Reda eta Netoren abenturak: Datu pertsonalak zaintzen

Animazioak: Edabe magikoaren menpe

Gaia
Datu pertsonala zer den eta motak.
Argazkietan, bideoetan jasotako irudiek duten garrantzia.
Indar-ideia
Datu pertsonal piloa duzu, eta zure irudiak ere garrantzi handia du

Ariketak

Lineako jarduera gelarako

1. Pertsonaia ospetsu bat aukeratu eta ikusi ea bere bizitza pribatuari buruzko zein informazio aurki daitekeen sarean.
2. Ikusi ea pertsonaia ospetsu horren gertuko pertsonei buruzko (bikotea, familia eta abar) zein informazio dagoen eskura eta edonork topatzeko moduan.

Lineaz kanpoko jarduera gelarako

1. Ikasleak binaka jarriko dira. Ikasle bakoitzak bere bikoteari buruzko 3 datu idatziko ditu. Bitan idatziko ditu datuak, orri bat erdibitu eta erdi bietako bakoitzean. Orri erdi bat irakasleari emango diote eta beste erdia gorde, idatzitakoa ezkutatuz.
2. Zozketetan egiten den bezala, orri erdiak aterako dira bana-banan, datuak ozenki irakurriko dira eta denen artean saiatuko dira asmatzen ea gelako nori buruzkoak diren datuak. Horrela, ikusiko dute zein erraz identifika daitekeen pertsona bat zenbait daturen bitartez, testuinguru jakin batzuetan.

Lineako jarduera familian egiteko

Ikasleak eta familiako kide batek mezu edo dokumentu bat bidaliko diote irakasleari posta elektroniko baten bidez. Mezuan bi zerrenda jarriko dituzte: batean toki batera bertaratzen direnean (adibidez, gimnasio bateko matrikula-inprimaki bat egitean) bertatik bertara zein datu eskatu ohi dieten jarriko dute, eta, bestean, Interneteko konexioetan edo aplikazioetan eskatzen dizkietenak.
Pertsona nagusiak bidali beharko du mezu hori, baina bera nor den agerian uzten ez duen kontu batetik (ez du erabili behar laneko kontua edo bere izen-abizenak agerian uzten dituen bestelako konturik). Mezuaren amaieran ikaslearen izena jarriko dute.

Helarazi beharreko funtsezko ideiak

Datu pertsonalak dira testuinguru jakin batean nor garen identifikatzeko balio duten datuak.
Kontuan izan behar da datu zehatz bakar bat beharbada ez dela nahikoa, testuinguruaren arabera, pertsona bat identifikatzeko. Hala ere, sareko beste lekuren batean datu gehiago badaude eta haiekin lotzeko aukera badago, balio dezakete pertsona bat identifikatzeko. Halakoetan, gure pribatutasuna urratu egin daiteke hirugarren pertsonek guri buruzko informazio hori erabiltzen badute guk jakin gabe, guri txantxa bat egiteko, barre egiteko, zere do zer lortzeko, eta abar.
Datu guztiak garrantzitsuak badira ere, irudia da, hau da, gure argazkia da ondoen identifikatzen gaituena.

Gaiaren azalpena

Datu pertsonalak dira pertsona bat identifikatzea ahalbideratzen duten datuak: izena, abizenak, NANa, telefonoa, helbidea, posta elektronikoko helbidea, bai eta norberaren irudia ere. Eta askotan gertatzen da irudia izatea pertsona bat azkarrago identifikatzeko daturik aproposena.
Ezagutzen ez gaituzten pertsonek identifikatu egin gaitzakete Interneten guri buruz dagoen informazioaren bitartez.

Talde-eztabaidarako galderak

Zein datu mota ezagutzen duzu?
Messengereko helbidea datu pertsonala da?
Zergatik da irudia hain datu pertsonal garrantzitsua?