euskadi.eus

Hasiera

  • Mapa
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Irakaslearekin nuen bilear ondo zihoan...
Acceso a la web 'Tu Decides' Bideoa ikusi

Utz zaitzatela bakean, eskubidea duzu eta!

DANBA! Beste ate-kolpe bat. Bakarrik zaude azkenean. Aulkian eseri zara. Ordenagailua piztu duzu lagunekin txateatzeko eta sarean ibiltzeko. Bakar-bakarrik zaude zure aparailuekin, guraso gogaikarriengandik eta anai-arreba txiki kuxkuxeroengandik salbu.

Ba al dakizu nor ari den zuri begira?

Eskolak guztiz aspergarriak izan daitezke. Horregatik, guztiz tentagarria izan daiteke pantailaren atzeko aldean ezkutatzea eta zer edo zer dibertigarriagoa topatzea. Baina, nahiz eta izkina batean jarrita egon eta inor ez izan atzean, jende asko egon daiteke egiten ari zarena ikusten.

Ba al dakizu nor ari den zuri begira?

Bazenekien?

Datu pertsonalen babesa pertsonen bizitza pribatuari dagokion funtsezko babesa da.

Badirudi Interneten ibiltzea eta txateatzea kontu pribatuak direla, eta jendeak bakea eta lasaitasuna nahi du horrelakoetan, eta batez ere etxean egiten du.

Erraz ahazten zaigu, ordea, teknologiaren munduan, sarri, ateak zabal-zabalik egoten direla.

Egiaztatzen erraza

Arrastoa

Zuk bidaltzen dituzun posta elektronikoak hartzaile egokiengana hel daitezen eta bisitatzen dituzun web-orriak "zure" ordenagailura hel daitezen, ordenagailuak helbide elektroniko bat izan ohi du esleituta (IP helbidea). Institutu eta ikastetxe gehienek eta etxeko ordenagailu askok ere su-ebakiak izaten dituzte birusengandik eta hackeren mutur-sartzeetatik babesteko. Eta babesteaz gain, ordenagailu bakoitzaren IP helbidea jakiteko ere balio dute, eta ordenagailu bakoitzetik zein web-orri ikusi diren jakiteko eta bisiten maiztasuna eta iraupena jakiteko ere bai.

Ikusten dituzun web-orriak erregistratu egiten dira zure nabigatzailearen historialean, eta gorde egiten dira hurrengo batean berriro web-orri horietan sartu nahi baduzu, azkarrago ekartzeko. Nabigatzailearen historiala ez baduzu ezabatzen, oso erraza da edonorentzat jakitea zenbat denbora egon zaren konektatuta.

Gainera, baimenik gabeko pertsonek ikusi ahal dituzte jaso eta bidali dituzun posta elektronikoak.

Ezagunen batek edo hain laguna ez den beste batek zure pasahitza lortzen badu, zuri bakarrik dagokizun informazioa eskuratu ahal izango du, eta hori guztiz desatsegina eta deserosoa izan daiteke zuretzat.

Erantzukizuna eta arauak

Oinatz

Gehienetan ez du garrantzi handirik beste batzuek ikustea egunean zehar edo eskola-ordu batean zer egin duzun. Baina beste askotan ez da komeni izaten. Horregatik, institutuek araututa izaten dute ikasleek eta irakasleek nola erabili behar dituzten ordenagailuak.

Hala ere, zuk zeuk ere egiten duzunaren gaineko erantzukizuna hartu behar duzu.

Ez da erraza jakitea baten bat zu espiatzen ari den konektatuta zaudenean. Ordenagailuaren aurrean bakar-bakarrik zaudenean, anonimatuan zaudela pentsa dezakezu, eta ez zaizu burutik ere pasatuko baten bat egon daitekeenik egiten ari zarena ikusten. Baina horrek ez du horrela funtzionatzen ...

Konektatuta zaudenean ez zara anonimoa.

Dena begien bistan

Historialaren bidez edo testuen, irudien edo mezuen aldi baterako fitxategien bidez, edonork jakin dezake zein web-orri ikusten aritu zaren. Aldi baterako fitxategiak ez dira berez ezabatzen ordenagailua ixten dugunean. Zuk zeuk ez baduzu haien edukia ezabatzen, edonor ibil daiteke ikusmiran ea zer egiten duzun sarean.

Leku publikoetako ordenagailuak erabiltzen dituzunean -adibidez, ziberkafetegi batekoak- askoz ere aukera gehiago dago edozeinek ikus dezan zuk kontsultatutako informazioa.

Nola jakin dezakete nor naizen?

Nola jakin dezakete nor naizen?

Internetera konektatzen zaren bakoitzean, IP helbide bat esleitzen dizute. Interneteko sarbidearen hornitzaileak erregistratu egiten du noiz konektatzen zaren eta saio bakoitzean zein IP helbide esleitu zaizun. Web-orriek ere bertan sartzen diren ordenagailu guztien IP helbideak erregistratzen dituzte. Poliziak ikertu nahi duenean ea nork ikusi duen web-orri jakin bat, web-orri horrek dauzkan erregistroak kontsulta ditzake, eta horretaz gain, Interneteko sarbidearen hornitzaileari ere eska diezaioke une jakin batean IP helbideak erabiltzen ari ziren erabiltzaileen erregistroa.

Web-orri askok jakin nahi dute ea nor sartzen diren bertan, eta hori jakiteko, fitxategi txiki bat (cookie) gordetzen dute zure ordenagailuan. Web-orri hori ikusten duzun bakoitzean, web-orriak ea zure ordenagailuak cookierik ba ote duen egiaztatzen du, eta baldin badauka, bertako informazioa erregistratzen du; esate baterako, erabiltzaile-izena eta web-orrian sartzeko erabilitako pasahitza.

Cookieak sortzeko baimena ukatu diezaiekezu web-orriei. Horretarako, nabigatzailearen pribatutasunerako konfigurazioa egokitu baino ez duzu egin behar. Baina hori eginez gero, gerta daiteke web-orriren bat behar bezala ez ibiltzea. Beraz, erabaki behar duzu zuretzat zer den garrantzitsuagoa, zure datu pertsonalak babestea ala erabilerraztasuna.

Ikastetxeak zer kontrol-eskubide ditu?

Arau orokor moduan, esan behar da institutuak ezin duela sistema informatikoaren erregistro-funtzioa erabili ikasleek Internet nola erabiltzen duten kontrolatzeko. Erregistroaren helburua sistema informatikoa behar bezala erabiltzen dela ziurtatzea da. Beraz, erabil daiteke erregistroa erabilera desegokiak argitara emateko. Horrelakorik gertatuz gero, ikastetxeak erregistroko informazioa erabil dezake gertatu den erabilera desegokia geldiarazteko ohartarazpenak bidaltzeko. Ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zer den Internet gaizki erabiltzea. Garrantzitsua da ikastetxeak arau zehatzak eta argiak ematea, ikasleek jarraibideak ongi erabil ditzaten.