Nahi ez diren jakinarazpenak
Egungo kontsumo-gizartean egunetik egunera ohikoagoa da merkataritza arloko informazioa era pertsonalizatuan bidaltzea; izan ere, horretaz baliatzen dira produktuak edo zerbitzuak sustatu nahi dituzten jarduera ekonomiko asko eta asko. Zenbaitetan informazioa hori baliagarria izan daiteke jendearentzat, baina, beste batzuetan eskatu gabe bidaltzen dizuten merkataritza arloko bidalketa horiek gogaikarriak izateaz gain, pertsonen pribatutasunean muturra sartzea ere izan daiteke, gure datuak ez legezko moduren batean eskuratutakoak badira behintzat.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin lankidetzan, 2012ko maiatzean egindako azterketa baten arabera, galdetegia erantzun dutenen artetik —kontuan izanda posta elektronikoa erabiltzen dutela—, % 67k erantzun du nahi ez dituen jakinarazpenak edo spam delakoak jasotzen dituela. Halakorik eskatu ez duten pertsonei modu masiboan bidaltzen dieten testuak edo informazioa dira spamak.
Zenbait estatistikak diotenez, Interneten dabilen postaren % 80 SPAMa edo zabor posta da.
Zer jakin behar dut?
- Berez legezkoa da merkataritza jakinarazpenak bide elektronikoen bidez bidaltzea —posta elektronikoz nahiz mugikorreko SMS bidez—, baina, horretarako, alde bien arteko merkataritza-harreman bat egon behar da aldez aurretik, edo guk baimena eman.
- Gure datu pertsonalak bi lekutatik etor daitezke: aldez aurreko merkataritza-harreman batetik edo "Jendearen eskurako iturriak" deritzenetatik. Publizitate helburuarekin erabili ohi diren jendearen eskurako iturriak telefono-gidak izaten dira nagusiki, nahiz eta profesionalen direktorioak, aldizkari ofizialak eta gizarte komunikabideak ere izan daitezkeen.
- Gainera, publizitatearen arloko enpresek fitxategiak osatu ahal dituzte, merkataritza-informazioa edo publizitatea jasotzeko, pertsonek borondatez emandako datuekin. Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, lehiaketetan, zozketetan edo antzeko doako sustapen-jardueretan parte hartzeko datuak ematen ditugunean. Beraz, kontuz ibili beharra dago.
- Edozelan ere, aukera dugu gure datuekin egiten diren tratamenduei aurka egiteko helburua publizitatea egitea bada. Bestalde, merkataritza arloko informazioa jasotzearen aurka gaudela adierazteko moduak daude, adibidez, "Robinson Zerrendak" delakoa.
- Legez kanpoko informazio iturriak eta iruzurrezko datu tratamenduak ere badaude, eta horiei aurre egiteko erne eta informatuta egoteaz gain, prebentzioko bestelako neurri aktiboak ere hartu behar ditugu.
Zer egin behar dut:
- Eskatu telefono zerrendetatik kentzeko. Gaur egun telefono gidetan egotea ez da garai batean bezain garrantzitsua, eta gerta daiteke nahiago izatea gidetan egon ere ez egitea, nahi ez den publizitaterik ez jasotzeko horrela. Badago aukera zerbitzu-emaileari eskatzeko norbera kentzeko telefono direktorioetatik edo abonatuen kontsultarako lineako zerbitzuetatik. Eskaerak gidaren hurrengo argitaraldian izango du eragina.
- Irakurri beti letra txikia. Zure datu pertsonalak ematen dituzunean lehiaketetan, zozketetan eta halakoetan, irakurri beti letra txikia, bertan esaten delako organizazioak zure datuak merkataritza helburuekin erabiliko dituen edo beste organizazio batzuei helaraziko dizkien.
- Erne ibili baimena ematean, baleetan, kupoietan edo merkataritza prospekzioko inprimakietan laukitxoren bat hautatzeko eskatzen digutenean.
- Bidaltzaileari aurka gaudela adierazi. Merkataritza sustapeneko mezu elektronikoek argi adierazi behar dute zer diren, eta halako merkataritza jakinarazpenik jaso nahi ez badira, aukera eman behar dute, modu errazean eta doan, hori adierazteko (erantzuteko posta elektronikoaren bidez edo web orriaren bidez).
- "Robinson Zerrendan" izena eman. Publizitatea baztertzeko zerbitzu bat da, eta publizitatea baztertzeko zerbitzu hauetara atxikita dauden enpresei ezartzen zaie.
- Zuhur ibili harremanetarako datuak ematen ditugunean webetan edo leku ezezagunetan; elkarren segidako mezuei erantzutean edo "gizarte ingeniaritzako" iruzurren aurrean.
Nahi ez diren jakinarazpenak benetan gertatutakoak
-
XX Udala
-
Aritz