Konpartitu

Erakundeari eta antolamenduari buruzko informazioa: nola dagoen osatuta eta bertako pertsonala

Agintaritzaren egitura organikoa 

Hona hemen DBEAren organoak:

  • Kide bakarreko organoa: Presidentea.
  • Kide anitzeko organoa: Kontseilu Aholku-emailea, legean zehaztuta dagoen moduan.

Hierarkikoki presidentearen mende dauden administrazio-unitateak honako hauek dira:

  • Idazkaritza Nagusiaren Unitatea
  • Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea
  • Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea

Idazkaritza Nagusiaren Unitatea:

Idazkaritza Nagusiaren Unitateak hainbat eginkizun dauzkan administrazio-unitatea da; hona hemen eginkizun horietako batzuk:

  • Giza baliabideak kudeatzea, eta giza baliabide horien buruzagi izatea.
  • Agintaritzaren baliabide materialak kudeatzea.
  • Agintaritzari atxikitako langileak hautatzeko eta haien lanbide-sustapena egiteko prozedurak bideratzea.
  • Administrazio-kontratuen prozesuak bideratzea.
  • Agintaritzaren aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea eta aurrekontu horren ekonomia- eta administrazio-kudeaketa egitea.
  • Agintaritzaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen inbentarioa eramatea.
  • Agintaritzaren agiri-funtsak kudeatzea.
  • Datuen babesari buruz hitzaldiak, mintegiak, jardunaldiak eta bestelako jarduerak antolatzea.
  • Herritarrei azaltzea legeak euren datu pertsonalen tratamenduari buruz onartzen dizkien eskubideak.
  • Kontseilu Aholku-emailean idazkaritza-lana egitea, antolaketako eta funtzionamenduko arauen arabera.
  • Agintaritzako beste organo batzuei esleitu ez zaizkien gai orokorrak kudeatzea.

  

Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitatea:

Agintaritzaren administrazio-unitateen artean Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Unitateari dagozkio honako zeregin hauek: batetik, ikuskaritza-lanak egitea; bestetik, eskubideak babestearren herritarrek egiten dituzten erreklamazioen prozedurak bultzatzea eta instruitzea:

  • Administrazio publikoen, instituzioen, entitateen eta korporazioen aurka hasitako zehapen-prozedurak, eskubideak babestekoak eta arau-hausteei buruzkoak instruitzea, Agintaritzak onartuta dauzkan kontrol-eginkizunen barruan.
  • Ikuskapenak egitea, espediente batzuen instrukzioarekin lotuta.
  • 16/2023 Legea garatzeko eman daitezkeen xedapenen proiektuei buruz txostenak egitea.
  • Datu pertsonalak babestearekin zerikusia duten xedapen-proiektu guztiei buruz txostenak egitea, baldin eta hala egiteko eskatu bazaio.
  • 16/2023 Legean aipatzen diren administrazio publikoek, instituzioek, entitateek eta korporazioek nahiz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek datuen babesari buruzko legeria lantzeko, interpretatzeko eta aplikatzeko egindako galderei buruz txostenak egitea eta eman beharreko erantzunak prestatzea.
  • Nahitaezko erantzuna behar duten estatistikak zehazten dituzten xedapen arauemaileei buruz txostenak egitea.
  • Jarraibideen proiektuak eta gomendioak prestatzea, Agintaritzako presidenteak hala eskatuz gero.
  • Agintaritzari aholku ematea arlo juridikoan eta, arlo horretan, txostenak eta proposamenak prestatzea, Agintaritzako presidenteak hala eskatuz gero.

Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatea:

Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitatearen eginkizunen artean honako hauek daude:

  • Teknologiek datuen babesean eta prospekzio teknologikoko azterlanen sustapenean duten eragina ebaluatzea eta aztertzea.
  • Segurtasun-arrakalen erregistroa kudeatzea, arrakala horien bilakaeraren eta ebazpenaren jarraipena egitea eta eraginaren ebaluazioak gainbegiratzea.
  • Datuak babesteko ordezkarien sentsibilizazioa sustatzea eta tratamenduaren arduradunek komunikatutako datuak babesteko ordezkarien erregistroaren publizitatea egitea.
  • Prebentziozko auditoriako programak planifikatzea eta kudeatzea.
  • Ikuskaritzako eta Aholkularitza Juridikoko Unitateari laguntza eta babesa ematea aurretiazko ikerketa-jarduketetan.
  • Idazkaritza Nagusiaren Unitateari laguntza ematea DBEAren zerbitzurako informazio-sistemak kudeatzen.

 

Indarrean dagoen araudiaren arabera nahitaezkoak diren beste figura batzuk

DBEAko datuak babesteko ordezkaria:

Arauak:

  • Ebazpena, 2005eko azaroaren 28koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko dena.
  • Ebazpena, 2013ko ekainaren 17koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena aldatzen duena.
  • Ebazpena, 2023ko martxoaren 29ko a, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena bigarren aldiz aldatzekoa.

Presidentea

Presidentea

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria, gaur egun, Unai Aberasturi Gorriño jauna da, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren uztailaren 4ko 101/2023 Dekretuaren bidez izendatua (EHAA, 129. zenbakia, 2023ko uztailaren 9koa).

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak zuzentzen du Agintaritza, haren ordezkaria da eta haren ebazpenak, zirkularrak eta gidalerroak ematen ditu. Gainera, hirugarrenengan ondorio juridikoak sortzen dituzten egintzak ematen ditu.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak inolako loturarik gabe eta objektibotasunez betetzen ditu bere zereginak, inolako jarraibiderik bete beharrik gabe.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez izendatzen da, bost urterako, eta kargua iraupen bereko epealdi bakar baterako berritu ahal da. Prozedurak agintzen duenez, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari proposatu behar dio posturako egokitzat jotzen duen pertsona. Pertsona horrek bere eginkizunak betetzeko eta bere botereak egikaritzeko beharrezko titulazio, esperientzia eta gaitasun egokiak izan behar ditu. Proposamena jaso ondoren, Eusko Legebiltzarrak batzorde eskudunari aurkeztuko dio, gehiengo osoz onar dezan. Gehiengo osoa lortu ezean, proposamena indargabetuta geratuko da eta Eusko Jaurlaritzari itzuliko zaio.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria arrazoi hauetako batengatik baino ezingo da kargugabetu: norberak hala eskatzeagatik, dolozko delitu bat dela-eta kondena irmoa jasotzeagatik, bere betebeharrak larriki urratzeagatik, bere eginkizunak gauzatzeko ezgaitasunagatik edo bateraezintasunarengatik. Betebeharrak larriki urratzeagatik, ezgaitasunagatik edo bateraezintasunarengatik kargugabetuz gero, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordearen gehiengoak berretsi beharko ditu kargu-kentzea.

DBEAren lehendakaria goi-karguduna izango da, sailburuordearen parekoa. Izendatzerakoan funtzionario publiko gisa lanpostu bat betetzen ari bazen, zerbitzu berezien egoeran geratuko da. Nolanahi ere, ekainaren 26ko 1/2014 Legean, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzekoan eta lege hori garatzeko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak emandako egintza eta xedapenek administrazio-bidea amaitzen dute, eta horien aurka errekurtsoa aurkeztea dago administrazioarekiko auzien jurisdikzioan zuzenean.

DBEAren lehendakariak, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, bere jarduerei buruzko txosten bat egingo du urtero, eta Eusko Legebiltzarrari, Eusko Jaurlaritzari eta datuak babesteko Estatuko gainerako agintaritzei jakinaraziko die. Txosten hori Agintaritzaren webgunean argitaratuko da.

Aurreko zuzendariak:

  • 2004-2012: Iñaki Vicuña de Nicolás
  • 2012-2016: Iñaki Pariente de Prada
  • 2016-2023: Margarita Uria Etxebarria

Kontseilu Aholku-Emailea

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak kontseilu aholku-emaile baten laguntza izango du; honako hauek izango dira kontseilukide:

  • Eusko Legebiltzarraren ordezkari bat, Legebiltzarrak berak izendatua.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzak izendatua.
  • Lurralde historiko bakoitzeko ordezkari bat, lurralde historiko horrek izendatua.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateen ordezkari bat, Euskadiko Udalen Elkarteak izendatua.
  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkari bat, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak izendatua.
  • Bi aditu, bat informazioaren teknologietakoa eta bestea Zuzenbidearen arlokoa, datuen babesaren arloko Zuzenbidean eta jardunbidean ezagutza egiaztatuak dauzkatenak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek txandaka izendatuak.
  • Aditu bat, Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak izendatua.

Kontseilu aholku-emailearen osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko ahalegina egiten da, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiaz hornituak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak erabakiko du kontseilu aholku-emailea noiz bilduko den; baina sei hiletik behin bildu beharko da, gutxienez.

Kontseilu aholku-emaileak hartutako erabakiak ez dira inoiz lotesleak izango. Halarik ere, lege honen 15. artikuluan aipatzen den araugintza-ahalaren arabera dagokion bezala, lehendakariak legea eta legea bera garatzeko araudia interpretatzeko zirkularrak onartu aurretik, nahitaezkoa izango da kontseilu aholku-emaileak txostena egitea, hargatik eragotzi gabe txosten horiek ere lotesleak ez izatea.

Hemen aurreikusita ez dagoen guztian, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Estatutuak ezarriko ditu kontseilu aholku-emailearen araubidea, antolaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

Gaur egun, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak honako hauek dira:

Eusko Legebiltzarraren ordezkaria, Eusko Legebiltzarraren Mahaiak izendatua 2013ko otsailaren 19ko bileran:

  • Montserrat Auzmendi del Solar andrea, Eusko Legebiltzarreko legelaria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaria, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko martxoaren 19ko Erabaki bidez izendatua:

  • Nieves Martínez de Antoñana Blanco andrea, Lehendakaritzako Araubide Juridikoaren zuzendaria.

Lurralde historikoen ordezkaria, Foru Aldundien arteko erabaki bidez izendatua:

  • Javier Bikandi Irazabaljauna, Bizkaiko Foru Aldundiak izendatutako ordezkaria.

Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko toki-erakundeen ordezkaria, EUDELek izendatua:

  • Raúl García Ezquerrojauna,Biasteriko alkatea.

Informatikako aditua, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpenaren bidez izendatua:

  • Eduardo Jacob Taquetjauna, unibertsitateko Ingeniaritza Telematikoko katedraduna.

Oinarrizko Eskubideetan aditua, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorearen 2004ko azaroaren 29ko Ebazpenaren bidez izendatua:

  • Iñaki Esparza Leibar jauna, Zuzenbide Prozesaleko katedraduna.

Egun, Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria Javier Bikandi Irazabal jauna da.

Agintaritzaren izaera eta araubide juridikoa

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridikoa propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa dituena. Herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, administrazio ahalak egikaritzen dituenean, honako arauen arabera jarduten du: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Gainerako arloetan, bere jarduera abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoan, abenduaren 21eko 16/2023 Legean, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarenean, lege horiek garatzeko xedapenetan eta martxoaren 16ko 1/2023 Legean, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoan xedatuta dagoenaren mendean egongo da.

Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

Agintaritzaren eginkizunak

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza kontrol-agintaritza da, eta lan horretan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik.

Abenduaren 21eko 16/2023 Legearen, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarenaren 6. artikuluak xedatzen duenez, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 57. eta 58. artikuluetan eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 49. eta 50. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak eta ahalak egikarituko ditu, bai eta lege honetan ezarritakoak ere.

Halaber, legez esleitzen zaizkion eskumenak egikarituko ditu.

Ordainketa-araubidea