Gida honek helburuak eta edukiak azaltzeaz gain, ikasteko hainbat jarduera ere proposatzen ditu, baliabide didaktikoaren lau animazioetako bakoitzarekin egiteko modukoak.
Animazioen xedea da ikusizko erreferenteak izatea eta baliagarriak izatea,
modu sinbolikoan bada ere, gogorarazteko norberari buruzko informazioa norberak, modu aktiboan eta egoeraz jabetuz, kontrolatzea zein garrantzitsua den. Datu pertsonalak altxor gisa irudikatzen dira, sarean harrapatuta geratzeko arriskua islatzen da, datuak ikusten dira espazioan zehar bidaia luzeak egiten, eta beharrezkoak ez diren datuak eskatzen dituzten pertsonak ere agertzen dira, objektu horiei merkataritza balioa emanez,
Hezkuntza-programazioa dela eta, esan behar da ikaskuntzaren xedea ez dela ezagupenen eta gaitasunen esparrukoa, jarreren esparrukoa baizik. Eta jarrerak eskuratzeko, ikus-entzunezko baliabideak eraginkorrak izan ohi dira, portaerak, emozioak eta ideiak ikusi egiten direlako.
Hain zuzen ere, badago balio positibo handia duen jarrera bat bereziki aditzera eman nahi duguna:
norberak kontrolatzea, modu aktiboan eta egoeraz jabetuz, norberari buruzko informazio pertsonala. Beste era batera esanda, informazioaren gaineko erantzukizuna norberak izatea, eta ez ikustea norbere burua biktima babes gabe eta pasibo moduan.
Ikus-entzunezko lau animazioen edukiek funtsezko ideia bera dute, eta zera da: Berebiziko garrantzia du norberari buruzko informazioa kontrolatzea eta babestea, bai eta inori buruzko datuak ere.
Ideia horiek garatzeko, lau animazioetan Reda eta Neto izeneko neska-mutilak agertzen dira eta istorio bakoitzeko gaiaren arabera moldatzen dituzte pertsonaiak: Erdi Aroko istorioan magiarekin lotzen dira pertsonaiak, bai eta gaztelu eta zaldunekin ere; piraten mundura ere egokitzen dira, eta denboran aurrera eginez, espazioko bidaien garaietara ere bai. Bi protagonisten izenen jatorria gaztelaniazko Red hitza eta anglosaxoi jatorriko Net terminoa dira, eta ezaugarri horien bidez, Internetekin eta sare sozialekin lotzen dira biak. Gaur egungo teknologia eta fenomeno sozial hau funtsezkoak dira komunikaziorako eta informazio trukerako.
Istorio bakoitza amets-irudi batekin hasten da. Amets-irudi bakoitzak abentura batera bidaltzen ditu bi protagonistak. Kontaketarako
ikus-entzunezko hizkera erabiltzen da, labur-labur, mi minutu baino gutxiagoko iraupenarekin. Eszenak amaitzeko, umorea erabiltzen denez, haurrentzat erakargarria izan daitezke. Izan ere, baztertu egin da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilerarekin lotutako mehatxuen eta arriskuen berri emateko erabili ohi diren mezuetan agertzen den ukitu dramatikoa.
Erabilerari dagokionez, material honetan ez da landu bestelako hezkuntza-baliabide eta programa batzuekin batera erabiltzeko eta parte-hartzaileen premiei behar bezala erantzuteko ikaste-esperientziak garatzeko aukerarik. Hala ere, hezkuntza eragile guztiak animatu nahi ditugu horrelakoak egitera, eta, ahal den neurrian, haien ikaskuntza-irakaskuntza arloko esperientziak besteekin partekatzera.
Esate baterako, saio bat egin daiteke hasteko, eta pribatutasunaren eta teknologia berrien gaiaren sarrera moduan erabili; eta gero, segidan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Erabiltzeko Eskuliburu Praktikoa (9-11 urte ) gidako jardueraren bat aukeratu.
Ondoren, jarduera multzo bat eskaintzen dugu, animazio bakoitza ikusi ostean egiteko, eta prestakuntza saioetarako ere baliagarriak.
Hona hemen jarduera motak: batetik, on line edo lineako ariketak, eta, bestetik, off line edo gelan haurrekin egiteko ariketak. Bestalde, familiarekin egiteko ariketak ere badaude. Ariketen xedea da horiek denak sentsibilizatzea Informazioaren eta Teknologien (IKT) erabileraren esparruan duten hezkuntza-eginkizuna dela-eta; eta rol hori behar bezala gauzatzeko, ezinbestean partekatu behar dute haurrekin IKTen erabilera.
Zenbait ariketa, eta prestakuntza saioen azalpena
Iraupena: 55 minutu
Beharrezko materialak: Ordenagailua, Interneteko konexioa eta idazteko materiala
1 Hasiera (5´): Hasteko, galdera ireki bat egingo zaio taldeari (saio bakoitzerako proposatzen ditugunak ikusi). Irakasleak koordinatuko du parte-hartzea. Hasierako fase honetan ez da komeni eztabaida piztea.
2 Animazioa ikustea (10´): Gomendatzen da bi aldiz ikustea. Iritzia eskatuko zaie ikasleei, zein ideia antzeman dituzten, zergatik eta abar.
3a Lineako jarduera (30´): Aurreko jarduera bukatu eta gero, taldean eztabaidatuko dute. (3a ala 3b ariketa egin daiteke, bietako bat egin daiteke).
3b Lineaz kanpoko jarduera (30´): Aurreko jarduera bukatu eta gero, taldean eztabaidatuko dute.
4 Azken aldiz ikustea (10´): Saioa bukatzeko, animazioa ikusiko da berriro eta denen artean emandako ideiak laburtu.
Gida didaktiko osoa deskargatu (pdf, 180 kB)