Baliabide didaktikoaren fitxa teknikoa
1. Identifikazio datuak
Izenburua: Reda eta Neto: Datu pertsonalak zaintzen. Pribatutasunari eta datu pertsonalei buruzko ikus-entzunezko hezkuntza-baliabidea, 9 eta 11 urte bitarteko ikasleentzat.
Urtea: 2010eko urtarrilaren 28a.
Antolatzaileak: Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (www.avpd.eus), PantallasAmigas (www.PantallasAmigas.net) ekimenaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aholkularitzarekin.
2. Proiektuaren edo baliabidearen nondik norakoak
Flash formatuko ikus-entzunezko zenbait animazio eta irakasleentzako gidaliburu didaktiko bat dira guztira. Gidak hainbat jarduera lagungarri eskaintzen ditu prestakuntza saioak diseinatzeko.
Hezkuntza materiala www.kontuzdatos.info web-orrialdean dago. Web-orrialde hori gazteei, nerabeei eta hezkuntza-komunitateari zuzenduta dago, eta datu pertsonalez ari garela, norberaren eta besteen bizitza pribatua babesteari buruzkoa da. Web-orrialde horretan hainbat proiektu daude eskuragarri: Kontua: … zeuk erabaki datua (15-17 urte) eta Teknologiak erabiltzeko nerabe eta gazteentzako eskuliburuak (9-11; 12-14; 15-17).
3. Helburuak
Baliabidearen helburu behinenak honakoak dira:
- Haurrek ikastea zein balio handia duten haien datu pertsonalak eta besteenak, batez ere bitarteko digitaletan daudenak. Izan ere, datu horien bidez, identifikatu egin ahal baitituzte, haien gaineko halako edo bestelako irudia zabal baitezakete, eta hirugarren pertsonek haiengan eragina izan dezaketen erabakiak har baititzakete.
- Haurrek bereganatzea haien nahiz besteen datu pertsonalak modu kontzientean eta aktiboan zaintzen lagunduko dieten jarrerak.
Helburua ez da adin horietako umeek datu pertsonalak babesteko gaitasuna emango dien ezagupen eta trebetasun asko ikastea.
Helburua da funtsezko jarrerak ikastea, hau da, ikastea datu pertsonalek bizitza pribatuaren esparruan balio handia dutela, eta ikastea modu aktiboan eta arduratsu jokatzen informazio pertsonala kontrolatzeko esparruan.
Haurrek jarrera berriak ikastea nahi badugu, komunikatzeko haien pare jarri behar dugu; horregatik, material honek haurren komunikazio estiloa hartzen du: pertsonaia eta ipuin klasikoen oihartzuna duten iraupen laburreko ikus-entzunezko baliabideak erabiltzen ditu, eta lineako (on line) eta lineaz kanpoko (off line) hainbat jarduera eskaintzen ditu. Gainera, familiaren parte-hartzea sustatzeaz gain, aurkikuntzaren bidezko ikaskuntza ahalbideratzen du.
4. Hartzaileak
9 - 11 urte bitarteko haurrak: IKTak eta Internet erabiltzen hasten ari direlako.
Ikastetxeak: Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetarako gomendatzen dira.
Familia: umeen heziketan ezinbesteko eragilea da. Haurrekin batera egiteko hainbat jarduera eskaintzen ditu.
5. Pribatutasuneko edukiak
Animazio guztiek ideia bera dute oinarrian: oso garrantzitsua dela norberari buruzko informazioa kontrolatzea eta babestea, bai eta besteen datuak ere.
ANIMAZIOAK. Lau marrazki bizidun dira eta bakoitzak 2 minutu eskaseko iraupena du. Lau abenturen protagonistak Reda eta Neto dira (Izenen jatorria gaztelaniazko Red eta esan nahi beran duen ingelesezko Net hitzak dira). Abentura bakoitzak honako ideiak islatzen ditu:
- Datu pertsonal piloa duzu, eta zure irudiak ere garrantzi handia du
- Zure datu pertsonalak zeure altxorra dira, babes itzazu
- Zure datu pertsonal guztiak ez emateko eskubidea duzu
- Zu ez zara inoren datuen jabe, baina zain itzazu zureak balira bezala.
SAIOETAN ERABILTZEKO JARDUEREN GIDA. Animazio bakoitza ikusi ostean gelan egiteko hainbat gai proposatzen dira: taldean eztabaidatzeko nahiz linean (on line) edo lineaz kanpo (off line) gelan egiteko, eta aukera ematen dute benetako testuinguruan esperimentatzeko animazioen bidez helarazten diren ideiak. Gainera, familian egiteko moduko jarduera batzuk ere badituzte, lagungarriak komunikazioaren eta informazioaren teknologien esparruan haiek duten hezkuntza eginkizunaz jabetzeko eta sentsibilizatzeko; izan ere, eginkizun hori burutzeko, nahitaezkoa da haurrekin batera aritzea IKT kontuetan.
WEB-ORRIALDEA. Hezkuntza-material hau hezkuntza-komunitate guztiaren eskura egon dadin, denen eskura jarri da pribatutasunari eta datu babesari buruzko web-orrialde honetan: www.kontuzdatos.info; horrela, bai gelan bai gelatik kanpo erabil daiteke.
Orrialde honetan animazioak eta jarduerak ikusteaz gain, fitxa teknikoa eta gida didaktikoa deskarga daitezke.
Hor jartzeak baditu abantailak: adin tarte bereko haurrei zuzendutako beste prestakuntza-proiektu batzuk ikus daitezke, eta beste adin tarte batzuetakoak ere bai. Horrela, irakasleak ikaskuntza-jarduera berriak egin edo konbinatu ditzake, eta abar.
6. Haurrek egin behar dutena
Animazioak ikustea. Animazioak ikustea jarduera harkorra da. Horren ostean, beste jarduera aktibo batzuk egiten dira, eta istorioetako mezuek taldean parte hartzeko bidea ematen dute.
Gida didaktikoan datozen jarduera.
- talde txikietan eta linean egiteko bilaketa eta esperimentazio jarduerak (haurrentzako web-orrialdeak eta sare sozialak, eta abar).
- lineaz kanpoko jolas-jarduera, datu pertsonalak erabiliz egiteko.
- hausnarketa eta eztabaidarako jarduerak talde egituratuan egiteko
- esperimentazio-jarduerak linean, familian egiteko
- hausnarketa-jarduerak lineaz kanpo, familian egiteko
7. Ikaskuntzaren testuingurua
Hezkuntza formala, ikastetxeen eguneroko jardueren barruan txertatuta (tutoretzak eta abar). Irakasle batek eta ikasle talde batek hartuko dute parte.
Hezkuntza familiaren baitan. IKTen esparruan duen hezkuntza-eginkizunaz sentsibilizatu nahi da familia, seme-alabekin batera lineako eta lineaz kanpoko jardueretan parte hartzea bultzatuz.