euskadi.eus

Hasiera

  • Mapa
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Reda eta Neto: Datu pertsonalak zaintzen

Reda eta Netoren abenturak: Datu pertsonalak zaintzen

Animazioak: Erdi Aroko istorioa eta datu-trukea

Gaia
Eskubidea duzu zure pribatutasuna babesteko eta daturik ez emateko, beharrezkoak ez badira.
Indar-ideia
Zure datu pertsonal guztiak ez emateko eskubidea duzu.

Ariketak

Lineako jarduera gelarako

Hiru web-orrialdetan eskatzen dituzten datuak ikertu (aurreko saioan erabilitakoak izan daitezke), eta erabaki zein datu ez diren beharrezkoak, eta pentsatu ea zertarako eskatzen dituzten. Nahi izanez gero, jarduera hau egiteko, lineako jokoei buruzko web-orrialdeak erabil daitezke.

Lineaz kanpoko jarduera gelarako

Lau pertsonako taldeak egin eta datu pertsonal mota batzuk hautatu (identifikaziokoak, osasunari buruzkoak ), eta pentsatu ea zertarako erabili ahal dituzten beste pertsona batzuk. Gero, zerrenda batean jaso.
Adibidez, telefono konpainia batek zerbitzuan altan emateko beharrezkoak diren datuez gain (izena, NANa, adina, kontu zenbakia eta helbidea), beste hainbat datu eskatzen dizkie bere bezeroei (anai-arreba kopurua, familiak etxean duen kotxe kopurua eta matrikula eta ea bigarren etxerik duten). Zertarako behar ote ditu telefono konpainia batek datu horiek? Eta beste enpresaren bati lagatzen badizkio? Egin dezake horrelakorik?

Lineako jarduera familian egiteko

Ikasleak eta familiako baten batek mezu edo dokumentu bat bidaliko diote irakasleari posta elektroniko baten bidez. Mezuan Hotmail, Yahoo, Gmail edo antzeko beste konturen batean doako posta kontu bat irekitzeko eskatu dizkieten datuak jarriko dituzte.
Datu bakoitza ematea aukerakoa ala nahitaezkoa den adierazi beharko da mezuan, eta ea haien ustez datu horiek nahitaezkoak diren ala ez enpresak zerbitzua emateko. Nahitaez eskatzen duten daturen bat badago eta uste badute ez dela beharrezkoa, zerrenda bat egingo dute eta bertan idatzi zein enpresarentzat edo zein jarduera-esparrutan izan daitezkeen erabilgarriak datu horiek.

Helarazi beharreko funtsezko ideiak

Sarritan enpresek datu pertsonalak biltzen dituzte profilak egiteko, kontsumitzaileen merkatu-esparruak egiteko, eta batzuetan, zuzeneko salmenta bidez etekin ekonomikoa izateko asmoarekin ere bai.
Atzerriko lineako zerbitzuak ez daudenez gure administrazioen kontrolpean, gerta daiteke gehiegikeriak egotea esparru honetan, eta guk ezin ezer egin. Beraz, erabiltzaileok jarrera aktiboa izan behar dugu eta erne egon, eta gutxieneko betekizun etikoak betetzen ez dituztenei kasurik ez egin edo baztertu.

Gaiaren azalpena

Batzuetan datu pertsonalen bilketak gehiegizkoak izaten dira: zenbaitetan zerbitzu bat emateko nahitaezko baldintza izaten da datuak ematea, eta datu horien premia ez da garbi egoten; beste askotan datuak eskatzen dituztenean ez dute esaten nahitaezkoak direnik, baina zeharka eta asmo ezkutuekin eskatzen dituzte.
Kasurik larrienak izan ohi dira bereizi gabeko datu-bilketak egiten dituztenak, profilak sortzeko, eta gero profil horiek marketin elektronikoan espezializatutako enpresei saltzeko. Askotan enpresa horiek ez dute zerbitzurik eskaintzen trukean, eta iruzur egiteko amuak baino ez dira.
Horretaz gain, ohikoa izaten da datu pertsonalen tratamenduei buruzko betekizunak ez betetzea. Ez-betetzeak datuak biltzen direnean eta geroko erabileretan egiten dira. Adibidez, ez dute azaltzen zertarako biltzen dituzten datuak.
Adin gabekoen kasuan azpimarratu egin behar da ez dutela datu pertsonalik eman behar, ezinbestekoa ez bada. Edozelan ere, aitaren, amaren edo tutorearen baimena eskatu behar dute nahitaez.

Talde-eztabaidarako galderak

Zuen ustez zein datu dira nahitaezkoak lineako jarduera batean parte hartzeko? Adibidez, inkesta batean, lehiaketa batean edo talde batean?
Zergatik da komenigarria ezinbestekoak diren datuak bakarrik ematea?
Zuen ustez, zer egiten dute gure datuekin?
Behin edo behin irakurri al dituzue ematen dituzuen datuen gaineko erabilera eta pribatutasun baldintzak? Ulertu al dituzue?