Identitatea lapurtzea

 
 

Zure informazio pertsonala oso baliotsua da:

  • Ahazten bazaizu bankuari edo kreditu txartelaren hornitzaileari esatea helbidea aldatu duzula, sekulako oparia egiten ari zara identitate-iruzurgileei.
  • Ezezagunen mezu elektronikoei erantzuten badiezu, zure helbide elektronikoa ematen ari zara.
  • Hainbat hartzaileri mezu bera bidaltzen badiezu, baina CCO (ezkutuko kopia) eremua erabili gabe, horien denen helbide elektronikoak erabiltzen ari zara.

Identitatearen lapurreta prebenitzeko oinarrizko aholkuak

Oinarrizko aholku hauek kontuan hartzen badituzu, zure informazioaren segurtasuna bermatuko duzu eta nekezagoa izango da zure identitatea lapurtzea, maiz guk geuk sortzen dugulako arriskua.

Identitatearen lapurreta prebenitzeko oinarrizko aholkuak honakoak dira:

  • Ondo gorde informazio pertsonala duten dokumentu guztiak, adibidez, gidabaimena, pasaportea, bankuko ordainagiriak, zerbitzu publikoen fakturak edo kreditu txartelarekin egindako transakzioak leku seguruan.
  • Dokumentu pertsonalak, behar ez badituzu, txikitu edo suntsitu; inork ezin dezan lapurtu zure izena, helbidea edo bestelako edozein datu duen dokumenturik.
  • Helbidea aldatzen baduzu, jarri harremanetan bankuarekin, kreditu edo erosketa txartelaren hornitzaileekin, telefono mugikorraren enpresarekin, zerbitzu publikoen hornitzaileekin, telebista enpresarekin, medikuarekin, dentistarekin eta abar, eta jakinarazi zein den helbide berria. Bestela, lehengo etxera bizitzera doazenek jasoko dute zure informazio pertsonala. Ondo jakinarazi helbidea aldatu duzula. Hori egiten baduzu, zure datuak zehatzak izateaz gain, eguneratuta egongo dira.
  • Gogoan izan gutxi asko dela. Zenbat eta informazio pertsonal gutxiago eman, orduan eta arrisku gutxiago egongo da informazioa beste baten batek eskura dezan.
  • Erosi aurretik egiaztatu dena. Web gune segurua erabili behar duzu. Enpresaren harremanetarako datuak ikusi behar dira, urre koloreko giltzarrapoa izan behar du eta pribatutasun eta itzulketa politika argiak. Egiaztatu behar duzu web orriaren helbidearen hasieran "https" agertzen dela.
  • Begiratu sarri bankuko eta kreditu txartelaren ordainagiriak, ikusteko ea zure kontuan ohikoak ez diren mugimenduak egon diren.
  • Ahalik eta txartel gutxien eraman aldean.
  • Konfiguratu sare sozialetako guneen pribatutasuna.
  • Antibirusa eta espioien aurkako softwarea instalatu ordenadorean. Suebaki bat ere bai.
  • Egin aldiro bilaketak zure datu pertsonalekin web bilatzaileetan. Ezustekoren bat izan dezakezu.
  • Erabili pasahitz seguruak. Ez erabili erraz igartzeko moduko pasahitzik (izenak, abizenak, jaiotze-datak, telefono zenbakiak eta abar).
  • Ez erabili pasahitz bera hainbat zerbitzutarako.
  • Ez eman informazio pertsonalik telefono bidez edo Internet bidez, zeu ez bazara izan hartu-emana hasi duena eta norekin ari zaren ez badakizu.
  • Ez konfiguratu datu pertsonalak modu automatikoan gogorarazteko sistemarik.
  • Ez idatzi pasahitzik mugikorreko oharretan edo karteran.
  • Ez erantzun erraz igartzeko moduko gauzarik “Isilpeko galderetan", praktika desegokia da gure datu asko agerian uzten dituelako.

Identitatea lapurtzearen benetan gertatutakoak

Azken eguneratzea: 2013/01/21