XXXXX Udalak futboleko udalekuak antolatu zituen udan 9 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Izena ematea egiteko, honako datuak eman behar izan ziren: izena, bi abizenak, familiaren helbidea eta gurasoen edo tutoreen baimen idazkia.

Udalekuak bukatu ondoren, Udalak udalekuan hartutako argazki batzuk erabili zituen udalaren kirol-jardueren zabalkunderako bideo bat egiteko.

Argazkiak oso politak baziren ere, adin txikiko baten gurasoek eskatu zuten haien alaba agertzen zen argazki guztiak kentzeko. Udalaren ustez, argazki horiek udal jarduera batean hartutakoak zirenez, ez ziren adin txikikoarentzat iraingarriak, eta gainera herriko gazteen irudi ona emateko baliagarriak ere izan zitezkeen argazkiok.

Udalaren erantzuna ikusita, halakoetan gurasoek DBEBra jo dezakete, www.avpd.eus web orrian eskura daitekeen salaketa eredua ikusi eta Bulegoari esku hartzeko eskatu.

Bestalde, kontuan hartuta hasierako datu bilketan ez zegoela aurreikusita zabalkunde edo publizitate helburua, publizitate helburua duen datu tratamendu hori egiteko ez zen baimenik eman, eta horrek urratu egiten du datu pertsonalak babesteko eskubidea. DBEBk arau-hauste bat deklaratuko zion udalari.

XXXXX institutuak sarbide libreko web orria du eta 3. mailako A taldeko ikasleen literaturako azken azterketaren emaitzak argitaratu zituen bertan.

Kalifikazio oso ona atera zuen ikasle batek eskatu zion institutuari bere notak kentzeko, ez zuelako noten zabalkundea egiteko baimenik eman.

Institutuak esan zuen ez zegoela noten zerrenda kendu beharrik, ikastetxeko ikasleek eta gurasoek baino ezin zituztelako ikusi eta erabiltzaile eta pasahitz pertsonalak erabilita bakarrik.

Horrez gain, ikusita erreklamazioa egin zuen ikasleak nota ona atera zuela, institutuak iritzi zion ikasleari ez zitzaiola kalterik egin.

Ikasleak DBEBri egin zion kontsulta eta Bulegoak zera erantzun zion:

  • Derrigorrezko irakaskuntzako notak argitaratzeko, nahitaezkoa dela hasieratik baimena ematea.
  • Ikasleak berak, gurasoek edo tutoreek bakarrik ikus ditzaketela notak, eta norbere notak bakarrik, ez inorenak.
  • Nahiz eta nota ona izan eta itxuraz horrek kalterik ez egin, legearen aurkako datu tratamendu bat dela, hasieran ez zelako horretarako baimenik eman.