Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Bulegoa-Gardentasuna
 

Erakundeari eta antolamenduari buruzko informazioa: Nola dagoen osatuta eta bertako pertsonala

DBEBren egitura

DBEBren organoak hauexek dira:

  • Pertsona bakarreko organoa: Zuzendaria.
  • Kide anitzeko organoa: Kontseilu Aholku-emailea, Legean aurrikusita dagoen bezala.

Hierarkian zuzendariaren mendeko administrazio-unitateak hauexek dira:

  • Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria
  • Aholkularitza Juridikoa eta Ikuskaritza
  • Idazkaritza Orokorra

Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria

Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Unitatea Bulegoaren administrazio-unitateetako bat da, 2/2004 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako Datuak Babesteko Erregistroa bere menpe du, eta aipatu legearen aplikazio eremuan dauden datu pertsonaleko fitxategien existentziaren publizitatea sustatzea dagokio. Halaber, datu pertsonalak babesteko araudia betetzen dela zaintzeko xedearekin, fitxategien segurtasun neurrien sektorekako ikuskaritzaren eta Datuak Babesteko Segurtasun Arduradunen eta Koordinatzaileen Laguntzaile-sarea koordinatzeko ardura izango du.

Bestalde, teknologia berriekin zerikusia duten ikerlanak egiteko eta Bulegoaren beraren Sistemen Plana burutzeko ardura izango du.

Aholkularitza Juridikoa eta Ikuskaritza

Bulegoaren administrazio-unitateen artean Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza unitateari dagozkio honako zeregin hauek: batetik, ikuskaritza-lanak egitea; bestetik, datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak nahiz erabaki automatizatu indibidualizatuen menpe ez egoteko (profilak egitea barne) eskubidea babestearren herritarrek egiten dituzten erreklamazioen prozedurak bultzatzea eta instruitzea. Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza unitateak, halaber, datu pertsonalen babeserako araudia urratzeagatik Euskal Administrazio Publikoen eta haien tratamendu-eragileen aurka hasitako zehapen-prozedurak instruitzen ditu. Era berean, administrazio-unitate horri dagokio txostenak egitea, kontsultei erantzutea eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren barneko aholkularitza juridikoaz arduratzea.

Idazkaritza Orokorra

Idazkaritza Orokorra da honako lanak betetzeko ardura duen administrazio-unitatea: giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa, kudeaketa ekonomiko-administratiboa, informazio orokorrarekin loturiko funtzioak, Bulegoko gainerakoentzako prestakuntza, agiriak, laguntza eta exekuzio mailako funtzioak nahiz funtzio instrumentalak.

Arauak

  • 309/2005 Dekretua, urriaren 18koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutua onartzen duena. (EHAA 213. zk., 2005eko azaroaren 9a
  • Ebazpena, 2005eko azaroaren 28koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko dena.
  • Ebazpena, 2013ko ekainaren 17koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena aldatzen duena.

Zuzendaria

Gaur egun Margarita Uria Etxebarria andrea da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako 2016ko otsailaren 2ko 16/2016 Dekretuaren bidez izendatua (2016ko otsailaren 5eko (EHAA, 24. zk.).

Curriculum Vitae

Zuzendariak DBEB zuzentzen du eta Bulegoaren ordezkaria da. Bere barne-eremuan, administrazio-unitate guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzen ditu eta berari dagokio, era berean, DBEBren eginkizunak gauzatzeko behar diren ebazpenak, instrukzioak eta gomendioak ematea.

Askatasun eta objektibotasun osoz betetzen ditu bere eginkizunak; bere jardunean ez dago inongo instrukzioren menpe. Dena dela, bere jardunari buruz Kontseilu Aholku-emaileak egiten dizkion proposamenak aintzat hartu beharko ditu.

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez izendatzen du lau urterako eta epe hori baino lehenago utziko du kargua, berak hala eskatzen badu edo, aldez aurretik espedientea instruitu  ondoren, Gobernu Kontseiluak kargutik kentzea erabakitzen badu; horretarako, ezinbestekoa izango da Kontseilu Aholku-emaileari entzutea. Kargutik kentzea erabaki ahal izateko, nahitaezkoa izango da bere obligazioen ez betetze larriren bat egitea,  bere lana betetzeko bat-batean ezintasunen bat gertatzea, bateraezintasunen bat egotea edo doluzko delituagatik zigortua izatea.

Goi-karguduna da eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-kargudunen bateraezintasunen erregimenari lotuta dago.

Aurreko zuzendariak:

2004-2012: Iñaki Vicuña de Nicolás
2012-2016: Iñaki Pariente de Prada

Kontseilu Aholku-Emailea

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria Kontseilu Aholku-emaile batek aholkatzen du. Kontseilu Aholku-emaile horretako kideak honako hauek dira:

  1. Eusko Legebiltzarraren ordezkari bat, Eusko Legebiltzarrak berak izendatua.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari bat, Gobernu Kontseiluak izendatua.
  3. Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde guztien artean hartutako erabaki bidez izendatua.
  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko toki-erakundeen ordezkari bat, lurralde-eremu horretako toki-erakunde horien elkarterik adierazgarrienak izendatua.
  5. Bi aditu, bata informatikan eta oinarrizko eskubideetan bestea, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioei kontsultatu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak izendatuak.

Gaur egun, Kontseilu Aholku-emaileko kideak hauek dira:

  • Eusko legebiltzarraren ordezkaria, Eusko Legebiltzarraren Mahaiak izendatua, 2013eko otsailaren 19ko bileran:
    • Montserrat Auzmendi del Solar and., Eusko Legebiltzarreko legelari
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaria, Eusko Jaurlaritzaren 2013ko martxoaren 19ko Akordioaren bidez izendatua
    • Nieves Martínez de Antoñana Blanco and., Lehendakaritzaren Araubide Juridikoaren zuzendaria
  • Lurralde historikoen ordezkaria, Foru Aldundien arteko erabaki bidez izendatua.
    • Mikel Ulazia Etxabe jn, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatua.
  • Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko toki-erakundeen ordezkaria, EUDEL-ek izendatua, 2015eko azaroaren 30eko komunikazioaren arabera.
    • Aintzane Urkijo Sagredo and., Santurtziko alkatea.
  • Informatikan aditua, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpen bidez izendatua.
    • Eduardo Jacob Taquet jn., Ingeniaritza Telematikoko unibertsitateko katedraduna.
  • Oinarrizko Eskubideetan aditua, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpen bidez izendatua.
    • Iñaki Esparza Leibar jn., Zuzenbide Prozesaleko katedraduna.

Egun Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria Montserrat Auzmendi del Solar andrea da.

Bulegoaren izaera eta araubide juridikoa

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridikoa propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa dituena. Herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, administrazio ahalak egikaritzen dituenean, honako arauen arabera jarduten du: 39/2015 Legea urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Esparru Publikoko Lege Erregimenari buruzkoa. Gainontzeko jarduerak burutzeko, honako arauetan xedatutakoa bete behar du: 15/1999 Legea, abenduaren 13koa, Datu Pertsonala Babesteari buruzkoa; 2/2004 Legea , otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa, eta bi lege horien garapeneko xedapenetan xedatutakoa; eta 2/1998 otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahalmenari buruzkoa.

Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

Bulegoaren eginkizunak

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontroleko agintetzat hartuko da, eta bere egitekoan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak 2/2004 Legeko 17. artikuluan finkatzen dira. Eginkizunok dira:

  1. Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko eskubideari dagokienez.
  2. Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea.
  3. Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea, beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe.
  4. Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea.
  5. Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea pertsonei.
  6. Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan.
  7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan.
  8. Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak egitea, derrigor.
  9. Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia eskatzea fitxategien erantzuleei.
  10. Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman.
  11. Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzara bidali.
  12. Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea, estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea.
  13. Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan.
  14. Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten galderei erantzutea.
  15. Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro.