

Hala ere, neurri hori aplikatzeko eta, horrenbestez, datuen tratamendua egiteko, aurretiaz osasun-agintaritza eskudunek aztertu beharko dute tratamendu hori beharrezkoa ote den, eta, gainera, ukituen datu pertsonalak tratatzeko berariazko muga eta bermeak arautu beharko dituzte; kasu honetan, eta beste esparru batzuetan gertatzen denaz bestela, datuen tratamendua egiteko tenperatura neurtzea aurreikusten da.

Tenperaturaren neurketa ez da bakarka aztertu ahal den elementu bat; aitzitik, zantzu bat izan daiteke, eta osasunaren ikuspuntutik behar bezala egiaztatu behar da; nolanahi ere, tenperatura neurtzeaz gain, protokolo bat ezarri beharko da, ikastetxeek hartu behar dituzten neurriak zehazteko. 

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak Hezkuntzako Konferentzia Sektorialarekin koordinatuta hartutako Erabakian (leiho berri batean irekitzen da), ikastetxeentzat osasun publikoko jarduera koordinatu batzuk adierazi ziren, 2020-2021 ikasturtean COVID-19aren aurka egiteko. Kasuak kudeatzeko eta ikastetxeek agerraldietan behar bezala jokatzeko hartu beharreko neurrien artean jasotzen denez, ikastetxeetako ikasle eta langile guztiei tenperatura neurtzeko zaie irakasteguna hasi aurretik. Ikastetxe bakoitzak erabakiko du jarduera hori zein modutan egingo duen; nolanahi ere, jende-pilaketak saihestuko ditu eta, ahal dela, pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia zainduko du.

Autonomia-erkidegoek ezarri behar dituzte euren iritziz egokiak diren irizpide eta prozedurak, kontuan hartuta epidemiologia aldetik zein egoera duten; osasunari buruzko datuen tratamenduari dagokionez, datuak babesteko araudian agertzen den berme-sistemari egokitu beharko zaizkio.

Nolanahi ere, tenperatura-neurketetatik lortutako datuen tratamenduak datuak babesteko araudia bete behar du eta, horregatik, eta beste betebehar batzuen artean, pandemia geldiarazteko helburu zehatzari jarraitu behar dio, helburu horretara mugatu behar da eta ez da beste batzuetara hedatu behar. Gainera, datu horiek xede legitimo hori betetzeko behar den denboran baino ez dira kontserbatu behar.

  

Ikastetxe batek COVID-19ean positibo diren kasuei buruzko informazioa eman al dezakete data eta ikasleen maila eta ikasgelaren letra adierazita?

Lortu nahi den informazioak zuzenean edo zeharka ikasle bat identifikatzeko aukera ematen duenez, datu horiek datu pertsonalak dira, osasunari buruzko datuak direnez datu-kategoria berezien barruan sartzen dira eta, hasieran, halako datuak hirugarrenei komunikatzea debekatuta dago (Erregelamendu Orokorraren 9.1 artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), salbu eta datuen tratamendua legitimatzen duten oinarri juridikoetako bat –Erregelamendu Orokorraren 9.2 artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) agertzen direnen artean– gertatzen bada.

Informazio publikoa eskuratzean datuak babesteko araudia bete behar da (abenduaren 9ko 19/2013 Legearen, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoaren 15. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), eta gardentasunaren eremu horren barruan, hezkuntza-arloko administrazioak ezin die ikastetxeko gurasoei informaziorik eman, hala COVIDa duen gaixo bat zuzenean edo zeharka identifikatu ahal bada. Nahikoa litzateke gurasoei ikastetxeak une bakoitzean izan duen eta unean duen kasu positiboen kopuruaren informazioa ematea; izan ere, datu gehiago emanez gero, baliteke gaixorik dagoen ikasle hori zeharka identifikatu ahal izatea.

Aitzitik, apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzkoan, urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean, Osasun Publikoari buruzkoan (leiho berri batean irekitzen da) eta ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euspen eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoan ezarrita dagoenaren arabera, osasun-arloko administrazioak legitimitatea dauka informazio hori eskuratzeko.

 

ERROLDA

Udal erroldako datuak udaltzaingoari laga ahal zaizkio, hark bere eginkizunak bete ditzan?

Bai, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  •  Ziurtatzea egokiak, beharrezkoak eta ez gehiegizkoak diren datuak erabiltzen direla, orokorrean izena, abizenak eta helbidea.

  •  Datuak espediente jakin batzuei buruz komunikatzea behar bezala justifikatutako beharrizanetarako, alegia, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Legean ezarrita dauden Udaltzaingoaren/Ertzaintzaren interes publikoko zereginetarako.

  •  Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzea.

  •  Erroldako datuak Poliziari ezingo zaizkio inola ere komunikatu modu masiboan.

Komenigarria da bitarteko teknikoak ezartzea; hala, udaltzaingoak, datu pertsonalak komunikatzeko, bere bulegoetan bertan udal erroldara irispidea izan ahalko du, lehenago azaldu diren baldintzak kontuan hartuta.

Toki Administrazioak erroldako datuak erabili ahal ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko?

Bai, erroldako datu horiek erabiltzen badira herritarren beharrizan eta gogoak betetzeko lagungarriak izango diren jarduerak sustatzeko eta zerbitzu publikoak emateko, bai eta Toki Administrazioaren jarduerari buruz informaziorik zabalena emateko eta herritarrek gizarte-bizitzan parte har dezatela bideratzeko ere. (Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen 25. (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) eta 69. (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) artikuluak).

Higiezin bat errentan uzten duen jabe bati komunikatu ahal zaio erroldan inskribatuta dauden pertsona guztien informazioa?

Orokorrean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) legitimitatea ematen du erroldako datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko ukituaren adostasunik gabe. Datu horiek nahitaezkoak izan behar dira eskaria egin duten administrazio horiek euren eskumenez baliatu ahal izateko, eta bakar-bakarrik lagako zaizkie helbidearen edo egoitzaren gaineko datuak ezinbestekoak badira.

Halaber, erroldako datuak erabili ahalko dira estatistika ofizialak prestatzeko, eta estatistika horiei buruz sekretu estatistikoa bete beharko da.

Dena dela, higiezinaren jabeak interes legitimoa aldarrikatu ahal du, eta udalak hori kasuz kasu aztertu beharko du, hirugarrenen datuak lagatzeko legitimitatea emateko, baldin eta errentatzaileak eta errentariak itun bat badute, zeinaren bitartez azken horrek errentatzaileari higiezinean erroldatuta egoteari buruzko agiriaren kopia bat emango dion.

Udal batek erroldako datuak komunikatu al diezazkioke boluntariotza-elkarte bati udalerriko adinekoekin telefono bidez harremanetan jartzeko eta, hala, COVID-19aren krisiak sorrarazitako isolamendu-egoeran beharrezkoa den laguntza emateko?

Udal errolda udalerriko auzotarrak jasota agertzen dituen administrazio-erregistroa da. Erroldako zehaztasunak udalerrian bizilekua izan eta bertan ohiko egoitza izatearen froga dira, eta hala arautzen da Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean (leiho berri batean irekitzen da). Lege horren 16.3 artikuluak onartzen du erroldako datuak komunikatzea administrazio publikoei, halakorik eskatzen badute, eta interesdunen adostasunik gabe gainera, baldin eta datu horiek beharrezkoak badira administrazio horiek beraien eskumenez balia daitezen edo egoitzaren edo helbidearen datua oso garrantzitsua bada. Halaber, legitimazioa ematen da, datuak Udalak berak trata ditzan, bere eskumenak betetze aldera, baldin eta egoitzaren edo helbidearen datua garrantzitsua bada.

Horrenbestez, Udalak harremanetan jarri beharko du herritarrekin eta hark boluntarioen telefono-zenbakia edo harremanetarako helbidea eman beharko die, behar duten laguntza eskatzeko.

 

OSOKO BILKURA ETA ZINEGOTZIAK

Udalen osoko bilkuraren bilerak grabatu eta zabaldu ahal dira bertaratutakoen adostasunik gabe?

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak (leiho berri batean irekitzen da) diotenez, osoko bilkurak grabatzeko eta grabazioen zabalkunderako adostasuna eskatu behar izatetik salbuesten duen lege-gaikuntza dago. Hala eta guztiz ere, salbuespen hori dena delako osoko bilkuraren bileran parte hartu dutenei soilik aplikatu beharko litzaieke, eta ez parte hartu duten edo gonbidatuta egon diren beste pertsona batzuei; izan ere, ordezkaritza-organo horretako kideen eginkizuna da beren irudien eta ahotsaren tratamendua onartzea, adostasunik adierazi gabe eta, ahal dela, ahalegina egin beharko da gonbidatuen edo parte-hartzaileen irudirik edo ahotsik ez atzitzeko.

Nolanahi ere, bilerak grabatzen direla adierazten duten informazio-kartelak jarri beharko dira edonork ikusteko moduan.

(DBEBren irizpena D20-019)

Udaletxeko iragarki-oholean edo udal web-orrian Osoko Bilkuraren bileren aktak argitaratu ahal dira?

Datu pertsonalak jasotzen dituzten udal osoko bilkuren aktak argitaratzeko, datuak babesteko araudia bete beharko da Osoko Bilkuran eztabaidatutako gaiei edo dagokien aldizkari ofizialean argitaratu beharreko xedapenei buruzkoak direnean, baldin eta eztabaidatu diren eta herritarrei jakinarazi behar zaizkien gaiei buruzko informazioa ematearen helbururako egokiak, bereizleak eta neurrikoak ez diren datuak ezabatu badira. Laburbilduta, akten laburpena argitaratu beharko da; tokiko araudiaren arabera ezin da akta oso-osorik argitaratu. Hori ezinezkoa bada, ukituek aurretiaz adostasuna eman beharko dute.

Nolanahi ere, Toki Administrazioak eztabaida eta botazioa sekretuak direla deklaratzeko ahalmena egikaritzen duenean, dagozkion aktak argitaratu ahalko dira, horrek herritarren ohorea eta intimitatea ukitzen dituelako.

Bideozaintzarako kamerarik instalatu ahal da jabeen erkidego batean?

Jabeen erkidegoetan bideokamerak instalatzeko, aurretiaz jabeen batzarraren akordioa beharrezkoa izango da.

Jabeen erkidegoan, kamerak guztientzako eremuetan soilik instalatu ahalko dira, eta ezingo da bide publikoko irudirik atzitu, higiezinerako sarbideen zati txiki-txiki bat kenduta.

Lur eta etxebizitza mugakideen irudiak edo jabeen erkidegokoa ez den beste edozein eremutako irudiak ere ezingo dira atzitu.

Bestalde, honako hau bereziki kontuan hartu beharko da:

  • Bideoz zaindutako eremurako sarbideetan, erraz ikusteko moduko leku batean kartel bat edo batzuk instalatuko dira, jendeari jakinarazteko bideoz zaindutako eremu batean sartzen ari dela.

  • Kartelak argi adieraziko du datuen tratamendua dagoela; halaber, arduraduna nor den adieraziko da, eta azalduko da Erregelamendu Orokorraren 15.etik 22.era bitarteko artikuluetako (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) eskubideak egikaritzeko aukera dagoela. Gainera, datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio gehiago non eskuratu ahal den adieraziko da.

DBEBk kartelaren eredu bat dauka.

  • Irudietara irispidea izango dute jabeen erkidegoak izendatutako pertsonek soilik.

Bizilagunek ez dute inola ere irispiderik izango telebista-kanal komunitarioak erabiliz.

Irudiak Interneterako konexio baten bitartez eskuratzen badira, erabiltzaile-kode baten eta pasahitz baten bitartez murriztuko da sarbidea (edo identifikazioa edo autentifikazio unibokoa egitea ahalbideratzen duen beste bitartekoren bat erabiliz).

Erabiltzaile-kode eta pasahitz horiek irudietara irispidea izateko baimenduta dauden pertsonek soilik jakingo dituzte. ·

Sistema instalatu ostean, pasahitza aldian-aldian aldatzea eta, ahal dela, erraz asma daitezkeen pasahitzak saihestea gomendatzen da. ·

  • Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan eskatzen den gainerako informazioa ukituen esku jarriko da. Informazioa atezaintzan, harrera-gunean, bulegoetan eta iragarki-oholean jarri ahalko da, edo bestela, Internet bidez eskuratu ahalko da.

  • Kanpoko bideozaintza-zerbitzu bat kontratatzeak edo hirugarren batek kamerak instalatzeak ez du esan nahi erkidegoak datuak babesteko legeria bete behar ez duenik.

Bideo-atezainak datuen babeserako araudiaren mendean daude?

Bideo-atezainak erabiltzen badira soilik txirrina jo duen pertsona nor den egiaztatzeko eta hari etxebizitzarako sarbidea emateko, datuak babesteko araudia ez da aplikatuko, tratamendua etxeko eremuan egiten delako.

Hala ere, zerbitzua irudiak etenik gabe erreproduzitzen eta/edo grabatzen dituzten prozeduren bitartez egituratzen bada, eta bereziki irudietan patioa eta/edo bide publiko mugakidea agertzen bada, edo eraikin baten atarian gertatzen diren egoeren irudiak grabatzen badira, osorik aplikatuko dira Erregelamendu Orokorra (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) eta 3/2018 Lege Organikoa (EUS-ES)(leiho berri batean irekitzen da) (ES)(leiho berri batean irekitzen da) , jarduera horiek eremu pertsonaletik eta etxeko eremutik harago doazelako.

Behatxulo digitalak: Jabeen erkidegoaren baimen berezirik behar dut nire etxeko atean behatxulo digital bat instalatzeko?

Hasieran, eta lehenago bideo-atezainei buruz azaldu dugun kasuan gertatzen den bezala, behatxulo digitalen erabilera datuak babesteko araudiaren aplikazio-eremutik kanpo geratuko litzateke etxeko tratamenduaren salbuespena aplikatuta, baldin eta txirrina jo duen pertsona nor den egiaztatzeko eta hari etxebizitzarako sarbidea emateko soilik erabiltzen badira. Hala ere, mota horretako behatxuloek irudiak erreproduzitzen eta/edo grabatzen badituzte, osorik aplikatuko da datuak babesteko araudia, eta kasu horretan:

Behatxulo hori instalatzeko, guztientzako eremuak (erkidegoko korridorea) agerian daudenez, jabeen batzarraren akordioa beharrezkoa izango da, eta gai hori aktan jasota geratuko da. Komenigarria litzateke akta horretan jasota geratzea zein diren sistema horren ezaugarriak eta zein eremu ikusten den sistema horren bitartez.

 

Irudiak helburu legitimoetarako grabatu beharko dira (Erregelamendu Orokorraren 6.artikulua (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES)).

 

Halaber, bideoz zaindutako eremurako sarbideetan erraz ikusteko moduko leku batean kartel bat edo batzuk instalatuko dira, jendeari jakinarazteko bideoz zaindutako eremu batean sartzen ari dela, behatxuloak irudiak eta grabazioak atzitzen dituelako etxearen ate aurrean mugimendua detektatuz gero. Kartelak argi adieraziko du eremua bideoz zainduta dagoela; halaber, arduraduna nor den adieraziko da, eta azalduko da noren aurrean egikaritu ahal diren datuak babesteko araudian onartutako eskubideak, edo nora jo behar den horretarako.

 

Irudi horiek gehienez hilabeteko epean gordeko dira atzitzen direnetik, eta Segurtasun Indar eta Kidegoei edo Epaitegi eta Auzitegiei emateko gorde ahalko dira, hala eskatzen badute, baina ezingo dira beste ezertarako ere erabili.

Itxurazko kamerak instalatuz gero datuak babesteko araudia aplikatu behar al da?

Erregelamendu Orokorra (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) eta 3/2018 Lege Organikoa (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) aplikatzen dira pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamendua egiten denean. Itxurazko kameren kasuan, beraz, ez dago tratamendurik, eta hori ez dago datuak babesteko araudiaren mendean; dena dela, baliteke pertsonen beste eskubide batzuk ukitzea (Auzitegi Gorenaren azaroaren 7ko 3505/2019 epaia (leiho berri batean irekitzen da) (ES)).

Dena den, benetako kamerak instalatu arren aktibatzen ez badira, bai, datuak babesteko araudia aplikatu beharko litzateke.

Hedabideek, kazetaritza-artikulu baten osagarri gisa irudiak erabiltzen dituztenean, datuak babesteko araudia urratzen dute?

Hedabideetan irudiak argitaratzen direnean Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan jasota dagoen informazio-eskubidea egikaritzen da.

Partikular baten ustez norberaren ohorerako eta norberaren nahiz senitartekoen intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea –Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan bermatuta dagoen hori– urratu bada legez kontrako esku-sartzea egin delako, bide judizialera jo beharko luke, maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoaren (leiho berri batean irekitzen da) (ES), Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoaren 9. artikuluan jasota dagoenaren babesean.

Halaber, kontuan hartu behar da honako hau, 1/1982 Lege Organikoaren 8.2 c) (leiho berri batean irekitzen da) (ES) artikuluaren arabera: «norberaren irudirako eskubideak ez du eragotziko gertaera edo jazoera publiko baten gaineko informazio grafikoa, pertsona jakin baten irudia bigarren mailako gisa agertzen denean». Beraz, informazio grafikoa, kazetaritza-informazio baten osagarri gisa erabiliz gero, ez da legez kontrako esku-sartzetzat joko.

Udaltzaingoaren ibilgailuetan edo enpresa baten ibilgailuetan GPS sistemak instalatzea datuak babesteko araudiarekin bat dator?

Enplegatzaileek zilegi izango dute geolokalizazio-sistemen bidez lortutako datuak tratatzea, langileak edo enplegatu publikoak kontrolatzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) (ES) eta funtzio publikoaren gaineko legerian, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak betetzen dihardutenean, baldin eta eginkizun horiek haien lege-esparruaren barruan eta esparru horri dagozkion mugen barruan egikaritzen badira.

Hala eta guztiz ere, enplegatzaileek gailu horien existentziaren eta ezaugarrien jakitun ipini behar dituzte langileak edo enplegatu publikoak eta, hala badagokio, haien ordezkariak, aldez aurretik, berariaz eta argi eta garbi. Orobat jakinarazi behar diete aukera dutela irispiderako eskubidea, zuzentzeko eskubidea, ezerezteko eskubidea eta tratamendua mugatzeko eskubidea baliatzeko.

Zer da informazio publikoa eskuratzeko eskubidea?

Abenduaren 9ko 19/2013 Legeak (leiho berri batean irekitzen da), Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko Bideari eta Gobernu Onari buruzkoak, pertsona orok informazio publikoa eskuratzeko eskubidea duela ezartzen du.

Informazio publiko dira Administrazio edo Instituzio Publikoen esku dauden eduki edo dokumentuak, haiek beren funtzioen jardunean egin edo eskuratu dituztenak, edozein formatu edo euskarritan daudela ere.

Zer da publikotasun aktiborako eskubidea?

19/2013 Legearen (leiho berri batean irekitzen da) arabera, Administrazio edo Instituzio Publikoek arlo juridikoari eta ekonomia-arloari buruzko informazioa argitaratu behar dute.

Hala ere, eginbehar horretarako muga batzuk daude, informazioaren izaera kontuan hartuta (Legeak berak 14. artikuluan zerrendatzen dituen gai batzuekin zerikusia badu) edo izaera pertsonaleko datuen babesaren zioz. Horrenbestez, informazioak bereziki babestutako datuak baditu, datu horiek bereizten direnean soilik argitaratuko da.

Eskatutako informazioan datu pertsonalak jasotzen badira, datuak babesteko eskubidea gailentzen da ala informazioa eman behar da?

Kasu honetan, honako hau izan behar da kontuan:

  • Eskatutako datuak ideologiari, sindikatu-afiliazioari, erlijioari edo sinesmenei buruzkoak badira, informazio hori eskuratzea baimendu ahalko da ukitutako pertsonaren berariazko baimen idatzia izanez gero, salbu eta pertsona horrek nabarmen eman baditu aditzera datuok, beroriek eskuratzea eskatu baino lehen.

  • Datuak arrazari, osasunari edo bizimodu sexualari buruzkoak badira, datu genetiko edo biometrikoak edo arau-hausleari ohartarazpen publikorik ez dakarkioten arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak badira, informazio hori eskuratzeko nahitaezkoa izango da ukituaren berariazko adostasuna edukitzea edo legeren baten babesa izatea.

  • Oro har, organoaren antolamendu, funtzionamendu edo jarduera publikoari buruzko identifikazio-datu hutsak badira, eta salbu eta datu pertsonalen babesa edo Konstituzioak babestutako beste eskubideren bat gailentzen bada, informazioa eskuratzeko baimena emango da.

  • Datuak bereziki babestuta ez badaude, aldez aurretik ponderatu beharko da informazioa hedatzeko interes publikoa, baita pertsonen eskubideak ere.

Aurreko puntuak ez dira aplikatu beharko baldin eta informazioa disoziatuta ematen bada, hau da, ukitutako pertsonak identifikatzea eragozten bada.

 

(DBEBren irizpena D18-010)

Arlo horretan sortzen diren auziak ebazteko eskumena Datuak Babesteko Espainiako Agentziak duen arren, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, laguntza emateko, gai horretan sortu diren auzi hauek argitaratzen ditu.

Jabeen erkidegoei datuak babesteko araudia aplikatzen zaie?

Pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamendua (kasu honetan erkidegoko higiezinen jabeen izen-abizenak, helbidea edo posta elektronikoko helbidea) egiten dutenez, datuak babesteko araudian xedatuta dagoena bete behar dute.

Jabeen erkidegoek datuak babesteko ordezkaria izendatu behar dute?

Erregelamendu Orokorraren 37. artikuluak (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) zehazki ezartzen du datu-tratamenduaren arduradunek zein kasutan izendatu behar duten datuak babesteko ordezkaria, eta jabeen erkidegoen kasuan ez litzateke halakorik behar.

Kudeaketa finken administratzaile baten esku utzi duten erkidegoek nola jokatu behar dute?

Jabeen erkidegoak finken administratzaile bat kontratatuta badauka, erkidegoa izango da tratamenduaren arduradun, eta administratzaileak tratamenduaren eragile gisa jardungo du. Jabeen erkidegoaren eta administratzailearen arteko harremanak datuen babesari buruzko araudia bete dezan, Erregelamendu Orokorraren 28. artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) jasotzen diren baldintzak bete beharko dira.

Tratamenduaren arduradunak eta eragileak eginbehar batzuk bete beharko dituzte; adibidez, tratamendu-jardueren erregistroa egin, informazio-eskubidea bete, datuak babesteari buruzko eskubideak artatu eta tratamenduak legitimoak diren ala ez zehaztu.

Tratamenduaren arduradunak eta eragileak legitimitatea dute erkidego bateko higiezinen jabeen datuak tratatzeko, datu horiek erkidegoaren gaien kudeaketa arrunterako beharrezkoak direnean; hala, Jabetza Horizontalaren Legean (EUS-ES) (ES) ezarritako legezko eginbeharrak betetzen dituzte. Beraz, jabeen datu pertsonalak Jabetza Horizontalaren Legean jasotakoez bestelako helburu batzuetarako tratatu nahi badira, jabe horien adostasun argia, berariazkoa eta informatua beharrezkoa izango da.

Jabeei komunikazioak egiteko berehalako mezularitza-sistemak (WhatsApp) erabili ahal dira?

Bai, jabeak hori eskura jartzen badu komunikaziorako kanal gisa. Hala ere, jabea talde batean ezingo da sartu haren adostasun argi, berariazko eta informaturik gabe.

Jabeen harreman-datuak kanpoko zerbitzu bati komunikatu ahal zaizkio larrialdi-egoeretan edo ezbehar bat gertatzen denean (adibidez, uholde bat gertatuz gero edo hodiak apurtuz gero), interesdunen adostasunik gabe?

Bai, ulertzen baita jabeen erkidegoak interes legitimoa duela ezbeharra ahalik eta lasterren konpontzeko eta, hala, kalteak saihesteko.

Finken administratzaile batek gorde ahal du jabe batek matxura bat komunikatzeko erabilitako posta elektronikoko helbidea, erkidegoaren kudeaketaren ondoriozko harremanetarako erabiltzeko, matxura zehatz horretatik aparteko gauzetarako?

Bai, baldin eta posta elektronikoko helbide hori jabeak eman badu eta finken administratzaileak erkidegoarekiko harremanak kudeatzeko erabiltzen badu. Beste edozertarako, adibidez publizitaterako edo marketinerako, jabeen adostasuna beharrezkoa izango da.

Tratamenduaren arduradunak edo eragileak erkidegoaren ohar-oholean jarri ahal dute zordun diren jabeen zerrenda?

Orokorrean, erkidegoaren atarian/ohar-oholean kuoten ordainketa egunean ez daukaten jabeen zerrenda argitaratzea ez dago datuak babesteko araudiaren babespean.

Hala eta guztiz ere, Jabetza Horizontalaren Legeak (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) aukera ematen du zordunen nortasuna eta zordun horiek erkidegoarekin dauzkaten zorrak argitaratzeko eta, horrenbestez, datu horiek jabeen batzarrerako deialdian sartzeko.

Salbuespen gisa, eta jabeari zitazioa edo jakinarazpena egiten saiatu arren hori egitea ezinezkoa bada jabeak zitazioetarako eta jakinarazpenetarako emandako helbidean edo, helbiderik egon ezean erkidegoarena den pisu edo lokal batean egitekoa ezinezkoa izan bada, erkidegoaren iragarki-oholean edo beren-beregi orokorrean erabiltzeko eta edonork ikusteko moduan prestatuta dagoen leku batean argitaratu ahalko da. Kasu horretan, argitaratutako dokumentuarekin batera agerrarazi beharko dira argitaratzeko arrazoiak, eta idazkari aritzen den pertsonak eginbidea egin beharko du.

Higiezin baten jabeek jabe berankorren nortasuna jakin ahal dute?

Bai, Jabetza Horizontalaren Legeak 16. Artikuluan (EUS-ES (leiho berri batean irekitzen da)) (ES (leiho berri batean irekitzen da)) honako hau dioelako: jabeen batzarrerako deialdian adieraziko da nor diren erkidegoarekin mugaeguneratutako zorrak ordaindu ez dituzten jabeak; bertan ohartaraziko da horiek guztiek boto-eskubiderik ez dutela izango. Beraz, zordunak nor diren jakiteko eskubidea dute.

Datuak babesteko araudiaren arabera egokia al da erkidegoaren legezko ordezkariak bankuari akten liburua erakutsi behar izatea kontu korronte bat irekitzeko edo erkidegoko karguetarako sinaduren urteroko aldaketa egiteko?

Bankuarekin kontu korronte bat irekitzeagatik eta erabiltzen hasteagatik, banku horrek jakin behar ditu legezko ordezkariaren identifikazio-datuak, bai eta urtero gertatzen diren aldaketak nahiz kontu horri buruzko eragiketetarako lehendakariak emandako sinadura-ahalmena –independentea edo baterakoa– duten erkidegoko kargudunen datu pertsonalak ere.

Hala eta guztiz ere, datu horiek komunikatzeko, jabeen erkidegoaren administratzaileak egindako ziurtagiria edo ahalordetzeko beste agiri bat erabili ahalko da.

Arlo horretan sortzen diren auziak ebazteko eskumena Datuak Babesteko Espainiako Agentziak duen arren, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, laguntza emateko, gai horretan sortu diren auzi hauek argitaratzen ditu.

Pertsona fisiko bat zein kasutan sartu ahal da «berankorren fitxategi» batean?

Pertsona fisiko baten datu pertsonalak berankorren fitxategi batean sartu ahalko dira baldin eta:

  • aldez aurretik benetako zor bat badago, mugaeguna beteta duena, exijitzeko modukoa eta ordaindu ez dena, berrogeita hamar eurotik gorakoa.

  • bost urte ez badira igaro zorra ordaindu beharra egon zenetik edo obligazioaren mugaegunetik edo epe zehatzaren amaieratik –aldizkako mugaeguna bada–.

  • datuak hartzekodunak edo haren izenean edo interesen alde jarduten duenak eman baditu; hain zuzen ere, gainera, hartzekodunak ukitua informatu behar du harekin zerikusia duten datuak ez-ordaintzeen sistema horietan sartzeko posibilitateaz eta Erregelamendu Orokorraren 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan (leiho berri batean irekitzen da) (EUS-ES) ezarritako eskubideak egikaritzeko posibilitateaz, zorra ez-ordaintzeen sistemari jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar eguneko epearen barruan.

Zorra ordainduta eduki arren berankorren sisteman agertzen jarraitzen badut, zer egin dezaket?

Hasieran, hartzekodunak komunikatu behar dio «berankorren fitxategien» tratamenduaren arduradunari zordunak bere eginbeharrak bete dituela eta, beraz, kopuru bat ere ordaindu gabe ez duela. Hain zuzen ere, hartzekodunak astebeteko epea izango du horren berri emateko.

Horren ondorioz, zorduna berehala ezabatuko da ez-ordaintzeen sistematik. Hala eta guztiz ere, gomendatzen da zordunak ere arduradunari komunikatu diezaiola diru-eginbeharrak bete dituela, sistema horietan agertzen ez jarraitzeko.

Enplegatzaileak Covid-19a duen langile baten osasunari buruzko datuen tratamendua egin dezake?

Osasunari buruzko datuak babes berezikoak dira; orokorrean, halako datuen tratamendua debekatuta dago (Erregelamendu Orokorraren 9.1 artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), salbu Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren manu horren 2. apartatuan azaltzen diren inguruabarretako bat gertatzen bada. Erregelamendu Orokorrean ezartzen diren salbuespenetako batzuk dira:

  • Interesdunak berariaz baimena ematea.
  • Lan-zuzenbidearen eta segurtasun eta babes sozialaren arloko betebeharrak betetzea.
  • Tratamendua beharrezkoa izatea prebentzio-medikuntzaren edo laneko medikuntzaren helburuetarako, langilearen lan-gaitasuna ebaluatzeko, diagnostiko medikorako, laguntza edo tratamendu sanitario edo soziala emateko, edo laguntza sanitario eta sozialerako sistemak eta zerbitzuak kudeatzeko.
  • Tratamendua beharrezkoa izatea osasun publikoaren alorreko interes publikoari buruzko arrazoiak direla medio, edo ukituaren edo beste pertsona batzuen bizi-interesak babesteko.

Informazio hori langileei galderak eginez ere lortu ahal da. Hala ere, galderak egingo beharko lirateke soilik jakiteko sintomarik dagoen, edo langilea kutsatu gisa diagnostikatu den edo berrogeialdian dagoen. Datuen minimizazioaren printzipioaren aurkakoa izango litzateke osasunari buruzko galdetegi luze eta xeheak egitea, edo gaixotasunarekin loturarik ez duten galderak izatea.

Horren haritik, gogora ekartzen da Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enplegatzaileei eta langileei eginbehar batzuk ezartzen dizkiela lan-arriskuen prebentzioaren arloan. Lege horren arabera, enpresak langile guztien segurtasuna eta osasuna babestu beharko ditu eta, arrisku larria dagoenean, gainerako langileak informatu beharko ditu arrisku horren inguruan eta langileen ordezkariekin ados jarrita hartu beharreko neurrien inguruan.

Informazio hori eragindako pertsona identifikatu gabe jakinarazi beharko litzateke, haren pribatutasuna mantendu ahal izateko. Dena dela, hori ere jakinarazi ahal izango litzateke, agintaritza eskudunek eskatuz gero, batez ere osasunaren arlokoak badira. Adibidez, langileen osasuna babesteko xedea bete badaiteke langileen artean kutsatutako pertsona bat dagoela esanda, baina horren identitatearen berri eman gabe, horrela jokatu beharko litzateke. Aldiz, helburu hori ezin bada lortu informazio partziala emanda, edo hori egitea ez dela gomendagarria esaten badute agintaritza eskudunek, bereziki osasunaren arlokoek, identifikaziorako informazioa eman ahal izango litzateke.

Datuen babeserako araudia ez litzateke erabili behar agintaritzek pandemiaren aurkako jarduerarako hartu dituzten neurrien efektibitatea oztopatzeko edo mugatzeko.

Gainera, lan-arriskuen prebentziorako araudiaren arabera, langileen ardura da, beren ahalmenen arabera, segurtasuna zaintzea, beraiena zein beren lankideena. Horrek zera esan nahi du: osasun-larrialdiko egoeran, gaixotasuna transmititzeko arrisku handia dagoela eta biztanle guztien osasuna babesteko neurriak zorrotz bete behar direla kontuan hartuta, langile batek sintomak dauzkanean, konfinatuta dagoenean edo COVID-19az gaixotzen denean, derrigorrezkoa da horren berri ematea enpresari, bere osasuna eta gainerako langileen osasuna babesteko beharrezkoak diren neurriak inplementa ditzan.

Hala ere, informazio hori tratatzean, enpresak datuak babesteko araudiak eskatzen dituen printzipioak errespetatu beharko ditu (Erregelamendu Orokorraren 5. artikulua), eta bereziki zilegitasuna, helburua mugatzea eta datuak minimizatzeko printzipioa; hala, tratatu beharreko datuak dena delako helbururako behar direnak izango dira, ez gehiago.

Pertsonen pribatutasunean eskua sartu behar izanez gero edozein modutan, proportzionaltasuna eta beharrizana aztertu beharko dira, eta tratamendua denbora aldetik mugatuta izango da; horren haritik, tratamenduaren arduradunak (enpresa) egin beharko du ponderazio hori, eta ahal dela, langileen osasuna zaintzeko eta babesteko eta birusaren hedapenari eusteko ezinbestekoak diren datuak bildu beharko ditu, baita gerora tratatu ere.

 

Segurtasuneko langileek langileen tenperatura neur dezakete koronabirus kasuak antzemateko?

Langileen osasun-egoera eurentzat, gainerako langileentzat edo enpresarekin zerikusia duten beste pertsona batzuentzat arriskutsua izan daitekeen egiaztatzea langileen osasun-zaintzarekin lotutako neurria da. Neurri hori, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen arabera (leiho berri batean irekitzen da), nahitaezkoa da enplegatzailearentzat, eta osasun-langileek egin beharko lukete.

Nolanahi ere, tenperatura-neurketetatik lortutako datuen tratamenduak datuak babesteko araudia bete behar du eta, horregatik, eta beste betebehar batzuen artean, koronabirusaren hedapena geldiarazteko helburu zehatzari jarraitu behar dio, helburu horretara mugatu behar da eta ez da beste batzuetara hedatu behar. Gainera, datu horiek biltzeko behar den denbora baino ez dute izan behar.

  

Ikastetxeek online eskolak eman eta online azterketak egin ote ditzakete interesdunen adostasunik gabe?

Irakaskuntza arautuan, online eskolak ematean nahiz online azterketak egitean, datuen tratamendu bat egiten ari da, eta horretarako ez da ikasleen adostasuna behar, ezta haien guraso edo tutoreena ere; izan ere, legitimatuta dago interes publikoko xede bat egiteagatik, hau da, hezkuntza-eginkizuna betetzeagatik, zeina lege-mailako arau batean xedatuta baitago, Hezkuntzako Lege Organikoan (leiho berri batean irekitzen da), alegia (23. xedapen gehigarria). Irakasleen adostasuna ez da behar, haiek kontratu- edo estatutu-harreman bete behar baitute hezkuntza-eginkizuna egiteko.

Bitarteko teknologikoak (plataformak, aplikazioak…) eskura jartzen dituztenek, berriz, datu pertsonalak tratatzen dituzten neurrian, tratamenduaren eragile dira datuen arduradunen kontura; azken horiek dira ikastetxeak eta hezkuntza-administrazioak, ikastetxearen titularra zein den kontuan hartuta. Arduradunek eragileak hautatu eta kontratatu behar dituzte Erregelamendu Orokorrak eskatzen duenaren arabera (28. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)) eta, zeregin horretarako, datuak babesteko ordezkarien aholkua baliatu ahal dute. Datuak babesteko ordezkariak nahitaez izendatu behar dira hezkuntzarako eskubidea arautzen duen legerian (3/2018 Lege Organikoaren, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoaren 34.1.b artikulua (leiho berri batean irekitzen da)) ezartzen diren maila guztietan.

Halaber, irakasleek, hezkuntza-eginkizuna online betetzen dutenean, datuen tratamenduaren arduradun diren ikastetxeek edo hezkuntza-administrazioak euren esku jarri dituzten bitartekoak erabili beharko lituzkete.

  

Nolako zuhurtasunaz jokatu behar da online eskoletan eta online azterketetan?

Ikastetxeek edo hezkuntza-administrazioak ezarritako protokolo, jarraibide, gida edo orientabideei jarraitzeaz gain, eta ebaluazio-probak eta online eskolak kontrolatzeko eskura jarritako neurri egoki eta proportzionalak hartzea ezertan galarazi gabe, horiek guztiak egitean ahalik eta gutxien ukitu beharko da ikaslearen, familien eta irakasleen pribatutasuna; hartara, ahal dela, gizarte, ekonomia, erlijio edo ideologia arloetan haien ezaugarriak agerian jartzen duen informazio pertsonalik ez da atzituko.

Ahal den neurrian, eta bideragarria bada, eskolak emateko eta azterketak egiteko, ikasleen eta irakasleen etxebizitzetan neutroena den lekuan egin beharko dira, eta irudiak gehienez ere azterketak berrikusteko ezarritako denboran kontserbatu beharko dira, ez luzaroago.

Nolanahi ere, irudi eta audio umiliagarri eta iraingarriak grabatzea eta hedatzea datuak babesteko araudiaren urraketa da eta, gainera, bestelako erantzukizunak ere sor daitezke.

Online eskolen bitartez irakaskuntza-lana egiteko haren irudia/ahotsa erabiltzeari uko egin ahal dio irakasle batek?

Ahotsa eta irudia datu pertsonalak dira, zuzenean edo zeharka pertsona bat identifikatzeko aukera ematen baitute; beraz, irudi horiek atzitu, grabatu edo erreproduzitzea datuen tratamenduak dira, eta datuak babesteko araudiaren mendean daude oso-osorik. Aldiz, irudien bidez pertsona bat identifikatzea ezinezkoa bada (bizkarra soilik ikusten zaiolako edo bere irudia pixelatuta dagoelako), ez dago datu pertsonalik.

Baldin eta tratamenduaren helburua bada aurrez aurreko eskoletara joan ezin den ikasle batek saioetara irispidea izateko eskubidea bermatuta izatea eta hala saihestea bazterkeria-egoerak gertatzea eta ikasle hori hezkuntza-prozesutik kanpo geratzea, ikastetxeak hainbat legitimazio-oinarri dauzka; alde batetik, lege-eginbehar bat betetzea (Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), kasu honetan irakaskuntza-eginkizuna egikaritzea, zeina Hezkuntzako Lege Organikoaren (leiho berri batean irekitzen da) 91. artikuluan jasotzen baita; eta bestetik, irakaslearen funtzionario-harremana edo kontratu-harremana, zeinaren bitartez irakasleak ikastetxean irakaskuntza-eginkizunak betetzen baititu (Erregelamendu Orokorraren 6.1.b artikulua (leiho berri batean irekitzen da)).

Hala eta guztiz ere, minimizatzeko printzipioa betetze aldera (Erregelamendu Orokorraren 5.1.c artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), irudia/ahotsa grabatzea bidezkoa izango litzateke baldin eta Hezkuntza Administrazioaren iritziz nahitaezkoa bada hezkuntza-zerbitzua kalitate-bermearekin emateko, ikasleek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea benetan eta modu efektiboan bermatze aldera.

Kasu horretan, eta gardentasunaren eta informazioaren printzipioa betetzearren, ikastetxeak abisuen bitartez hainbat alderdi komunikatu ahalko lituzke: irudiak ikusten, atzitzen edo erreproduzitzen dira irakaskuntza-xedeetarako eta ez beste ezertarako ere; ikasleek ezingo dituzte grabatu, ezta erreproduzitu ere, eskolen jarraipena egiteko eman zaizkien irudiak edo agiriak; izan ere, hala eginez gero, baliteke administrazio-erantzukizunak, erantzukizun zibilak edo penalak ere izatea; irakasleek nahiz ikasleek euren ingurunea egokitu beharko dute, hirugarrenak kameraren bidez ikus ez daitezen; horrez gain, Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) jasotzen diren gainerako alderdiak azaldu ahalko lituzke, adibidez interesdunek beren datu pertsonalei buruz dauzkaten eskubideak (datuak irispidean izateko eskubidea, datuak zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egitekoa eta abar).

 

Zer izan behar da kontuan ikastetxeetan ikasleen tenperatura neurtzeko, COVID-19a heda ez dadin?

Ikastetxeek ikasleen gorputzeko tenperatura neurtzea datu pertsonalen tratamendua da; beraz, datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudiaren xedapen eta printzipioak bete beharko dira, besteak beste legezkotasunaren printzipioa.

Datuak babesteko araudian berariazko manu batzuk jasotzen dira, COVID-19ak sortutakoaren antzeko egoeretan aplikatu ahal direnak, eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea babesten duten printzipio eta bermeak mantentzeko bidea ematen dutenak. 

Hezkuntzaren arloan, mota horretako datu-tratamenduen zilegitasunak honako oinarri hauek izan ditzake: interes publikoko xede bat betetzea, osasun publikoaren esparrua, ikasleen eta hirugarren batzuen bizi-interesak; eta, ikastetxeko irakasleei eta gainerako langileei dagokienez, enplegatzaileek duten lege-eginbeharra betetzea, hau da, ikastetxeetan lan egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzea.

Hala ere, neurri hori aplikatzeko eta, horrenbestez, datuen tratamendua egiteko, aurretiaz osasun-agintaritza eskudunek aztertu beharko dute tratamendu hori beharrezkoa ote den, eta, gainera, ukituen datu pertsonalak tratatzeko berariazko muga eta bermeak arautu beharko dituzte; kasu honetan, eta beste esparru batzuetan gertatzen denaz bestela, datuen tratamendua egiteko tenperatura neurtzea aurreikusten da. 

Tenperaturaren neurketa ez da bakarka aztertu ahal den elementu bat; aitzitik, zantzu bat izan daiteke, eta osasunaren ikuspuntutik behar bezala egiaztatu behar da; nolanahi ere, tenperatura neurtzeaz gain, protokolo bat ezarri beharko da, ikastetxeek hartu behar dituzten neurriak zehazteko.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak Hezkuntzako Konferentzia Sektorialarekin koordinatuta hartutako Erabakian (leiho berri batean irekitzen da), ikastetxeentzat osasun publikoko jarduera koordinatu batzuk adierazi ziren, 2020-2021 ikasturtean COVID-19aren aurka egiteko. Kasuak kudeatzeko eta ikastetxeek agerraldietan behar bezala jokatzeko hartu beharreko neurrien artean jasotzen denez, ikastetxeetako ikasle eta langile guztiei tenperatura neurtzeko zaie irakasteguna hasi aurretik. Ikastetxe bakoitzak erabakiko du jarduera hori zein modutan egingo duen; nolanahi ere, jende-pilaketak saihestuko ditu eta, ahal dela, pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia zainduko du.

Autonomia-erkidegoek ezarri behar dituzte euren iritziz egokiak diren irizpide eta prozedurak, kontuan hartuta epidemiologia aldetik zein egoera duten; osasunari buruzko datuen tratamenduari dagokionez, datuak babesteko araudian agertzen den berme-sistemari egokitu beharko zaizkio.

Nolanahi ere, tenperatura-neurketetatik lortutako datuen tratamenduak datuak babesteko araudia bete behar du eta, horregatik, eta beste betebehar batzuen artean, pandemia geldiarazteko helburu zehatzari jarraitu behar dio, helburu horretara mugatu behar da eta ez da beste batzuetara hedatu behar. Gainera, datu horiek xede legitimo hori betetzeko behar den denboran baino ez dira kontserbatu behar.

 

Ikastetxe batek Covid-19ean positibo diren kasuei buruzko informazioa eman al dezakete data eta ikasleen maila eta ikasgelaren letra adierazita?

Lortu nahi den informazioak zuzenean edo zeharka ikasle bat identifikatzeko aukera ematen duenez, datu horiek datu pertsonalak dira, osasunari buruzko datuak direnez datu-kategoria berezien barruan sartzen dira eta, hasieran, halako datuak hirugarrenei komunikatzea debekatuta dago (Erregelamendu Orokorraren 9.1 artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), salbu eta datuen tratamendua legitimatzen duten oinarri juridikoetako bat –Erregelamendu Orokorraren 9.2 artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) agertzen direnen artean– gertatzen bada.

Informazio publikoa eskuratzean datuak babesteko araudia bete behar da (abenduaren 9ko 19/2013 Legearen, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoaren 15. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)), eta gardentasunaren eremu horren barruan, hezkuntza-arloko administrazioak ezin die ikastetxeko gurasoei informaziorik eman, hala COVIDa duen gaixo bat zuzenean edo zeharka identifikatu ahal bada. Nahikoa litzateke gurasoei ikastetxeak une bakoitzean izan duen eta unean duen kasu positiboen kopuruaren informazioa ematea; izan ere, datu gehiago emanez gero, baliteke gaixorik dagoen ikasle hori zeharka identifikatu ahal izatea.

Aitzitik, apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzkoan, urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean, Osasun Publikoari buruzkoan (leiho berri batean irekitzen da) eta ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euspen eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoan ezarrita dagoenaren arabera, osasun-arloko administrazioak legitimitatea dauka informazio hori eskuratzeko.

Diagnostikorako osasun-zentro pribatuek Osasun Sailari nahitaez jakinarazi behar al dizkiote COVID-19ean positibo gisa diagnostikatutako pazienteen identifikazio-datuak?

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren (leiho berri batean irekitzen da), COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriei buruzkoaren arabera, COVIDaren probak egiteko baimena duten laborategi publiko eta pribatuek osasun-agintaritzei igorri behar dizkiete egindako proba guztien datuak (25. artikulua (leiho berri batean irekitzen da)).

 

Udal batek erroldako datuak komunikatu al diezazkioke boluntariotza-elkarte bati udalerriko adinekoekin telefono bidez harremanetan jartzeko eta, hala, COVID-19aren krisiak sorrarazitako isolamendu-egoeran beharrezkoa den laguntza emateko?

Udal errolda udalerriko auzotarrak jasota agertzen dituen administrazio-erregistroa da. Erroldako zehaztasunak udalerrian bizilekua izan eta bertan ohiko egoitza izatearen froga dira, eta hala arautzen da Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean (leiho berri batean irekitzen da). Lege horren 16.3 artikuluak onartzen du erroldako datuak komunikatzea administrazio publikoei, halakorik eskatzen badute, eta interesdunen adostasunik gabe gainera, baldin eta datu horiek beharrezkoak badira administrazio horiek beraien eskumenez balia daitezen edo egoitzaren edo helbidearen datua oso garrantzitsua bada. Halaber, legitimazioa ematen da, datuak Udalak berak trata ditzan, bere eskumenak betetze aldera, baldin eta egoitzaren edo helbidearen datua garrantzitsua bada.

Horrenbestez, Udalak harremanetan jarri beharko du herritarrekin eta hark boluntarioen telefono-zenbakia edo harremanetarako helbidea eman beharko die, behar duten laguntza eskatzeko.

 

Enplegatuak behartu ahal dira egunero etxean euren tenperatura neurtzera eta izena, abizenak, sinadura eta tenperatura jasoko dituen formulario bat betetzera eta gerora lan-arriskuen prebentzioaren arloko arduradunari horren berri ematera?

Erantzukizunpeko adierazpen hori aurkezteak lege-babes nahikoa du azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzkoak (leiho berri batean irekitzen da), langileen osasuna zaintzeari dagokionez enplegatzaileari ezartzen dizkion eginbeharretan (15. eta 22. artikuluak).