Reda eta Netoren abenturak: Datu pertsonalak zaintzen

Animazioak: Altxorra piratengandik babesten

Gaia
Datu pertsonalek balio handia dute eta babestu eta kontrolatu egin behar dira.
Indar-ideia
Zure datu pertsonalak zeure altxorra dira, babes itzazu

Ariketak

Lineako jarduera gelarako

Haurrei zuzendutako lineako lehiaketaren bat topatu eta bertan parte hartzeko zein datu mota eskatzen dituzten aztertu. Denak al dira beharrezkoak? Galdetzen edo egiaztatzen dute ea 14 urte ditugun?

Lineaz kanpoko jarduera gelarako

Egin 4 pertsonako taldeak. Talde bakoitzak honako bi zerrenda egingo ditu:
1) Zein ondorio etor daitezke pertsona batek beste pertsona bati buruzko datu asko izan, eta era sinesgarrian pertsona hori ordezkatzeko gai bada, eta pertsona hori altan ematen badu web bidezko sare sozial batean? Adibidez: jar dezake iragarki bat beste pertsona baten ordez eta sinesgarria izan? horrek zein ondorio ekar dezake?
2) Zein ondorio etor daitezke baten batek sare sozial batean sartzeko dugun pasahitza lapurtzen badigu eta guk jakin gabe erabiltzen edo aldatzen badu? Eta pasahitzaren bidez lortzen badu guk profil horretan gordeta dugun informazio pribatua eskuratzea?

Lineako jarduera familian egiteko

Ikasleak eta familiako baten batek mezu edo dokumentu bat bidaliko diote irakasleari posta elektroniko baten bidez. Mezuan haurrentzako lehiaketei buruzko 3 web helbide eta haurrei zuzendutako beste 3 web helbide idatziko dituzte.
Denetan jarri beharko dira altan emateko eskatzen dituzten datuak, eta esan beharko da ea gutxieneko adina aipatzen duten eta datu bilketa nola egiten duten. Horretaz gain, lege-baldintzei, erabilerari eta pribatutasunari buruzko informazioak non dauden ere esan beharko da.
Era berean, saiatu beharko dira aztertzen zenbateraino diren konfiantzakoak, jatorriari, egiazkotasunari eta asmoei buruzko jarrera kritikoa garatuz.
Erreferentzia osagarriak: www.chaval.es Bakarrik adin gabekoentzat da. Edozelan ere, Tuentik ere ez die uzten 14 urtetik beherakoei datuak sartzen eta altan ematen, baina ez du beti lortzen. Haurrentzako produktuekin edo telebista saioekin zerikusia duten sare sozialak eta / edo taldeak ere nahiko hedatuta daude.

Helarazi beharreko funtsezko ideiak

Baten batek gure datu pertsonalak eskatzen badizkigu eta ez baditu 14 urte, gurasoei baimena eskatu behar die. Beraz:

  • Inork ezin digu eskatu datu pertsonalik.
  • Bai, ordea, aitarekin, amarekin edo tutorearekin harremanetan jartzeko datuak, nahitaezkoa delako haiekin harremanetan jartzea baimena lortzeko.

Hona hemen gure datu pertsonalak babesteko egin ditzakegun bi gauza:

  • Ez idatzi eta ez eman datuak beste baten batek ikusteko moduko tokietan.
  • Ordenagailua ahalik eta ondoen babestu, software gaiztoak ez dezan gure informazioa eskuratzerik izan.

Gaiaren azalpena

Argi izan behar dugu datu pertsonalek balio handia dutela, eta norberari buruzko datuak kontrolatzeko joera txertatu behar dugu gure jarreren artean.
Gizarte global eta ireki honetan informazioa era masiboan isurtzen da, eta informazio kontrolik gabe trukatzea eta agerian jartzea oso arriskutsua izan daiteke pribatutasunarentzat, eta zenbaitetan, baita osotasun pertsonalarentzat, ohorearentzat edo irudiarentzat ere, jazarpen, mehatxu eta xantaia egoerak gerta daitezkeelako.
Hain zuzen ere, badaude enpresak edo pertsonak, merkataritza irabaziak izateko asmoarekin, hirugarren pertsonen datuak eskuratzen dituztenak, trikimailuen eta iruzurrezko edo legez kanpoko jardueren bidez. Horretarako, besteen nortasunak ordezkatzen dituzte, software gaiztoa erabilita (malware: birus troiarrak, harrak, programa espioiak ), ordenagailuetatik datuak lapurtuz. Eta horregatik da hain garrantzitsua ordenagailuetan inor ez sartzeko eta daturik ez lapurtzeko neurri teknikoak izatea.

Talde-eztabaidarako galderak

Noiz eta zein egoeratan eskatu izan dizkizuete zuen datu pertsonalak?
Zergatik eskatzen dizkigute datu pertsonal piloa Interneteko web-orrialdeetan izena eman nahi dugunean? zertarako erabiltzen dituzte datuak?
Baten bati lapurtu diote inoiz Messengerean, Tuentin edo beste web-orrialderen batean sartzeko pasahitza? Ezagutzen duzue inor? Horrelakoetan, zer gerta daiteke?